Azti zentro teknologikoak Bizkaiko golkoko antxoa-populazioa kalkulatzeko kanpaina berri bat hasi du.
14 ikertzailek osatutako talde bat maiatzaren 4an Pasaiako portutik (Gipuzkoa) atera da Ramón Margalef eta Emma Bardán ontzi ozeanografikoetan, antxoaren ugalketa-eremuan ibili eta antxoa-populazioa kalkulatzeko eguneko arrautza-ekoizpenaren metodoaren bidez. Ikerketa Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzak eta Europako Batzordeak finantzatu dute Arrantza Tokietako Laginketei buruzko Araudiaren barruan (datu-bilketarako Europako esparrua), eta Nekazaritza eta Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko Itsas Idazkaritza Nagusiaren laguntza jaso du, zeinak Emma Bardan ontzia utzi baitie.
Ikerketa Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzak eta Europako Batzordeak finantzatu dute
Aztiko hamaika ikertzailek, Ramón Margalef ontzian, plankton-laginak bilduko dituzte, eta antxoek errundako arrautzak aterako dituzte haietatik. Horren osagarri izan da Emma Bardan ontzian joango diren hiru ikertzaileen lana. Antxoa helduak hartuko dituzte, eta, gero, haien batez besteko ugalkortasuna kalkulatuko dute; hau da, eme bakoitzak ekoizten dituen arrautzen batezbestekoa. Planktonean aurkitutako arrautza-kopuruaren eta emeen batez besteko ugalkortasunaren arteko erlazioaren bidez, antxoa-biomasa kalkulatu ahal izango dute Aztiko adituek. Itsas baliabide hori Euskadiko eta Kantauri itsasoaren kostalde osoko arrantza-sektorearen ekonomiaren oinarrietakotzat jotzen da. Lortutako datuekin, eta nazioarteko beste erakunde batzuen ekarpenekin batera, antxoaren ustiapen-mailei buruzko txosten zientifikoak egingo dituzte, Europako Batzordeak kudeaketa-neurri egokiak ezar ditzan (kasu honetan, TACa: harrapaketa onargarrien totala) arrantza-jardueraren jasangarritasuna bermatzeko.
Aztik itsas baliabideren baten biomasarekin lotutako ikerketa bati ekiten dion bakoitzean, aztertutako arrainaren balio-katean parte hartzen duten eragile guztiei jakinarazten die martxan jarri dela; adibidez, Bioman kanpaina honetan. Horrelako azterketek nazioartean erreferentziazko posizioan kokatzen dute Azti merkataritza-balio handiko arrantza-espezien biomasaren kalkuluan.
2017ko Bioman kanpaina maiatzaren 26tik 30era bitartean amaitu da, eta ekainean jakinaraziko dituzte emaitzak. Berrikuntza bat du kanpaina honek; izan ere, itsasoko uraren ingurumen-DNA (eDNA, ingelesez) analizatuko dute lehenengo aldiz, Bizkaiko golkoan zetazeo handirik, dortokarik eta itsas hegaztirik badagoen edo ez aztertzeko. Gainera, ur-gainazalaren laginak hartuko dira, plastikorik badagoen edo ez aztertzeko.
Juvena kanpainaren osagarri
Bioman udaberriko kanpainaren osagarri, Juvena udazkeneko kanpaina egingo da. Azken horretan, Aztiko zientzialariek Bizkaiko golkoko uretan zenbat antxoa gazte dagoen kalkulatuko dute, jakiteko hurrengo urtean zenbat antxoa heldu izango diren. Hala, teknikariak gai izango dira aurreikusteko zer antxoa-kopuru izango den hurrengo urteko populazio helduaren parte eta arrantza-jarduera mantenduko duena.