Espezie elkartu sentikorrak, hala nola dortokak eta marrazoak, mailetan harrapatuta gelditzea saihesteko FAD baten diseinua eta erabilerari dagokionez
(FAD ingelesezko fish aggregating devices terminoaren sigla da; arrainak kontzentratzeko gailuak), lan egin da eragina minimizatzeko gailuen diseinu alternatibo bat identifikatzeko eta adosteko.
OPAGAC-AGACen eta ANABAC-OPTUCen flotak erabiltzen dituen FADak modelo berri ez-mailaratzailez pixkanaka ordezteko epea 2015aren amaieran bukatu zen. Beraz, gaur egun, FAD ez-mailaratzaileak besterik ezin da erabili. Horretarako, adostutako gutxieneko ezaugarri batzuk dituzten FADak erabili behar dira; dena dela, enpresek aukera dute helburu ez diren espezieen gaineko eragina eta itsas ingurunearen gaineko eragina are gehiago minimizatzen duten diseinu eta materialak garatu eta aplikatzeko.
Jardunbide egokien artean nabarmentzekoak dira, halaber, arrisku txikiagoa duten eta espezie elkartuen biziraupena optimizatzen duten askatze-tekniken garapena eta aplikazioa; haien artean sartzen da askatze-maniobretan laguntzeko berariazko material eta ekipamendua itsasontzian eduki beharra. Marrazoen kasuan, haien ustekabeko harrapaketen eragina murriztu daiteke maneiatze- eta askatze-protokolo egokiak aplikatuz gero. Itsas dortokei dagokienez, atunaren arrantzako lau eskualde-erakundeek itsas animalia horiei buruz emandako aholkuei jarraituz, eskifaiek saiatu behar dute modu guztietatik askatzen inguratze-sarea ixtean mailetan edo objektuetan harrapatuta gelditzen diren dortoka guztiak. Onartutako jardunbide horien ondorioz, itsas dortoken heriotza-tasa hutsaren hurrengoa da OPAGAC-AGAC eta ANABAC-OPTUCen inguraketa-flotan.
Objektuekin egindako botaldiek oso eragin txikia dute manta-arraietan eta arraietan. Dena dela, protokolo bat oso sinplea eta segurua ezarri da, halakoak agertuko balira askatu ahal izateko. Hau da prozedura: saiatzea animalia inguraketatik ateratzen, erabiliz, horretarako, harrapaketak itsasontzira igotzeko baliatzen den salabardoa, nahiz eta arrain batzuk galdu, edo, bestela, berariazko beste gailu edo ekipamenduren bat erabiliz, hala nola sehaska motakoak, kalteak minimizatzearren.
Marrazo erraldoi edo marrazo baleei dagokienez, atunaren arrantzako eskualde-erakunde gehienek hartu dituzten neurriek debekatu egiten dute espezie horiek nahita arrantzatzea. Hala ere, gerta liteke halako animaliak sareak inguratuta gelditzea ustekabean, askotan gainazaletik urrun igerian aritzen direnez ez baita erraza haiei antzematea botaldia baino lehen. Halako animaliak askatzeko maniobra zaila izan arren, eskifaiak ahal duen guztia egingo du animalia horiei kalte egitea saihesteko, eta zientzialariek garatutako eta programan adostutako protokoloari jarraituz askatuko ditu. Orain arte aztertutako emaitzek frogatzen dute ustekabean sareek inguratuta gelditzen diren marrazo baleen % 100 askatzen direla eta arazorik gabe jarraitzen dutela bizirik askatze-maniobraren ondoren.
FADak Kudeatzeko Sistema
OPAGAC-AGACek eta ANABAC-OPTUCek adostu dute administrazio eskudunek onartutako FADak kudeatzeko sistema betetzea; haren barnean sartzen da FADei elkartutako jarduerei buruzko gutxieneko informazioa jasotzea.
Sinatutako akordioak dio beharrezkoa eta nahitaezkoa dela itsasontzien jardueren behatzaileen % 100eko estaldura izatea, baita laguntza-itsasontzietan ere. Jardunbide egokiak betetzen direla egiaztatzeko mareetan jasotako informazioa trebakuntza espezifikoa jaso duten behatzaile zientifiko batzuek erregistratuta dago edo, azken aldian, baita monitorizazio elektronikoko sistema baliozkotu eta onartu batzuen bidez ere.
Akordioan jasotako puntuen artean, patroien, eskifaiaren eta behatzaile zientifikoen trebakuntza jarraitua dago. Itsasontzietako pertsonalak, hala arrantzaren profesionalek nola behatzaile zientifikoek, trebakuntza jarraitua eta xehea jasotzen dute onartutako jardunbide egokien kodean agertzen diren puntuei buruz, eta, bereziki, espezieak askatzeko eta maneiatzeko maniobrei buruz eta FADen eraikuntza eta erabilera egokiari buruz. Kodeak, halaber, behatzaile zientifikoak kalitate handiko datuak modu egokian jasotzeko trebatzea bultzatzen du, eta lagundu egiten du tokiko eta hirugarren herrialdeetako behatzaileen garapenean eta gaitasunean (adibidez, Boli Kostako, Seychelleetako, Madagaskarko edo Frantziaren lurralde australetako behatzaileak).
Jarduera guztiak AZTIk egiaztatzen ditu, programaren funtzionamendu zuzenaz arduratzen den erakunde zientifiko independentea den aldetik. AZTIk lanean dihardu datuak % 100eko estaldurarekin jasotzeko, behatzaileen erakundeek eskuratutako informazioa erregistratzen du, eta prozesatu egiten du itsasontzika eta mareaka aztertzeko. Emaitzekin, betetze-txostenak egiten dira sei hilean behin, eta aholku espezifikoa ematen da beharrezkoa denean. Halaber, emaitza horiek eztabaidatzeko oinarri gisa erabiltzen ditu Berrikuspen Batzordeak, zeina sei hilean behin biltzen baita agertzen diren gorabeherei irtenbidea emateko eta, beharrezkoa izanez gero, zuzentze-jarduera osagarriak proposatzeko. Flotak jardunbide egokien kodeko elementu guztiei buruz duen betetze-maila erabat gogobetegarria da.