Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordea den Bittor Orozek eman zion amaiera Arkauteko Nekazaritza Eskolan egin zen Euskadiko Nekazari-elikagai Kooperatiben Federazioaren urteko batzarrari.
Aukera hori baliatuz, legegintzaldi honetan zehar izango dituzten erronkak eta garatuko dituzten proiektu estrategikoak azaldu zituen Orozek. Izan ere, 8 konpromiso hartu dira nekazaritza eta elikadura sektoreari eta landa garapenari lotuta:
• Biztanleak mantentzeko azpiegitura eta zerbitzu egokiak jartzea nekazaritzako eta kostaldeko inguruneetan.
• Enpresen sorrera bultzatzea elikaduraren, basogintzaren eta arrantzaren sektorean, betiere bertako produktuari lehentasuna emanez.
• Lehen sektorea gaztetzea, etorkizuna bermatzeko.
• Bertako nekazaritzako elikagaiak eta basogintzako produktuak merkaturatu daitezen sustatzea.
• Lehen sektorea goitik behera berritzeko estrategia bat garatzea.
• Euskadiko zuraren sektorea egituratzea; sektorea integrala, lehiakorra eta teknologikoki aurreratua izan behar da, Europan erreferentzia moduan har dadin.
• Nekazaritza sektorearen lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetzea.
• Euskadiko lehen sektoreari balio handiagoa ematea eta sozializatzea.
Konpromiso horiek betetzeko asmoz, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak elikaduraren balio-kate osoa gara dadin bultzatuko du, lehen sektoretik gastronomiara. Kate osoa izango da ekonomiaren motorra, eta elementu bultzatzaile batzuk izango ditu: nekazaritzako elikaduraren garapena, ekintzailetza, berrikuntza eta nazioartekotzea.