Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordetzak presentzia nabarmena eduki du World Maritime Week jardunaldian, zeina martxoaren 27tik 31ra bitartean Bilbao Exhibition Centren egin baita.
Zehazki, arrantzaren gaineko bi jardunaldi egin dira: bat, “Atunontzi izoztaileak: atunontzien gobernantza egokirako eta INDNR arrantzaren kontra egiteko arrantza akordioak” (arrantza ilegala) eta, bestea, “Etorkizuneko arrantza – hainbat ikuspegi”. Arrantza eta Akuikulturako zuzendari Leandro Azkuek inauguratu ditu jardunaldi biak eta aditu internazional ospetsuak egon dira bertan.
Osalanekin elkarlanean, Arrantza Zuzendaritzak euskal flotan prebentzioa eta osasuna bultzatzen egiten ari dena erakutsi du
Itsas gaiei buruzko topaketa honetan, halaber, UTOFIA ikerketa proiektua (ur oso arreetan itsas azpiko irudiak hartzeko teknologia berria) eta EBArtesa proiektua (artisau arrantzarako ontziak zientzialariekin lankidetzan aritzeko proiektua) aurkeztu dira, Aztik itsas motorren hondar beroari etekina ateratzeko garatu duen ORC –Organic Rankine Cycle– SISTEMArekin batera.
Bai jardunaldiak bai aurkezpenak Eusko Jaurlaritzaren standean egin dira, izan ere, erakusketa gune horretan egon dira bai Arrantza Zuzendaritza bai Azpiegituren eta Garraioetakoa, biak Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailaren menpekoak baitira. Gune horretan erakusgai egon dira, halaber, arrantza sektoreko prebentzioari eta osasunari buruzko informazioa ematen duten hainbat elementu. Elementu horiek Osalanekin elkarlanean jarri dira.
Jardunaldi teknikoak
Atunontzi izoztaileentzako jardunaldia, “Atunontzien gobernantza egokirako eta INDNR arrantzaren kontra egiteko arrantza akordioak” gaiaren gainean: Arrantza eta Akuikultura zuzendari Leandro Azkuek eman dio hasiera jardunaldiari, bertan direla arrantza gaietan ospetsuak diren pertsonak, hala nola Izaskun Bilbao Barandika, eta Afrikako gobernuetako arrantza ordezkariak, besteak beste.
“Erorkizuneko arrantza – hainbat ikuspegi” izeneko jardunaldia eta mahai ingurua: asteartean egin da, martxoak 28. Bertan egon dira, beste aditu batzuen artean, Europako Batzordeko Mare Zuzendaritza Orokorreko hizlariak.
Proiektuen aurkezpenak
UTOFIA proiektua. kontzeptu berria, trinkoa eta errentagarria da, ur oso arreetan itsas azpiko irudiak hartzeko. Ohiko bideo sistemek gaur egun duten irudi tartea handitzen duten kamerak dira. Zehazki, haien ahalmena bikoiztu edo hirukoizten dute, eta beste modus operandi bat eskaintzen dute hainbat aplikazio eremutarako: Itsasoko bizitzaren monitorizazioa, kaien ikuskapena, itsas hondakinak detektatzea, arrantzalekuetako eta akuikulturako populazioen ebaluazioa eta itsas hondoen mapak egitea.
EBArtesa proiektua: proiektu honek bilatzen du artisau arrantzako ontziak zientzialariekin lankidetzan aritzea, arrantza datuen bilketan, artisau arrantzako euskal ontziak ekosisteman oinarrituta kudeatzeko lanetan aurrera egiten jarraitzeko. Horretarako, patroientzako interfaze intutitiboa duen tresna informatiko bat aurkeztuko da, datuak telematikoki sortu eta arrantza ontzitik AZTIra bidali ahal izateko. Helburuak dira itsasbazterreko arrantza antolatzea eta kudeatzea; itsasbazterreko arrantzaren erantzuna eta inpaktua kalibratzea; eta sektoreak gainerako arrantza erabileren eta bestelako erabileren aurrean duen posizionamendua aztertzea.
ORC SISTEMA – Organic Rankine Cycle. Sistema AZTIk eta beste bazkide batzuek garatu dute, eta bere helburua da itsas motor dieselen hondar beroari etekina ateratzea, energia sortzeko eta gasolioaren kontsumoa murrizteko. Sistema horrek ahalbidetuko du arrantza ontzien errentagarritasuna eta lehiakortasuna hobetzea, gasolioaren kontsumoa, eta, beraz, kostu operatiboak murriztea, bai eta berotegi efektuaren gas igorpenak murriztea ere.