EIñigo Urkullu lehendakariak eta Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak eman zioten amaiera aurten 25. urteurrena bete duen ENBA nekazarien batasunaren batzarrari.
Lehendakariak azpimarratu zuen lehen sektoreak Euskadiko ekonomian duen garrantzia, kontuan hartuta 16.000 pertsonatik gora ari direla lanean bertako 15.500 esplotazioetan eta azken urtean bilakaera positiboa izan duela, nekazaritza-errentak % 2,5 egin baitu gora.
Alde horretatik, Urkulluk ENBAren lana errekonozitu zuen, eta premia berrietara egokitzen jakin duela aitortu zuen. Sektoreak etorkizunera begira dituen erronkei dagokienez, besteak beste belaunaldien txanda bermatu behar duen aldetik, lehendakariak esan zuen Eusko Jaurlaritza prest dagoela laguntzeko lehiakortasuna sustatzea helburutzat hartuta.
Edizio honen goiburua 25 urteren ondoren, etorkizuna elikatzen izan zen, eta erakundeetako ordezkari ugarik hartu zuten parte bertan. Ekitaldian izan ziren, besteak beste, Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olano, Nekazaritzako sailburuorde Bittor Oroz, Gipuzkoako Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatu Ainhoa Aizpuru eta Urnietako alkate Mikel Pagola, Urnietan egin baita ekitaldia.
25. urteurren hau dela eta, ENBAk Valentziako Unibertsitate Politeknikoko Ekonomia Aplikatuko katedraduna den José María García Álvarez-Coque gonbidatu zuen nekazaritzak mundu aldakor batean betetzen duen eginkizunaz hitz egiteko.
ENBA Euskadiko nekazari profesionalen elkartea da, 1991n sortu zen elkarteko kideen interesak gizarte osoaren aurrean sustatu eta aldezteko. Bizkaian eta Gipuzkoan dago eratuta, eta Estatuko ASAJAko eta Europako COPA-COGECAko kide da.