Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Orozek hasiera eman zion “Nola sustatu bertako elikagaien iraunkortasuna?”
izeneko jardunaldiari. Jardunaldian, AZTIk eta NEIKERek Euskadiko bertako produktuen iraunkortasuna ebaluatzeko batera garatu duten sistema aurkeztu zuten. Proiektuak, zeina Eusko Jaurlaritzak bultzatu baitu, produktuak irizpide ekonomiko, sozial eta ingurumenekoetan oinarrituta kualitatiboki baloratzeko tresna bat izan nahi du, balorazio horrekin bertako produktuak sustatzen eta gehiago kontsumitzen laguntzeko.
Produktuak irizpide ekonomiko, sozial eta ingurumenekoetan oinarrituta kualitatiboki baloratzeko tresna bat izan nahi du
Bertan ekoizten diren produktu batzuek, esaterako, Arabako patatak edo tomateak, Nekazaritzaren sektorean; hegaluzeak, arrantzako produktuen artean; eta gaztak edo esneak, abeltzaintzako produktuen artean, ezin dute inportatutako produktuekin lehiatu, ekoizpen kostu elkartuak direla eta; halere, balio erantsi handia dute, batez ere iraunkortasun sozialari eta ingurumenekoari dagokienez. Erakunde eta ekimen askok indargune horiek azpimarratzera bideratzen dituzte beren ahalegin guztiak, baina ezin dute produktu horiek gizartearentzat eta ingurumenarentzat dituzten onura guztiak modu zehatzean eta neurgarrian balioetsi, onura horien aldeko argudioak biltzeko tresna egokirik ez baitute.
Ezarpena eskala errealean egitea errazteko, garrantzitsua da indarrak batzea eta, indarrak batuta, iraunkortasuna ebaluatzeko metodologiaren aplikaziorako estrategia errazak eta sektorearentzat gainkarga izango ez direnak garatzea, bertako ekoizle eta produktu eraldatzaile guztiek modua eduki dezaten beraien inpaktuak kuantifikatzeko, dituzten ahulguneak lokalizatuz beraien baliabideak optimizatzeko, beraien indarguneak identifikatzeko, eta egiazki eta argi eta garbi jakinarazteko kontsumitzaileei zer balio erantsi duen bertako produktuak.
AZTIren eta NEIKERen arteko lankidetzak irtenbide integral bat planteatzen du elikagaien balio kate osoaren iraunkortasuna ebaluatzeko beharrezkoak diren alderdi guztiak barruan hartuta. Era berean, konponbide horrek bultzatzen du balio katean inplikatutako agente guztiei iraunkortasun ekonomiko, sozial eta ingurumenekoari buruzko alderdien gaineko informazioa eta formazioa ematea. Onura hirukoitza eskaintzen du; alde batetik, onura enpresentzat, haien barruan hobetu daitezkeen alderdiak identifikatzen baititu; bestetik, onura administrazioarentzat, iraunkortasuna hobetzeko ildo estrategikoak ezartzen baititu; eta, azkenik, onura kontsumitzaileentzat, bertako produktuei balioa ematen baitie.
Inaugurazioan egindako hitzaldian, Oroz sailburuordeak azpimarratu zuen elikagaien euskal industriak 15.000 lanpostu inguru sortzen dituela, urtean gutxi gorabehera 4.400 milioi euroko salmentak dituela, eta 2015ean %5eko hazkundea izan duela.
Orozen balorazioaren arabera, proiektua “aukera bikaina da gaur egun bertako elikagaien ekoizpenean, eraldaketan eta kontsumoan bultzatzen ari diren ekimen asko indartu ahal izateko, Euskadiko elikagaien balio kate osoan berrikuntzak egitearen aldeko apustu garbia eginez”.
Bertako produktuak babestea inportatutakoen aurretik
AZTIko Prozesu Eraginkor eta Jansagarrien Arloko koordinatzaile Jaime Zufiak sektorearen egoera zehaztu zuen, zeinak Euskadin ekoitzi eta eraldatzen duen eta gaur egun merkatu gero eta globalizatuagoan lehiatzeko zailtasun ugari duen”. Horrela, berak azaldu du garatutako ebaluazio sistema erreminta bat dela, eta erreminta horrek euskal elikagaien onurak kuatitatiboki eta era harmonizatuan identifikatzen uzten duela, bai eta ingurumenean, gizartean edo ekonomian hobekuntzak egiteko aukerak zehazten ere, iraunkortasuna epe luzera ziurtatzeko.
NEIKER-Tecnaliako Landare Ekoizpeneko Departamentuko Olatz Unamunzaga eta AZTIko Prozesu Eraginkor eta Jasangarrien Arloko Saioa Ramos eta Susana Etxebarria ikertzaileek egin zuten bertako produktuen iraunkortasunaren ebaluazio sistemaren aurkezpena.
Jardunaldiaren bigarren zatian, Nagore Garciak, HAZIko Komunikazio Arlokoak, NIREA ekimena aurkeztu zuen, landa eta itsasertzeko ingurunearen garapen iraunkorra helburu duen ekimena, alegia. Bigarren zati horretan ere Idiazabal Gaztaren Jatorri Izendapen Babestuaren Kontseilu Arautzaileko Miriam Molinak hartu zuen parte, eta merkatuan sartzeko oztopoez eta egiaztagirien abantailez hitz egin zuen.
Saioari amaiera emateko, mahai inguru bat egin zen Alazne Uribarrik (HAZI), Miguel Angel Nafarratek (Eroski), Sergio Gonzalezk (Ortutik Ahora), Marijo Imazek (Ekoizpen-Orduña) eta Eduardo Urartek (SlowFood Álava) parte hartuta. Mahaian, aurkeztutako metodologiaren erabilgarritasuna kontrastatu da agente guztiekin eta hainbat gai landu dira, hala nola bertako produktuaren beraren definizioa edo egiaztapen edo identifikazio sistema estandarizaturik behar ote den Euskadin ekoizten diren elikagai guztietarako.