JUVENA 2016 kanpaina zientifikoak Bizkaiko golkoko uretan antxoa gaztearen biomasa 370.000 bat tonatan zenbatetsi du,
AZTik egindako azterketen arabera. Zentro teknologiko honetako ikertzaile batzuek Emma Bardán eta Ramón Margalef ontzi ozeanografikoetan —Arrantzako Idazkaritza Nagusiarena eta EOIrena, hurrenez hurren— irailean lortutako datuak izan ditu oinarri AZTIren azterketak. Zenbatespen hori 2003an hasitako denbora-serieko laugarren handiena da, eta erreklutamendu handia edo ertain-handia iragartzen du hurrengo urterako.
Zenbatespen hori 2003an hasitako denbora-serieko laugarren handiena da, eta erreklutamendu handia edo ertain-handia iragartzen du hurrengo urterako.
JUVENA 2016 kanpainaren helburua izan da antxoa gazteen ugaritasuna eta espazioan duten banaketa zehaztea, haien egoera aztertzea eta biziraupenari eragiten dioten ingurumen-faktoreak aztertzea, hori guztia hurrengo urtean helduarora iritsiko diren antxoen biomasa-kantitatea aurresateko xedearekin. Kanpaina garrantzitsua da; izan ere, kudeaketa jasangarri baten bidez soilik berma daitezke antxoaren biziraupena eta arrantza-mota horrek arrantza-sektorean nahiz kontserba- eta elikagai-industrian sortzen duen jarduera ekonomikoaren etorkizuna. 3.500 enplegu baino gehiago sortzen ditu.
Eusko Jaurlaritzak, Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak eta Espainiako Ozeanografia Institutuak (EOI) finantzatu dute kanpaina. Kanpainan lortutako datuak aztertuz, harrapa daitekeen antxoa-kopuruari lotutako arriskuen gaineko gomendioak egin dakizkieke arrantza-alorreko agintariei. Datuek hala gomendatuz gero, gainera, arrantza-tokia ireki edo ixteko esan dakieke eta, hurrengo denboraldirako, TACa gomendatu.
Ultrasoinuak 400 metrorainoko sakonerara igorriz lortutako oihartzunaren bidez, zenbatetsi da antxoa gazteen biomasa (370.000 bat tona) eta haren kokapena (gehiena plataforma kontinentaletik kanpo). Horrez gainera, ibilbidean zehar arrantzatuz, antxoa gazteen batez besteko neurria zehaztu ahal izan da (zazpi bat zentimetro). JUVENA 2016 kanpainaren zenbatespen honek erreklutamendu handia edo ertain-handia iragartzen du; beraz, egoera positiboa dugu 2017ko antxoaren arrantza-aldiari dagokionez.
Portaeraren eta ekologiaren azterketak
Antxoa gaztearen ugaritasuna ebaluatzeaz gain, AZTIren kanpainak itsas ekosistemaren datu orokorrak biltzen ditu, hari eragiten dioten prozesuak ulertzeko. Azken urteotan, AZTIko ikertzaileek batez ere Bizkaiko golkoko itsas harrapari handiek espazioan duten banaketa ebaluatu dute. Horretarako, itsas hegaztien eta ugaztunen banaketa eta ugaritasuna aztertu dute, uneko espezieei buruzko informazioa bilduz: ibilbidean ikusitako banakoen kopurua eta portaera.
Itsas ugaztunei dagokienez, hamar espezie ikusi dituzte. Haietan ugariena izurde arrunta da, gero zere arrunta, eta, azkenik, izurde marraduna.
Itsas hegaztiei dagokienez, haien banaketa eta ugaritasuna aztertu da. 31 espezie ikusi dituzte. Aipatzekoak dira zanga, gabai handia, kaio hankahoria eta kaio iluna.