Duela gutxi, Neiker-Tecnalia, Nekazaritza, Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea Alerta Biologikoko Laborategien Sarean sartu da (RE-LAB)
, zeina Gobernu Zentraleko Lehendakaritzak bultzatutako sarea baita.
Zientzia eta Berrikuntzako Ministerioaren menpe dagoen Carlos III Osasun Institutuak koordinatzen du sarea, eta berari esker Krisi Egoerak Gidatzeko Sistema Nazionalak agente biologiko arriskutsuen mehatxuei aurre egiten lagunduko dion oinarrizko azpiegitura zientifikoa eta teknikoa eduki dezake.
RE-LAB sarean hamahiru laborategi daude
Azkeneko kide berriak kontuan hartuta, RE-LAB sarean hamahiru laborategi daude. Laborategiak arriskutsutzat jotako hainbat eremutan espezializatuta daude (gizakien eta animalien osasuna, landareen osasuna, ingurumena eta elikagaien osasuna) eta elkar osagarriak dira, beraien datu baseak interkonexioan baitaude eta jardute protokolo egokiak baitituzte.
NEIKER sare honetan sartzeak esan nahi du bere teknikariek egiten duten lana eta bere instalazioen eta ekipamenduen kalitatea onartzen direla. Animalien Osasunaren Departamentua zein Landareen Osasunarena, eta bereziki haien mikrobologia arloa, elkarlan estuan arituko dira Sareko kideekin agente biologikoen mehatxu posibleei erantzuteko.
RE-LABek mekanismo arina eta eraginkorra ezarri du agente biologikoek eragin ditzaketen alerten eta mehatxuen kudeaketaz arduratzen diren agintariekin komunikazioan egoteko. Alertan esku hartzen duten alde guztien artean ezarritako lankidetzak osasun publikorako mehatxua den edozein gertaerari azkar eta eraginkortasunez erantzuten uzten du, bai eta ahalik eta denbora gutxien hiritarren segurtasunean eragina eduki dezaketen alarma faltsuak desaktibatzen ere.