Euromontana Mendialdeen Europako Sareak berretsi duenez, Juanan Gutierrez izango da Sareko lehendakaria.
Juanan Gutoerrez Eusko Jaurlaritzaren ordezkaria da eta azken lau urteetan ere berak eduki du kargu hori. Portugalgo Bragança herrian duela gutxi egin den X. Mendialdeen Europako Kongresuaren baitan berritu da kargua, non mendialdeko guneak klima aldaketara nola egokitu aztertu den.
Gaur egun, Juanan Gutierrez exekutibo autonomoaren menpeko HAZI Fundazioko Kanpoko Proiekzioko zuzendaria da
Gaur egun, Juanan Gutierrez exekutibo autonomoaren menpeko HAZI Fundazioko Kanpoko Proiekzioko zuzendaria da, eta mendialdeko landa guneen lankidetzarekin eta garapenarekin zerikusia duten karguetan garatu du bere lan profesionalaren zati handi bat. Hogei urteko ibilbidea eginda, Euromontana da, hain zuzen, lan horietan diharduen Europako elkarte multisektoriala, eta gaur egun Elkarteak 70 bat bazkide ditu, Europako 20 herrialdetan.
Aurtengo urriaren hasieran egin zituen Euromontanak bere Batzar Nagusia eta ondorengo Batzorde Zuzendaria, X. Mendialdeen Europako Kongresua Bragançan egiten ari zen une berean, non klima aldaketaren ondorioak nola moteldu eta mendialdeko guneak klima aldaketa horretara nola egokitu aztertu baitzen. Batzar Nagusian Batzorde Zuzendari berria aukeratu zen, Europako mendialdeetan bizi kalitatea hobetzeko lanean diharduten hainbat erakundetatik hautatutako 20 ordezkarirekin. Kroazia, Eskozia, Frantzia, Italia, Norvegia, Mazedonia, Errumania, Eslovenia, Suitza, Espainia eta Portugal dira kide horien jatorria. Ondoren, Batzorde Zuzendari berriak lehendakari kargua berritu zuen beste lau urte gehiagorako. Juanan Gutierrez aukeratu zuten berriro kargurako, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzan.
Klima aldaketa. Ekarpen positiboa mendialdetik
260 pertsona inguruk parte hartu zuren Bragançako Kongresuan, tartean ikertzaileak, nekazariak, ingurumeneko adituak, udal eta eskualdeetako ordezkari politikoak, merkataritza ganberetako ordezkariak eta garapen agentzietakoak zirela.
Kongresuan mendialdeko guneek klima aldaketa dela-eta bizi duten egoera aurkeztu zen, eta klima aldaketa hori moteltzen eta aldaketara egokitzen utziko duten irtenbideak bilatzerakoan esperientzia eta ezagutza teknikoak nola erabili daitezkeen azaldu zen. Ikuspegia ez zen irtenbideak ematea soilik maila politikoan, baizik eta maila praktikoan ere bai.
Bi egunetan praktika onak trukatzen eta eztabaidatzen gogor aritu ondoren, Euromontanako ordezkariek Deklarazio bat onartu zuten, gai honetan edukiko duten zeregina adieraziz eta beranduegi izan baino lehen gai honi heltzeko egin behar dena jasoz.
Gomendio transbertsalak eta konpromisoak
Gomendioak definitu zituzten maila transbertsalean, bai eta hainbat eremutan garatu beharreko ekintza zehatzak ere, hala hola hauetan: nekazaritza eta basogintza, energia iraunkorrak eta ura, biodibertsitatea eta eremu babestuak, turismo iraunkorra, irisgarritasuna garraioaren eta IKTen bidez, eta arrisku naturalen kudeaketa berritzailea.
Euromontanak konpromisoa hartu zuen, baita ere, bere jardueren bitartez ekonomia garbia, lehiakorra, erresilientea eta karbono gutxikoa garatzen laguntzeko Europan bizirik dauden mendialdeko guneetan. Hala, klima aldaketara egokitzeko dauden aukerak barreiatzen lagunduko du, praktika onekin eta gai honen gaineko proiektu europarrekin batera. Horrez gain, mendialdeetan klima aldaketara egokitzeko aldaketekin lotura duten gaien gainean hitz egin eta aholkatzen utziko duen plataforma bat garatuko du, toki mailan sareko kideek egiten dituzten ahaleginak indartzeko.
Bukatzeko, Euromontanak agindu zuen, baita ere, 2015ean Parisko Akordioan klima aldaketaren gainean ezarritakoa betetzeko hartuko diren neurri estataletan mendiaren dimentsioa hobeto integratzen lagunduko duten proposamenak egingo dituela, eta klima aldaketaren aurka borrokatzeko ohikoak diren praktikak erabiltzen hasiko dela, tokiko produktuen kontsumoarekin, mugikortasun egokituaren erabilerarekin eta birziklapenarekin lotira duten praktika on eredugarrien bitartez.