Garlan Kooperatiba Eusko Label produktu berri baten aurkezpenaren lekuko izan zen: Arabako Babarrun Arrozina.
Bertan izan ziren, besteak beste; Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordea; José Luis Fresno, Garlaneko zuzendaria eta HAZIko Patronatoko kidea; Pedro Fernandez de la Peña, Garlaneko presidentea eta ekoizlea; eta Asier Arrese, HAZIko Zuzendari Nagusia.
Produktu batek Eusko Label ezaugarria lortzeko prozesua neketsua da. Aurretiaz egin beharreko zeregin batzuk daude, hala nola ekoizpen eta eraldaketa sektorearen azterketak, merkaturatze kanalenak eta merkatuarenak, baita produktuaren izaera berari buruzkoak ere. Azterketa horietatik abiatuta, bere ezaugarri guztiak erregelamendu batean zehatz-mehatz definitzen dira, baita ekoizteko, merkaturatzeko, ontziratzeko eta etiketatzeko modua eta kontrol sistema ere.
Produktu batek Eusko Label ezaugarria lortzeko prozesua neketsua da
HAZI Landa eta Itsasertz Garapenerako Eusko Jaurlaritzako Fundazioak baldintza eta prozesu jakin batzuk ezartzen ditu produktu batek Eusko Label kalitatearen bereizgarria lortzeko. Helburu nagusiak hauek dira: kontsumitzaileari kalitate maila jakin bat ziurtatzea, jatorria eta benetakotasuna identifikatzea, ekoizleen lana babestea eta kalitatearen kultura sustatzea, horretarako etengabeko hobekuntza sistemak aplikatuz.
Oinarrizko baldintzen artean hauek nabarmentzen dira: Euskadikoak izatea, goi mailako kalitatekoak, gutxieneko bolumena izatea, kolektibo bati mesede egitea eta kontrol sistema bat edukitzea, aipatutako ezaugarri horiek bermatu ahal izateko.
Eusko Labeldun Arabako babarrun Arrozina
Araba lurraldeko klimatologia berezia oso egokia da lekaleak landatzeko, bereziki Arabako Babarrun Arrozina dagokionez. Produktua teknikarik onenekin lantzen da, Ingurumena ahalik eta gehien errespetatuz eta oso kontrol zorrotzak jarraituz, eta bere ezaugarria kalitate handia da. Arabako Babarrun Arrozina alea txikia da, arrautza forma du, kolorea zuri krema da, fina, azal gutxikoa, erraz prestatzen da eta oso digestiboa da, fekula gutxi duelako. Lekalea aberatsa da proteinatan, karbono hidratotan, mineraletan eta B bitaminan.
Eusko Labela duen produktu berriaren landarea baxua da, eta aire libreko laboreak 100-110 egun behar ditu ereiten denetik. Aleak forma obala du, luzera 0,4 eta 1 cm artekoa da, eta pisua 30-40 gr (100 haziko).
Zaporeagatik dira ezagunak, modu tradizionalean ekoizten dira eta zorrotz hautatzen dira kolorearen eta neurriaren arabera, kontsumitzaileari oso produktu homogeneoa eskaini ahal izateko. Aletuta komertzializatu daiteke, baina inoiz ez soltean. 1 kg eta ½ kg-ko enbaseetan saltzen da, eta kontrolerako etiketa bat darama zenbakituta, Eusko Labelaren sinboloarekin, kontsumitzaileari jatorriaren eta kalitatearen ezaugarriak ziurtatzeko.
2016ko kanpainan 16 ekoizle daude inskribatuta, 41,63 ha landuta. Guztira 61.168 kg Arabako Babarrun Arrozina jaso dira, eta aurreikusten da horietatik guztietatik 45.876 kg ziurtatu ahal izango direla Arabako Babarrun Arrozina Eusko Labeldun moduan.
Bereiztearen garrantzia
“Gero eta behar handiagoa dago Euskadiko nekazaritzako eta arrantzako elikagaien bereizgarriak lantzen jarraitzeko, kalitateari buruzko bereizgarri publiko eta ofizialekin. Merkatuko ekonomiaren ingurunea gero eta globalizatuago dago; ingurune lehiakor irekia daukagu, eta bertako eta kanpoko nekazaritzako elikagaiek lehian dihardute merkatua bereganatzeko” adierazi zuen Oroz sailburuordeak aurkezpenean. Eszenatoki horretan, Eusko Labela jatorriaren eta kalitatearen bermea da kontsumitzailearentzat, eta, aldi berean, ekoizleentzat beren lanaren balioa agerian jartzeko tresna izan behar du, era berean merkatuan lehiakortasun handiagoa eskaintzeko.
Euskadin produktuak kalitatearen arabera bereizteko tresnak dira Jatorri Izendapena (Araba, Bizkai eta Getariako Txakolinak, Arabako Errioxako Ardoa eta Idiazabal Gazta), Eusko Label bereizgarria, Ekoizpen Ekologikoa eta kalitatearen beste marka batzuk. “Apustu horrek arrakasta ekarri die zigilu horien babesean egindako ekoizpenei, eta konbentziturik gaude horixe dela jarraitu beharreko bidea. Betiere ingurumena errespetatuko duten produkzio ereduak erabiliz, landa inguruneetako natur eta kultur ondarea zainduko dela bermatuz, eta kontsumitzaileari produktu osasungarriak eta kalitatezkoak eskainiz” gehitu zuen Orozek.