Zaila da gastronomiaren esparruan ardoa eta pintxoa baino hobeto ezkontzen den bikoterik irudikatzea.
Pintxoaren historia estu-estu lotuta dago gure herriaren historiari, eta, gainera, daukagun kontzeptu gastronomikorik esportagarriena da, Ferrán Adriàren hitzetan.
Parte-hartzaileak 18 urtetik gorakoak izan behar dira eta gastronomia-ikasketetako azken kurtsoan matrikulatuta egon behar dira
Horiek horrela, Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatuak, Basque Culinary Centerrekin lankidetzan, ‘Rioja Wine & Tapas’ lehiaketa plazaratu du: Errioxako ardoarekin uztartzen diren pintxoen nazioarteko lehiaketa, hamabost herrialdetako gastronomia-eskola edo -unibertsitateetako azken kurtsoko ikasleei zuzendua. Parte-hartzaileak 18 urtetik gorakoak izan behar dira eta gastronomia-ikasketetako azken kurtsoan matrikulatuta egon behar dira honako herrialde hauetako eskola edo unibertsitateren batean: Mexiko, Brasil, AEB, Alemania, Erresuma Batua, Irlanda, Suedia, Danimarka, Herbehereak, Suitza, Espainia, Errusia, Txina, Japonia eta Taiwan. Irabazleak 4.000 euro jasoko ditu eta profesionalentzako astebeteko ikastaro trinkoa egingo du Basque Culinary Centerren.
Lehiaketa 2016ko irailaren 1ean jarri da abian, eta proposamenak aurkezteko epea urriaren 14an amaituko da. Parte-hartzaileek lehiaketaren web-orriko formularioa (http://riojawine.com/tapascompetition/es/) bete behar dute euren proposamen gastronomikoa bidaltzeko, eta honako hauek eskatuko zaizkie: errezeta idatzia, errezeta horrekin prestatu duten jakiaren irudia, euren pintxoari laguntzeko hautatu duten Errioxako ardoa, eta ardo hori hautatu izanaren arrazoien azalpen laburra. Parte-hartzaile bakoitzak nahi duen ardo mota eta marka hautatu ahal izango du bere pintxoari laguntzeko, betiere Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatukoa.
Lehiaketako final handia Espainian jokatuko da 2016ko azaroaren 17an. Herrialde banatako lau ikaslek parte hartuko dute, bai eta Basque Culinary Centerreko ikasle finalista batek ere, ikastegi hori delako aurtengo lehiaketako gonbidatzailea. Finalistek 25 pertsonarentzat prestatuko dute euren proposamen gastronomikoa, eta adituek osatutako epaimahaiak aukeratuko du irabazlea. Espainiarako hiru eguneko bidaia baten barruan sartuko da finala. Bidaia horretan finalistek mundu osoko ardo-eskualde nagusietako bat ezagutuko dute, Errioxa, bai eta Donostia ere, munduan metro karratuko Michelin izar gehien dituen hirietako bat.