Bilboko Erriberako Merkatuan ‘Areatzako Burruntzalia’ izeneko sari gastronomikoa emateko ekitaldia egin zen.
Hirugarren edizio honetan Eusko Label markak jaso zuen saria. Bilboko Konpartsek eta Makilaren Kofradiak Euskal Autonomia Erkidegoko kalitate-ezaugarria saritu dute “mende laurden baino gehiago egin duelako lanean gure mahaietara produkturik onenak ekartzen, tokian tokikoaren, hurbilekoaren eta kalitatearen alde apustu egiten”.
Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuorde Bittor Orozek hartu du saria, “sektore osoaren izenean”. Orozek adierazi zuenez, “sari honen bidez hiriko munduak aintzakotzat hartzen du gure lehen sektorearen eta gure landa eta itsas ingurunearen lana. Urrats bat da, euskal eredu ekonomiko, sozial eta kulturala hobetzeko elkarlanean jardun behar duten bi munduren arteko loturak egiteko”.
Filosofia hori bat dator Nirea programaren balioekin. Ekimen publiko-pribatu horren xedea da lehen sektoreak EAEren garapenerako duen garrantziaz sentsibilizatzea eta garrantzi horren balioa nabarmentzea. Bilboko Konpartsak eta Makilaren Kofradia, beste elkarte eta entitate batzuekin batera, dagoeneko Nirea akordioari atxiki zaizkio eraikuntza partekatu horretan lan egiteko.