Maria Fernanda Di Giacobbe izendatu dute Basque Culinary World Prize sariaren irabazle. Basque Culinary Centerrek eta Eusko Jaurlaritzak sustatutako sari horrek ekimen eraldatzaileak bultzatzen dituzten chefak aitortzen ditu, Euskadi Basque Country estrategiaren esparruan.
Di Giacobbe Venezuelako txokolatearen sustatzaile ospetsua izanik, Kakao eta Cacao de Origen bezalako proiektuengatik aukeratu dute saridun
Mariaren lanak era nabarmenean jartzen du agerian gastronomiak izan duen bilakaera, chef belaunaldi batek bere lanbidearen dimentsioa biderkatu eta, sukaldaritzaz harago, gizartea garatzen laguntzeko aukera zuela ulertu ondoren.
Di Giacobbe Venezuelako txokolatearen sustatzaile ospetsua izanik, Kakao eta Cacao de Origen bezalako proiektuengatik aukeratu dute saridun. Proiektu horien bidez, hezkuntza, trebakuntza, ekintzailetza, ikerkuntza eta garapena sustatzen dituen sarea sortu du kakao kreolea ekoizten duten komunitateetan, horixe baita haien nortasunaren, kulturaren eta aberastasun ekonomikoaren iturria. Venezuelako egoera politikoa zaila bada ere, egoera ekonomiko ahulean dauden emakumeei aukerak eskaintzen saiatzen da; hala, emakume horiek trebatu eta txokolatearen mikroenpresari bihurtzen ditu.
Horrenbestez, 100.000 € jasoko ditu, berak aukeratzen duen proiektu bati emateko, kontuan hartuta proiektu horrek sukaldaritzaren botere eraldatzailea adierazi behar duela
Basque Culinary World Prize saria 2016ko otsailean jarri zen abian, gastronomia indar eraldatzailea bihur daitekeela frogatzen dituzten adibideak aitortu eta bikaintasun-bokazioa duten ekintzaileen lana azpimarratzeko helburuarekin: jende berritzaile eta sortzailea, ekinekoa, joera nagusiez at ibiltzen eta arriskuak hartzen ere badakiena; baina, batez ere, gizartearekin konprometitutako pertsonak. Izan ere, aitzindariek jorratutako bidea ospatzeko ere sortu zen: besteak beste, Alice Waters eta Dan Barber Estatu Batuetan, Claus Mayer eta René Redzepi Danimarkan, Jamie Oliver eta Heston Blumenthal Erresuma Batuan, Gastón Acurio Perun eta Massimo Bottura Italian.
Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuorde Bittor Orozek esan duenez, “Euskadiko gastronomiaren ezaugarriek argi erakusten dute munduan zer izan nahi dugun eta Euskadi Basque Country gisa zer proiektatu nahi dugun. Hain zuzen ere, nortasuna, berrikuntza, ekintzailetza, tradizioa, egiten jakitea eta, nola ez, kalitateko produktuak bereizgarri dituen herrialdea”.
• www.basqueculinaryworldprize.com