Aisialdiko Arrantza Arduratsuaren II. Jardunaldietan, aisialdiko arrantzaren zaleak lehian arituko dira ahalik atun ale gehien markatzea lortzeko.
Lehiaketa Donostia-San Sebastian, Hondarribia, Pasaia, Orio, Zumaia eta Mutrikuko portuetan egingo da, eta, printzipioz, irailean zehar.
Jardunaldietan balioetsi egingo da aisialdiko arrantzaren sektoreak arrantza espezien iraunkortasunaren alde egiten duen ahalegina, aisialdiko arrantzaren gainean Eusko Jaurlaritzak duen plan estrategikoarekin bat etorrita.
90 arrantzale inguruk ikastaro bat jaso dute AZTIren eskutik
Aisialdiko Arrantza Arduratsuaren II. Jardunaldiek aisialdiko arrantzaren zaleen eta arrantza ikerketaren arteko harremanak sendotzen laguntzen dute. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Sailak (Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordetza) babesten du ekimena, AZTIren eta Euskadiko kirol portuen laguntzarekin eta DENOK erakundearen sustapenarekin, Donostia-San Sebastian, Hondarribia, Pasaia, Orio, Zumaia eta Mutrikuko klub nautikoak bertako kide baitira.
Leandro Azkue, Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak adierazi du “ zientzia eta arrantza elkartu dira aktibitate berri bat sortuz eta era honetan kudeaketarako neurri berriak garatzen dira, Euskadiko Aisialdiko Arrantzaren onurarako”.
Prestakuntza Ikastaroa
90 arrantzale inguruk ikastaro bat jaso dute AZTIren eskutik, arrain biziak harrapatu, markatu eta ondoren harrapatutako aleak bideragarritasun edo biziraupeneko baldintzetan itsasoan askatzen ikasteko.
Markaketa berez da tunidoen edo beste espezie batzuen aleak banan-banan harrapatu, eta hainbat neurketa egitea, hala nola arrainaren beraren neurria eta pisua, uraren tenperatura eta markaketaren beraren data eta posizioa.
Arraina marka batez identifikatu eta gero, itsasora botatzen da berriro. Ondoren, arraina berriz harrapatzen bada, arrainaren datu biologikoak (neurria, pisua eta sexua) eta ingurunearen datuak (tenperatura eta posizioa) eta bigarren harrapaketarenak (data eta posizioa) jasoko dira berriro.
Lehenengo harrapaketaren eta bigarrenaren gaineko informazioak alderatuta, zientzialariek hainbat datu ateratzen dituzten eta datu horiekin espezie horien alderdi biologikoak kalkulatu ditzakete, esaterako, populazioaren tamaina, hilkortasun tasak, banaketa geografikoa, migrazioak eta migrazio, hazkunde eta portaera tasak. Lortutako datuekin hobeto ezagutu daiteke zein den atun gorrien stockaren egitura eta, beraz, stock hori hobeto kudeatzen laguntzen da.
Markaketa jarduera horiek bereziki garrantzitsuak dira AZTIrentzat, Bizkaiko Golkoaren barruko daturik ez baitago. Azken urteetan, neurri batean lankidetza horri esker, jakin ahal izan da zer alek igarotzen duten uda gure uretan eta zer alek abiatzen diren udazken-neguan Ipar Amerikako kostara.
Markaketa elektronikoarekin, halaber, ikusi ahal izan da nola migratzaile horietako batzuk ur berberetara bueltatzen diren urte desberdinetan, baina beste uda batzuetan, berriz, Mediterraneora joaten diren, Bizkaiko Golkora bueltatu beharrean.
Aisialdiko markaketak izan duen arrakastaren adibide bat aipatzearren, 2013ko udazkenean Venezuelako arrantzale batzuek hegaluze bat harrapatu zuten eta hegaluze hori 2006an markatu zuten Gipuzkoako kostaren parean, kirol izaerako lehiaketa batean. Arrainak lerro zuzenean distantziarik handiena egitea lortu zuen, Atlantikoko Atunaren Kontserbaziorako Nazioarteko Batzordearen erregistroen arabera, izan ere, 6.370 kilometro egin zituen itsasora askatu zuten lekutik berriz harrapatua izan zen lekura bitartean.
AZTIren eta arrantza sektorearen arteko lankidetza 2001ean hasi zen, Kopa Euskadi lehiaketaren barruan pare bat itsasontzi arrainak markatzen eta itsasoan askatzen hasi zirenean, Europan horretan aitzindari izanda. Hamabost urte hauetan, hil gabeko arrantza lehiaketaz aparte ere beste ekimen batzuk egin dira. Hegaluzearen elikaduraren gaineko azterketetan elkarrekin egin da lan, marka elektronikoak jarri dira eta zientziaren dibulgaziorako ekintza ugari egin dira.