Aurten ere, beste behin, Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordeak, Hazi Fundazioarekin lankidetzan, Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroetan parte hartu zuen.
Oraingo honetan, bi ikastaro antolatu ziren: bata lehen sektorean ekintzaile izan nahi duten pertsonei zuzendua, eta bestea mahastizaintza eta ardogintza sektoreko profesionalei zuzendua.
Gure ardoen etorkizuna bermatzeko, ezinbestekoa da desberdintze eta nazioartekotze estrategiei eustea eta horietan sakontzea.
Nola biziraun eta eboluzionatu Euskadiko mahastizaintza eta ardogintza sektoreari planteatzen zaizkion erronka berrien aurrean? Galdera horri erantzuna emateko, “Mahastizaintza eta Ardogintzaren Erronkak: Biziraupena eta Eboluzioa” ikastaroa burutu zen Guardian. Sektoreko 100 bat profesional bildu zituen ekimenean, Europako araudi berrien aurrean bideragarritasun handieneko joerak aztertu ziren, gero eta gehiago bereizle izan nahi duen merkatuaren testuinguruan. Testuinguru horretan, Bittor Oroz sailburuordeak inaugurazio ekitaldian adierazi zuenez, “gure ardoen etorkizuna bermatzeko, ezinbestekoa da desberdintze eta nazioartekotze estrategiei eustea eta horietan sakontzea”.
Europan egingo den mahastien liberalizazioaren ondorioz, eta negozio-ereduen artean gero eta espazio handiagoa dagoenez, lehentasunezkoa da balio erantsia sortzearen aldeko apustua egitea mahastizaintza eta ardogintza arloan izaera berezia eta historia nabarmena duten guneetan. Horrela, gune horietako ardo berezien tipikotasuna eta kalitatea babestu ahal izango dira, sektore sendo eta erakargarria eraikitze aldera.
Hori dela eta, ikastaroan Arabar Errioxako ardoaren egungo egoeraz eztabaidatu ziren; eskualde horretan, baldintza naturalen eta mahastien berezitasunak nortasun eta izaera berezia ematen baitie ardoei. Sor litezkeen merkatu-egoera berriei egokitzeko aukerak ere aztertu ziren, eskualde bizia izan dadin eta nazioarte mailan mahastizaintza eta ardogintza sektorearen erreferente izan dadin.
Sektorea zaharberritzea
Ekintzaileei zuzendutako ikastaro honen helburu nagusia izan zen lehenengo sektorea herritarrengana hurbiltzea eta sektore estrategiko gisa duen garrantzia nabarmentzea, kalitatezko produktuen sortzaile eta lurraldeko kudeatzaile den heinean. Gainera, euskal nekazaritza sektorearen egungo egoeraz ere aritu ziren bertaratutakoak; hala, planteatzen zaizkion erronka eta aukerak aztertu zituzten eta etorkizunean sortu litezkeen beharrizanei erantzuna emateko balizko neurriak jorratu zituzten. Ikastaroaren hartzaile izan ziren lehenengo sektorean hasi nahi duten pertsonak, EAEko lehen sektoreko elkarte eta sindikatu profesionaletako zuzendari eta teknikariak, kudeaketa zentroetako teknikariak eta Landa Garapenerako Elkarteak.