Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak gutxieneko baldintzak arautuko ditu EAEko nekazaritzako elikagaien higiene- eta osasun-betekizunak Europar Batasunak ezarritako araudiari egokitzeko.
Horrenbestez, autonomia-erkidegoen artean EAE izango da lehena sektoreari arau bat eskaintzen Europar Batasunaren eskakizunak ustiategien ezaugarri bereziei egokitzea ahalbidetzen duena, une oro nekazaritzako elikagaien segurtasuna bermatuz.
Oraingoz, arrautzen eta esne-produkzioaren azpisektoreei dagozkienak garatu dira.
Eusko Jaurlaritzaren helburua da honako hauen eskariei erantzutea: lehen sektoreko ekoizleak eta ekoizpen-bolumen txikiekin elikagai seguruak eta kalitatezkoak ekoitzi nahi dituzten pertsonak, familiako enpresa-egitura eta EAE barruko merkaturatze-eremua dutenak, toki-eremuko edo hurbileko salmentaren, zuzeneko salmentaren edo merkaturatze-zirkuitu laburraren modalitatean.
Araudi hori onartzea Eusko Jaurlaritzaren lehentasunetakoa izan da legegintzaldi honetarako, sektoreak planteatutako zailtasunak konpondu beharra baitzegoen, egoerari modu integral, parte-hartzaile eta eraginkorrean helduta. Proiektu hori, besteak beste, helburutzat ezarri zen Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak lehen sektorearentzat egindako Jarduketa Planean, eta legegintzaldi honetan EAEko nekazaritzako elikagaien balio-katearen garapenean aurrera egiteko abian jarri diren tresna nagusietako bat da.
Egokitze hori zehatz-mehatz jasoko da produktu bakoitzaren edo produktu multzo bakoitzaren arau teknikoetan. Oraingoz, arrautzen eta esne-produkzioaren azpisektoreei dagozkienak garatu dira.
Aplikazio-eremua
Onartutako dekretua aplikagarri izango dute nekazaritzako elikagaien arloko enpresa txikiek, prozesatutako produktuen bolumen mugatua duten horiek. Kasuan kasuko jarraibide teknikoan finkatuko da bolumen hori. Ekoizpen motak, berriz, bai lehen sektorekoa eta bai elikagaiak prozesatzekoa izango dira, eta merkaturatzea Euskal Autonomia Erkidegora mugatu behar da, toki-eremuko edo hurbileko salmenta-modalitatean (zuzeneko salmenta edo zirkuitu laburra). Nekazaritzako elikagaien enpresei lehen sektoreko ekoizpenerako oinarrizko baimen eta erregistroak aplikatuko zaizkie (Abeltzaintzako Ustiategien Erregistro Orokorra eta Nekazaritzako Ekoizpenaren Erregistro Orokorra), bai eta Elikagai Establezimenduen EAEko Erregistro Orokorra ere.
Jarraibide teknikoak
EAEko dekretu horrek sektoreari lege-esparru egonkor eta integrala ematen dio, halako moldez non oinarriak ezartzen baitira higiene- eta osasun-betekizunak egokitzeko eta aintzat hartzen baitira egokitu daitezkeen nekazaritzako elikagaien ekoizpen guztiak. Produktuak zirkuitu laburretan merkaturatzen dituzten eta enpresa-egitura handirik ez duten ekoizle txikien beharrizanei erantzuten die.
Ekoizpen bakoitzaren tamaina eta bolumena kasuan kasuko jarraibide teknikoan finkatuko dira:
Esnea eta esnekiak
• Bolumena: urtean gehienez 100.000 litro behi-esne prozesatu, edo urtean 30.000 litro ardi-esne edo 40.000 litro ahuntz-esne prozesatu.
• Esne higienizatuarekin egiten diren produktuak: esne pasteurizatua; esne hartzitua: jogurtak, gatzatuak, kefirra; gazta freskoak eta erdionduak; gurinak; esne-gainak; gaztanbera; izozkiak eta beste batzuk.
• Esne gordinarekin egiten diren produktuak:
o Gutxienez 60 egunez ondutako gaztak.
• Malgutu egin dira instalazioei, autokontrolerako sistemari eta analisiei buruzko betekizunak.
Arrautzak eta deribatuak
• Tamaina: 50 – 350 oilo errule bitarteko ustiategiak.
• Malgutu egin dira instalazioei, autokontrolerako sistemari eta analisiei buruzko betekizunak.
Egin beharreko hurrengo jarraibide teknikoak landare-kontserbenak, ogiarenak eta deribatuenak izango dira. Horrela apurka-apurka erantzuna emango zaie egungo eskariei eta ehun sendo eta egonkorra ezarriko da, lege-oinarriduna, Euskal Autonomia Erkidegoko bolumen txikiko ekoizpenak garatzeko.