Ardogintzaren I. Topaketa Profesionala egin zen Gasteizko Artium museoan, EVA proiektuaren baitan (Euskadi Vin Aquitania).
EVA Euskadi eta Akitaniaren arteko lankidetzarako egitasmoa da, bi eskualdeetako ardogintzaren sektorean berrikuntza bultzatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko. Hitzordura sektoreari lotutako 100 pertsona baino gehiago bildu ziren, horien artean ekoizleak, zientzialariak, teknikariak eta eragile ekonomikoak, eta lankidetza sare bat sortzeko aurrerapausoa egin zuten, produktu, prozesu eta merkatuetako berrikuntzako esperientziak partekatzeko. Hori guztia ardogintzako ustiategiak eraginkorragoak eta lehiakorragoak izan daitezen.
EVA Euskadi eta Akitaniaren arteko lankidetzarako egitasmoa da
Jardunaldiaren helburua zen berritzeko behar zehatzak dituzten sektoreko operadoreak eta kalitate eta tipizitateari, ingurumenarekiko errespetuari eta merkatuetarako sarbideei buruzko arloetan proiektuak garatzeko ezagutza duten erakundeak eta elkarteak harremanetan jartzea. Premisa horiei jarraituz, lehendabizi hainbat hitzaldi eman ziren EVA proiektuari berari buruz, merkatuko joerei buruz edo sektorearen zerbitzura dauden teknologia berriei buruz.
Ondoren, eragile sektorialek hori tailer tematikotan parte hartzeko aukera izan zuten, jarduerari lotutako hainbat alderdi eztabaidatzeko: ardoaren merkatua, mahastiak eta ardoa bera. Beste gai batzuen artean, enoturismoak sektorearen balioa berritzeko eskaintzen dituen aukerak aztertu ziren, ardogintzari aplikatutako datu espazialen erabilera, mahastien kudeaketa iraunkorra hobetzeko moduak edo ardoen ebaluazio sentsoriala.
Bereizitasuna eta kalitatea, globalizazioaren aurrean
Asier Arrese HAZI Fundazioko zuzendari nagusia arduratu zen topaketa inauguratzeaz, eta hitzaldi bat eman zuen produktuak, prozesuak eta merkatuak berritzeko beharrari buruz. “Gaur egun, ardogintzaren sektoreak merkatu globalizatu eta oso-oso lehiakorrari egin behar dio aurre, eta horrek nekazariak behartzen ditu kalitate bikaineko ardoak eskaintzera, jatorriaren alderdi bereizgarriak islatuz, eta ingurumen inpaktua minimizatuz”, adierazi zuen.
Arresek gogoratu zuenez, “ardogintzaren euskal sektoreak 14.000 ha mahasti ditu lurralde osoan banatuta, Arabako Errioxatik kantaurialdeko Txakolina egiteko mahasti berdeetaraino”. Halaber, upategiek nazioartekotzeko egindako lana aitortu zuen, krisiaren eragin negatiboei aurre egiteko. Datuek hori erakusten dute, izan ere, 2015eean Euskadik errekorrak gainditu zituen ardoaren esportazioan, 58 milioi litro ekoitzi eta 203 milioi euro fakturatuta.
EVA, denon mesedetarako elkarlana
EVA proiektuak balio kateko hainbat eragile integratzen ditu, hau da, ekoizleak, produktuen hornitzaileak eta zerbitzuak zein teknologi eta ikerketa zentroak. Proiektua 2016an hasi zen, eta xedea da Euskadi eta Akitania eskualdeetako lankidetzazko loturak sendotzea, lehiakortasuna hobetzeko.
Egitasmoa hainbat bazkideren bitartez garatzen da. Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzako enpresa diren HAZI Fundazioak eta Neikerrek, EHUrekin eta Euskampus Fundazioarekin batera, osatzen dute Euskadiko enpresen taldea. Akitaniako kideak dira Inno´vin Bordeaux Aquitaine, Akitaniako ardogintzaren klusterra, Institut des Sciences de la Vigne et du Vin (ISVV), Chambre d’Agriculture de la Dordogne, Chambre d’Agriculture de la Gironde, Akitaniako Nazioarteko Lankidetza Agentzia (INTERCO) eta Congrès et Exposition de Bordeaux (CEB).