Eusko Jaurlaritzako Kontseiluak Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren bi agindu onartu ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremuen sustapenerako eta garapenerako laguntzak arautzen dituztenak 2016ko ekitaldirako.
Lehenengoa udal-erakundeei eta horien sozietateei zuzenduta dago, eta zazpi milioi euroko hornidura jaso du eremu horietan gizarteratzea eta ekonomiaren garapena sustatzeko, baliabideen efizientzia areagotzeko eta klima-aldaketari egokitu ahal izango zaion ekonomia lortzeko. Bigarrenak 2,4 milioitik gorako hornidura du, pertsona fisiko edo juridikoek jarduera ekonomikoaren dibertsifikaziorako, enpresa-garapenerako eta enplegu-sorkuntzarako egiten dituzten jarduerak finantzatzeko.
UDAL-ERAKUNDEENTZAKO LAGUNTZAK
Agindu horretan ezarritako laguntza motek, zehazki, helburu hauek dituzte:
• Landa-eremuetako biztanleen bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duten azpiegiturak ezartzea.
• Industriarako lurzorua gaitu eta lokalak egokitzea.
• Turismoari lotutako kultura- eta natura-ondarean inbertitzea, bai eta erabilera publikoko aisia-, turismo- eta informazio-azpiegituren proiektuetan ere.
• Energia berriztagarrien eta energia-aurrezpenaren arloko inbertsioak abiaraztea.
Laguntza horien onuradun izan daitezke toki-erakundeak –dela zuzenean, dela beren erakunde autonomoen edo udal-sozietate publikoen bitartez– eta udalez gaindiko erakunde publikoak.
Diru-laguntza jaso dezaketen jarduketak
Diru-laguntza jaso dezakeen jarduketa izan daiteke edozein inbertsio-proiektu, baldin eta landa-eremuetako biztanleen bizi-kalitatea hobetzen laguntzen badu:
• Gizarte- eta kultura-zentroak, haurrentzako zentroak, eguneko zentroak, liburutegiak, erabilera anitzekoak, kirol-ekipamenduak, aisiakoak eta abar.
• Zerbitzu berritzaileak, esaterako, zahartze aktiboari lotutako garraio publikoko sistemak.
• Landa-eremuetako populaziogune degradatuak zaharberritzea eta hirigintza-lanen bidez egokitzea (zoladura, irisgarritasuna, lorategiak, argiak, hiri-tresneria).
• Ur-hornidurarako, saneamendurako eta argindar- eta gas-banaketarako oinarrizko azpiegiturak.
• Industriarako lurzorua gaitzea eta lokalak egokitzea, enpresa-ekimenen bitartez erabil daitezen: enpresa-ekimenak kokatzeko industrialde txikiak eta tokikoak.
• Turismoari lotutako kultura- eta natura-ondarea, bai eta erabilera publikoko aisia-, turismo- eta informazio-azpiegituren proiektuak ere.
Baliabide ekonomikoak
SUSTATZAILE PRIBATUENTZAKO LAGUNTZAK
Xede hauek dituzten inbertsioak egiteko laguntzak dira:
• Nekazaritza-sektorearekin zerikusirik izan ez arren sektore hori dibertsifikatzen duten jarduerak garatzea
• Mikroenpresak eta enpresa txikiak edo ertainak eratu eta garatzea, eta autonomo gisa alta hartutako pertsona fisikoen proiektuak garatzea
• Enplegu-sorkuntza garbia
Agindu horretan ezarritako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoaren (EAE) 2016ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorretan berariaz ezarritako kredituetatik aterako dira. Ekitaldi horretan eta hurrengoan gauzatuko dira, honela banatuta:
Laguntza-lerroa 2016 (€) 2017 (€) Guztira
Jarduera ekonomikoa dibertsifikatzeko eta enpresak sortu eta garatzeko laguntzak 737.500 1.247.500 1.985.000
Enplegua sortzeko laguntzak 212.500 212.500 425.000
Guztira 950.000 1.460.000 2.410.000
Diruz lagundu daitezkeen kostuak, eta onuradunak
Honako kostu hauek izan daitezke diru-laguntzaren xede: ondasun higiezinak eraiki, eskuratu edo birgaitzea; makina, altzari eta tresna berriak edo bigarren eskukoak erostea edo finantza-errentamenduaren bidez eskuratzea; arkitekto, ingeniari eta aholkularien ordainsariak; ibilgailuak eskuratzea eta egokitzea; informatika-programak eskuratzea edo garatzea; BEZ berreskuraezina, eta kontratazioari lotutako kostuak.
Laguntzen onuradun izan daitezke pertsona fisiko edo juridikoen elkarte pribatu nortasun juridikorik gabekoak, ondasun-erkidegoak eta mota guztietako unitate ekonomikoak. Ezin dute laguntzarik jaso entitate publikoek eta udalez gaindiko erakunde publikoek, ez eta krisian dauden enpresek ere.
Diru-laguntza jaso dezaketen jarduketak
Honako arlo hauekin zerikusia duten proiektuetarako jarduketek jaso dezakete diru-laguntza:
• Industria-jarduera: lantegiak, fabrikak, lokalak eta instalazioak, askotariko xedeak izan ditzaketenak; besteak beste, makineria konpontzea, nekazaritzaz kanpoko ondasun eta materialak, plastikoak, argindarra, energia, gasa, lurruna edo beroa ekoiztea; ur-hornidura, estolderia-zerbitzua, hondakinen ezabaketa, saneamendua eta antzeko jarduerak egiten dituzten enpresak; energia berriztagarrien ekoizpena eta horri lotutako jarduerak.
• Turismoa, landa-ostatu eta nekazaritza-turismoko establezimenduak, turismo-zerbitzuak, dendak, jatetxeak, toki-eskaintza eta elikadura.
• Zerbitzuak ezarri eta eskaintzea, bai zerbitzu teknikoak (arkitektura, ingeniaritza, kontabilitatea, auditoretza, garbiketa…) bai landa-eremuetako biztanleentzako zerbitzuak (catering-a, segurtasuna, lorezaintza…), gizarte-zerbitzuak (osasuna zaintzea, desgaitasuna duten pertsonak, hezkuntza…) edo aisia-, jolas- eta kirol-jarduerekin zerikusia dutenak.
• Eskulangintza eta eskulangintzako jarduerak garatzea.
• IKTak eta merkataritza elektronikoa garatzea.
• Enplegu-sorkuntza garbia, hau da, langabeak inoren kontura kontratatzea edo jarduera lokabeak sortzea, pizgarriak emanez langile autonomoak kokatzeko edo ekonomia sozialaren araubide juridikoa duten enpresak gehitzeko.