Iñigo Urkullu lehendakariak eman ditu lehen sektorean eta elikagaien industrian egindako ibilbide profesionala aitortzeko 2016ko Nardiz sariak.
Saria jaso dute Kaiku kooperatibak, nekazaritza-sektorean; arrantzan, Atunontzi izoztaileen Armadoreen Elkarteak; eta elikagaien industrian, Bacalao Giraldo enpresak. Lehendakaritzan egin da sari-banaketa eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapiak ere parte hartu du.
Sariak 2003an ezarri ziren, Eusko Jaurlaritzako lehen Nekazaritza Sailburuaren izenarekin.
Lehendakariak nabarmendu du lehen sektoreak, zehazki, elikagaien industriak euskal ekonomiari eta enplegu-sorrerari egiten dion ekarpena. Izan ere, Euskadin 96.000 pertsonari ematen dio lana zuzenean. Urkulluk gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzak elikagaien industriaren alde egin duela apustu; horren adibide, RIS 3 Espezializazio Adimentsurako Estrategiak «abagune-eremu» izendatu duela. «Elikagaiena hazten ari den merkatua da, enplegua sortzen eta balioa eransten duena, eta trakzio-ahalmen handia dauka, bereziki, lehen sektoreak eta tokiko produktuek», gaineratu du.
Azaldu duenez, Jaurlaritzak ikerketaren eta teknologia-zentroetako ezagutza sektorean aplikatzearen alde egin du apustu, estilo berri bat eta lankidetzaren kultura sustatuz. Bere iritzian, Nardiz sariek helburu partekatu horiek indartzeko ere balio dute.
Sariak 2003an ezarri ziren, Eusko Jaurlaritzako lehen Nekazaritza Sailburuaren izenarekin. Saridunak Jabier Herrero artista arabarrak sari hauetarako esklusiboki sortutako obra bat jaso dute. Argizari galduz brontzean moldekatutako eskultura bat da, haritz egurrezko idulki gainean, eta zutik aulki baten gainean dagoen pertsona bat irudikatzen du, egonkortasunaren sinbolo gisa, eta hiru oinarrizko elementuen erreferentziak ditu: Lurra, Itsasoa eta Airea.
Sarituak
ANABAC, Atunontzi Izoztaileen Armadoreen Elkartea, Bermeon eratu zen, 1977an, eta gaur egun Euskal Herriko inguraketako atunontzi izoztaileak batzen ditu. Lau enpresa talderen esku daude elkarteko atunontzi horiek: Atunsa, Echebastar, Inpesca eta Pevasa. 25 atunontzi izoztaile eta 12 laguntza ontzi ditu guztira, hau da, Euskal Herriko atunontzi izoztaileen %80, Espainiakoaren %60 eta Europakoaren %40. Bere helburua da kolektibo horren interesen defentsa, bai eta era arduratsuan arrantzatuz espeziea iraunaraztea ere.
ANABAC sektoreko berrikuntzaren bultzatzailea izan da, atunontzi izoztaileen flota munduko erreferentzia bihurtu baitu, tunido tropikalen arrantza iraunkorrari dagokionez. Esan dezakegu ANABACen lana aparteko adibidea dela nazioartean; zientzia arrantzaren jardunean txertatu du eta erakundeekin batera lan asko egin du, atunontzi izoztaileen flota nazioartean lidergo posizioan kokatuta.
KAIKU Kooperatiba Elkartea oso ezaguna da kontsumitzaileen artean Hirurogei urte baino gehiagoko ibilbidea egina du eta pasa den mendearen erdialdean sortu ziren esne kooperatibetan du bere jatorria –Iruñean (Copeleche, 1953), Bilbon (Beyena, 1953) eta Gipuzkoan (Gurelesa, 1954)–.
Kaiku 1999an sortu zen, bigarren mailako kooperatiba gisa, Copeleche eta Gurelesa batuta, eta 2009an prozesua bukatu eta lehen mailako kooperatiba bihurtu zen. Gaur egun, Kaikuk 400 bazkide baino gehiago ditu eta Euskal Herriko eta Nafarroako lurralde guztietako hornitzaileak.
Sortu zen unetik, industria propioak bultzatu zituen ustiategietako esnearen bilketa bermatzeko. Esnearen bilketa egituratzen aritu zen eta esneari balio erantsia ematen, esnekiak landuz eta merkaturatuz. Azpimarratu behar da egiten duen funtzio soziala, izan ere, ustiategi txikien biziraupena ahalbidetzen du, mendialdeetan esnea bilduta eta kostu logistiko garrantzitsuak bere gain hartuta.
Esnearen ontziratzeaz eta merkaturatzeaz ere arduratzen da enpresa partaidetuetan, esaterako, Iparlaten eta Kaiku Corporacion Alimentarian. Guztira, Kaikuk 1.200dik gora nekazariri ematen die zerbitzua, bai eta beste hainbeste hornitzaileri ere, eta urtean 160 milioi litrotik gora esne mugitzen du.
Bacalao Giraldo enpresa negozio familiarra izatetik enpresa talde garrantzitsua izatera igaro da hiru hamarkada baino gutxiagoan, eta arrain horren manipulazioan, komertzializazioan eta gastronomian erreferentzia da, dudarik gabe. Hirurogeita hamarreko hamarkadan ekin zion jarduerari, Giraldo familiak Vitoria-Gasteizen gobernatzen zuen janari dendari erabat aldatu nahi izan zuenean. Erabaki zuten bakailaoaren munduan espezializatzea, eta Gadus morhua espezieko “erdi ondutako” bakailaoa saltzen duten lehen enpresetako bat da, espezie hori izanik kalitate handienekoa.
Denborarekin, aurrera egin eta bakailaoa jada gezatuta eskaintzen hasi ziren, eta 80ko hamarkadan bakailaoa gezatzeko lehen sala eraiki zuten. Horrekin, produktua kozinatzeko prest eskaintzea izan zuten, bai partikularrei bai ostalaritzakoei. Laurogeiko hamarkadan, berriz, negozioa zabaldu eta Arabako mugetatik harago iristea planteatu zuten. Horretarako, instalazio modernoez hornitu ziren, 7.000 metro karratuko instalazio batean. Gaur egun, 50 banatzaile baino gehiago ditu eta lurralde nazional osoan zein beste herrialde batzuetan ere saltzen dute, esaterako Portugalen, Estatu Batuetan, Italian, Kolonbian, Austrian eta Arabiar Emirerrietan. Basque Culinary Centerrekin lankidetza estuan ari da eta euskal gastronomia sustatzeko eta zabaltzeko jarduera ugari egiten ditu, lehiaketak antolatuz, liburuak eta cd-ak argitaratuz, azoketan parte hartuz, sukalde gela bat sortuz, etab.
Gonzalo Nardiz
Gonzalo Nardiz Bengoetxea Eusko Jaurlaritzak izan zuen lehen Nekazaritza Sailburua zen, bai eta garai hartan, 1936ko urriaren 7an, Jose Antonio Aguirre lehendakariak bere gidaritzapean osatu zuen kabineteko kiderik gazteena ere. Sasoi hartan 31 urte zituen eta jada Bermeo bere herriko zinegotzia, Bizkaiko Aldundiko kudeatzailea eta Bizkaiko Defentsa Batzordeko Hornidura Komisarioa izandakoa zen.
Sailburu izan zen garaian, Gonzalo Nardiz nekazaritzaz, basoez eta mendiez arduratu zen. Euskadirako autohornitze kotarik handienak lortzea eta bertako abeltzaintzako eta basoetako aberastasuna zaintzea izan zituen helburu bere jardunean. Horretarako hartu zituen neurrietako bat izan zen aurretik baimenik gabeko ehiza eta zuhaitz mozketa debekatzea.
Sailburu emandako urteetan, albaitaritzako arauak aldarrikatu zituen eta gerra zonaldeetan zeuden lurrak errentan eduki eta lantzen zituztenei errentak ordaintzeko luzamenduak eman zizkien.
Gonzalo Nardiz ek, garai horretan, nekazaritza erreformatzeko proiektu bat landu zuen, baina ez zen onartu. Proiektuaren asmoa zen landa lurrren errentariei nekazaritza lurren jabe izaten erraztea, “Solidaridad de Trabajadores Vascos y de Acción Nacionalista Vasca” sindikatuaren nekazaritza programa baten arabera.
1939an Francoren tropek irabazi ondoren, Gonzalo Nardiz ek, Gobernuko beste kideek bezala, erbesterako bidea hartu zuen, eta han 40 urte eman zituen. Parisen, Mexikon bizi zen, eta, 1946az geroztik, Donibane Lohitzunen. Erbesteko Eusko Jaurlaritza desegin eta gero, Gernikako Estatutua onartu zenean, Gonzalo Nardiz jarduera politikotik aldenduta egon zen guztiz. 2003ko urriaren 25ean Bilbon hil zen, 97 urte zituela.
Sariak
Nardiz sariak eskuratzen dutenek Jabier Herrero artista arabarrak sari hauetarako esklusiboki sortutako obra bat jasotzen dute. Argizari galduz brontzean moldekatutako eskultura bat da, haritz egurrezko idulki gainean, eta zutik aulki baten gainean dagoen pertsona bat irudikatzen du, egonkortasunaren sinbolo gisa, eta hiru oinarrizko elementuen erreferentziak ditu: Lurra, Itsasoa eta Airea.
Aurreko edizioetan sarituak
2003. urtea:
Arrantza: Paulino Lucio. AZTIko ikertzailea. Aipamen berezia: Simon Sesma
Nekazaritza: Pedro Perez de Villareal. UAGA – Arabako Nekazari eta Abeltzainen Elkartearen eta Aguraingo Zereal Kooperatibaren bazkide fundatzailea. Aipamen berezia: Joxe Larrea
2004. urtea:
Arrantza: Jose Maria Azkue. Arrantzalea, armadorea eta Gipuzkoako arrantza kofradien lehendakaria
Nekazaritza. Sabino Irulegi. Nekazaritzako elkartegintzaren eta kooperatibigintzaren bultzatzailea.
2005. urtea:
Arrantza: Jose Ignacio Espel Fernandez. Euskal arrantza ontzien interesen defendatzailea hainba erakunde publikotatik
Nekazaritza: Jose Etxebarria Urruria. Baratzezain eta frutazain berritzailea.
Aipamen berezia: Luis Maria Biteri Gonzalez de Mendibil. Berritzailea esnetarako ardien sektorean.
2007. urtea:
Arrantza: Benito Portuondo Astuy. Pertsona ospetsua armadoreen eta tunidoen arrantzaleen munduan.
Nekazaritza: Felisa Galdos Saenz de Buruaga. Arabako nekazaria, ustiategi baten titularra izan den lehen emakumea.
2014. urtea
Nekazaritza: Tomas Larrañaga, aitzindaria nekazaritza ekologikoan
Arrantza: Victor Badiola, alturako arrantza sektoreko ordezkaria
Elikadura. Artzai Gazta, Artzain Gaztagileen elkartea.