Migrazioa arazorik gabe egitearen mende dago espezie askoren biziraupena.
Giza eraikuntzek, hala nola presek, dikeek eta kanalizazioek, oztopatu egiten dituzte mugimendu horiek, ugaltze-leku naturalerako joan-etorriak mugatzen baitituzte. Herritarrak arazo horri buruz kontzientziatzeko, AZTI zentro teknologikoak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Tolosako Udalak eta Ekolur ingurumen-aholkularitzak bi jardunaldi antolatu dituzte “Oria ibaiaren arroa iragazkortzen” izenburupean; haien barruan, hitzaldiak eta haurrentzako tailerrak izan dira, eta arrainak askatu dira. Maiatzaren 21ean Arrainen Migrazioaren Mundu Eguna da, eta horren harira egin dira jarduerok.
Ibaiak garbi eta migrazioak eragozten dituen oztoporik gabe egoteko beharra izan dute ardatz Tolosan maiatzaren 20tik 21era egin diren jarduerek. Gainera, Oria ibaia iragazkortzeko, haren habitataren kalitatea hobetzeko eta izokinari eta aingirari arro horretan bere habitat historikoa berreskuratzeko ezarri diren zenbait kudeaketa-neurri aurkeztuko dira.
Hitzaldi-zikloan parte hartu dute Estíbaliz Díaz AZTIko biologoak —aingiraren migrazioetan aditua— eta Íker Azpiroz Ekolurreko biologoak. AZTIko ikertzaileak Aingiraren bidaia harrigarria: Sargazoen itsasoetatik Tolosaraino hitzaldia eman du. Azpirozek, berriz, izokinak Oria ibaian gora Tolosarantz egiten duen migrazioaz hitz egin du.
Arrainen Migrazioaren Mundu Eguneko jarduerek larunbatean izango dute segida, eta, hasteko, izokinkume batzuk askatu dituzte. Arrainkume horiek Orbeldiko presan (Usurbil), Oriako ibaian behera, harrapatutako ale helduen errunalditik jaio ziren.
Jardunaldietan argi utzi da aingirak, izokinak, gaizkatak, amuarrainak, urraburuak, kolakak eta lanproiak migrazioaren mende daudela bizirik irauteko. Beraz, mehatxu handia egiten diete hesiek, hala nola presek, esklusek eta zentral hidroelektrikoek.