Gure Zura marka euskal zuraren balio-kate osoaren zereginaren berri emateko sortu zen.
Marka honen ideia SUDOE-Interreg Woodtech (2012-2014) proiektuaren esparruan garatzen hasi zen eta, gaur egun, Euskadiko Zuraren Plan Estrategikoak, EZPEk, eta Gure Zura webak (http://www.gure-zura.org/) berriz ere ekin diote ideia horri, baso-mundua eta Euskadiko zura sinbolizatzeko. Web horrek zentzuz iragartzen du zura gure iragana eta gure etorkizuna dela.
Marka honen ideia SUDOE-Interreg Woodtech (2012-2014) proiektuaren esparruan garatzen hasi zen
“Zura eta Egurra” jardunaldiak
2015eko abenduaren 17an eta 18an, Orona Fundazioaren egoitzan jardunaldi hauek egin ziren (Hernani, Gipuzkoa). Jardunaldien izenburua: “Zurari buruzko jardunaldiak: egungo egoera eta etorkizuneko erronkak”. Hausnarketa irekirako foroa izan zen, gure inguruko eta Europako zuraren kudeaketari buruzkoa eta sektorean ustiapenaren, lehiakortasunaren eta koordinazio sektorialaren baldintzak hobetzeko erlazio- eta egituratze-proposamen berriei buruzkoa, produktu eta aplikazio berrien aldeko apustua eginez.
Zura elkarren arteko lotura gisa duten hiru erakunderen arteko (Albaola, Tknika eta Baskegur) lankidetzaren emaitza izan ziren; Orona Fundazioaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren lankidetza izan zuten.
Bai hitzaldian bai mahai-inguruan euskal mendien ekoizpen-ahalmena aipatu zuten eta, aldi berean, baita produktibitate hori mugatzen duten arazoak ere. Pena izan zen egiaztatzea zura azken hamarkadetan ekoizpen-nitxo ugari galtzen joan dela. Zura kalitate baxuko lehengaia, ez oso fidagarria eta deforestazioa ekar dezakeena delako ideia zabaldu da.
Baina ez da horrela, gure lurraldean egiaztatu daitekeenez. Zuraren eta zurezko beste produktu batzuen ekoizpenak eskualde bateko aberastasuna areagotzen du, enplegua sortzen du eta landan herritarrak finkatzen ditu; gainera, aldi berean, basogintzak gutxitu egiten ditu mendiko natura-arriskuak, suteak edo kalte fitosanitarioak. Euskadiko papergintzaren industriaren hasiera oroitu besterik ez dago, XX. mende-hasieran, ura eta zura hurbil zuten lekuak bilatzen zirenean. Gainera, paradoxikoa ematen badu ere, zura ekoiztea onuragarria da ingurumenerako, legeari jarraiki eta antolatuta egiten bada.
Etorkizuneko belaunaldietan eragin gehien izango duten munduko ingurumen-arazo handietako bat da giza jatorriko ingurumen-kutsadura. Txina bezalako herrialdeen egungo argazkiak ikusten direnean, antzinako industria-paisaiak ikusten dira, Europako mendebaldean dagoeneko gaindituta daudenak, ibai apartsuekin eta atmosfera lainotsuekin. Plastikozko poltsak hegaz edo itsasoan ur gainean ikusten direnean, edo tutuak paper-zati bustiz beterik ikusten direnean, papera agertzen da elementu ordezkatzaile eta berriztagarri gisa.
Gure ingurumen-eragina murrizteko moduetako bat da zur edo zelulosa gehiago erabiltzea gure eguneroko bizitzan, material kutsagarriak erabili beharrean. Adibide asko daude eta guztiok jardun dezakegu lankidetzan, gure ahalmenen arabera: paperezko poltsak, kutxak edo basoak erabiltzea plastikozkoak erabili beharrean; zurezko armairuak, apalak, paletak edo haurrentzako jolasak erabiltzea plastikozkoak edo metalezkoak erabili beharrean; baso-biomasarekin berotzea gasolioarekin berotu beharrean; zurezko eraikinak eraikitzea, zaharberritzea edo birgaitzea… Kasu batzuetan, aldaketa gertatu da kontsumitutako produktu motan. Hala gertatu da herrialde aurreratuenetan, paperaren ekoizpenak behera egin baitu; paraleloan joan da biltzeko kartoi-kontsumoaren gorakadarekin, garraiorako eta merkataritzarako beharrezkoa.
Antzina zurez eraikitzen ziren elementuen adibide ugari dago, eta gaur egun beste material batzuekin ordezkatu dira: hegazkinak, itsasontziak, bizikletak, lerak… ohiko euskal kirolerako tresna asko barne: aizkorak, zesta-punta edo traineruak, besteak beste.
Zura eta haren eratorriak maila berean lehiatu daitezke egungo materialekin, besteak beste, plastikoekin edo karbono-zuntzekin, izan ere, iturri organikoetatik datoz. Desberdintasuna da lehenengoak natural sortzen direla landareen bidez, Eguzkiaren ekintzaren bitartez, eta, bigarrenak prozesu kimikoetatik edo erregai fosiletatik datozela, oso kutsagarriak izan daitezkeen eragiketen bidez.
Eta zer esanik ez zuhaitzetatik eskuratu daitezkeen produktu kimikoak direla eta, zuzenean erretxina moduan edo zelulosaren eta ligninaren arteko bereizketa-prozesuen bidez. Aukerak infinituak dira, eta Europako iparraldean hasi dira ore- eta paper-lantegiak berregituratzen, biofindegi berriak sortuz; horietan, zuretik eratorritako produktu asko eskuratzen dira eta horiekin esperimentatzen dute: pirolisia, gasifikazioa, torrefakzioa edo hotza/beroa sortzea. Horrela, landare-materi zurkaretatik abiatuta, frakzio solidoa (biotxarra edo egur-ikatza, ongarri gisa), likidoa (bioerregaia) eta gaseosoa (metanoa, energia) eskuratu daiteke.
Arrazoiarekin kritikatu da biotenolaren edo biodieselaren ekoizpena, lehen belaunaldiko erregaiak, elikagaien hazkuntzatik ateratzea (besteak beste, azukre-kanabera, artoa, erremolatxa, ekilorea edo koltza). Hala ere, bigarren belaunaldiko erregai berriak biomasa zurkaratik edo nekazaritzako edo basoko hondakinetatik datoz. Dagoeneko ez dira elikagai gehiago erre behar, autoak erretzeko.
Mundu berrirako bidean gaude, hain kutsagarria ez den eta energia-kontsumo txikiagoa dakarren mundurako bidean. Horretarako, kimika berdeak hondakin gutxiago eragingo ditu produktuak fabrikatzeko prozesuan eta, ondorioz, ekoizpen-prezioak merkatu egingo dira. Gainera, biofindegiek helburu dute giza osasunean osagai toxikoen erabilera gutxitzea. Eta zuhaitzen zura, naturak sortu duen karbonoaren finkatzaile onena, lehengai nagusia izan daiteke.
Espero izatekoa da enpresek dagoeneko ingurumen-eragina neurtzeko erabiltzen dituzten formulek, besteak beste, beren produktuen karbono-aztarnaren kalkuluak eta tokiko edo aldiriko ondasunen kontsumoaren indartzeak, azkenean hurbileko basoetan iraunkortasunez ekoitzitako zura erabil dadila sustatzea. Administrazioa ere, ondasunak eta zerbitzuak hornitzeko lehiaketa publikoen bidez, formula horiek sartzen ari da, karbonoaren sorkuntza edo ingurumen-eragina gutxitzeko. Gainera, legezko mekanismo batzuek (besteak beste, FLEGT eta EUTR), legez kontrako zuraren erabilerari aurka egiteko sortuek, bide emango diote dinamika horri, eta zurak gizarte-sektore batzuetan duen fama txarra ezabatzen lagundu beharko dute.
Hurbileko etorkizuna
Euskadik askotariko baso-masa du, basoen azalera handiekin eta munduko merkataritzan asko estimatzen diren espezieekin, besteak beste: globulus eukaliptoa, papera fabrikatzeko; radiata pinua, zurezko egiturak eraikitzeko; edo laritza eta haritz kanduduna, pilareak eta habeak egiteko. Baso-espezie horien aprobetxamendu erregularra gorabehera, izakin zurgaiek urterik urtera euskal mendietan gora egiten jarraitzen dute, beraz, ez dirudi baliabidea arriskuan dagoenik.
Baina ikuspegi guztiak ez dira euskal basogintza-sektorerako onuragarriak. Alde batetik, gure baso-sektoreko egitura-arazoak daude; besteak beste, minifundismoa, baso-jabeen batez besteko adin nagusia eta ustiapen-kostu altuak, malda gogorrak eta klimatologia direla eta. Beste alde batetik, kalte fitosanitarioen gorakada gertatu da; kalte horiek handiagoak izan daitezke etorkizunean, baldin eta organismo patogeno berriak heltzen badira edo klimatologia-baldintzek horien zabalkundeari bide ematen badiote.
Baso-jabeak eta basoginak optimistak eta naturazaleak dira; izan ere, bestela, beren inbertsioek eta ahaleginak ez lukete zentzurik izango. Izan gaitezen beraiek bezalakoak, ahal dugun guztietan tokiko zura erabiliz eta bermearekin.