Basque Culinary Center berriro ere aitzindaria izango da gastronomia-alorreko trebakuntzan
. Zehazki, Turismo Gastronomiako lehen masterra jarriko du abian aurtengo urrian bertan. Basque Culinary Centerrek sektore horri lotuta emango duen lehen titulua da, eta trebakuntzako, espezializazioko, ikerketako eta berrikuntzako proiektu parerik gabea izango da gastronomia-, ostalaritza- eta elikadura-alorraren garapenera bideratuta, nazioarteko bokazio argiarekin.
Masterrak Eusko Jaurlaritza-Basquetourren babesa jaso du
Masterrak Eusko Jaurlaritza-Basquetourren babesa jaso du eta, bertan, ikasleek enpresa eta helmuga turistikoen lehiakortasuna hobetzeko behar diren ezagutza, trebezia eta baliabideak eskuratuko dituzte. Halatan, aditu bihurtuko dira turismo gastronomikoaren alorreko helmugak eta enpresak planifikatu eta kudeatzen, eta ikuspegi kultural eta multidimentsionaletik ulertuko dute gastronomia. Orobat, produktu eta esperientzia enogastronomiko sortzaile eta berritzaileak diseinatzeaz gain, alor horretako turismoaren berezitasunak eta bertan parte hartzen duten eragileen eginkizuna ulertuko dituzte; instituzioetatik hasi eta balio-katean parte hartzen duten enpresa-sektoreetaraino.
Azkenik, turismo gastronomikoari lotutako planak eta “marketina” diseinatu eta ezartzen ikasiko dute, merkatuen ikerketan, ezagutzan eta segmentazioan oinarrituta, etengabe goraka doan turismo-eskaria erakarri eta asebetetzeko estrategiak eta jarduerak prestatuz helmuga eta enpresa turistikoentzat.
Masterra unibertsitateko gradudunei, diplomadunei eta lizentziadunei zuzenduta dago, turismoari, ekonomiari, zuzendaritzari, enpresa-kudeaketari, geografiari, kazetaritzari, komunikazioari, gastronomiari eta abarrei lotutako titulazioak lehenetsita. Alabaina, masterrak baditu beste hartzaile potentzial asko: batez ere sektore turistikoko edo gastronomikoko profesionalak (instituzio eta organismoetako turismo-teknikariak), turismo-alorreko enpresariak, produktu turistikoen gerenteak eta kontseilu arautzaileetako gerenteak, besteak beste.
Masterraren metodologia
Turismo Gastronomikoko Masterra 2016ko urrian abiatuko da eta 2017ko martxora arte iraungo du. Funtsean aurrez aurreko ikastaroa izango da, praktiketako ehuneko altuarekin. 1.500 orduko iraupena izango du, eta 60 ECTS kredituko balioa.
Irakasgaiak bost modulu edo gaikako bloketan banatuta daude: turismoa eta gastronomia; turismo gastronomikoko helmugen kudeaketa; turismo gastronomikoko enpresen kudeaketa; turismo gastronomikoaren marketina; eta komunikazio- eta harreman-trebeziak turista gastronomikoekin.
Masterrak irakasgaietako edukiak mamitzeko jarduera gastronomikoak eta bisitak ere bilduko ditu; adibidez, irtenaldiak izango dira Araba eta Errioxara, Katalunia eta Frantziara, eta Donostiara eta inguruetara.
Ikasleek 475 orduko praktikak (19 ECTS kreditu) egin beharko dituzte turismo gastronomikoari lotutako enpresetan eta organismoetan. Besteak beste, honako hauek izan daitezke: produktua lantzen duten kudeaketa turistikoko erakundeak, turismo gastronomikoko enpresak, agentzia espezializatuak, museo gastronomikoak, merkatuak, upategiak, jatetxeak eta abar.
Masterra MONDRAGON UNIBERTSITATEAREN hezkuntza-ereduan oinarritzen da. Eredu hori nagusiki praktikoa da, eta ikasleari lanbide-bizitzan eskatuko zaizkion gaitasunetan dago oinarrituta. Bertan, eginez ikasten da, talde-lanaren bidez, benetako proiektuak eginez, ekintzailetza bultzatuz eta autonomia eta erabakiak hartzea sustatuz.
Irakasle-koadroa Masterraren eremuko hainbat alorretako lanbide-munduan eta irakaskuntzan esperientzia luzea duten irakasle-doktoreek osatzen dute.
Basque Culinary Centerrek Espainian lehen aldiz bildu ditu gastronomiko jarduera profesionalak unibertsitateko ikasgeletan, munduan gastronomiaren abangoardian dauden sukaldarien belaunaldi oso batean oinarrituta. MONDRAGON UNIBERTSITATEAri lotutako Gastronomia Zientzien Fakultateak –Espainiako lehenengoak– elikaduraren eta gastronomiaren esparruko Ikerketa eta Berrikuntza Zentroa ere badu. Programa zorrotzez eta eduki berritzailez osatutako eskaintza zabala, azken teknikak, joerak eta negozio-ereduak ezagutzeko, betiere lanbidean hazten jarraitu nahi duten kualifikazio handiko pertsonak trebatzeko asmoarekin.