Bittor Orozek, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak, Gustoko azokaren lehenengo edizioa inauguratu zuen, Akitaniako sailburu Jean Pierre Raynaud eta Lonbardiako Nekazaritzako sailburu Gianni Fava lagun zituela.
Kalitatea, iraunkortasuna, artisau-jatorria, elikagaigintza eta dastatzea balioestea dira azokaren oinarri, gizarteak dituen elikadura-premia berriei erantzutea helburu hartuta.
BECek antolatzen du Gustoko, Akitania-Euskadi euroeskualdeak sustatuta
BECek antolatzen du Gustoko, Akitania-Euskadi euroeskualdeak sustatuta. Akitaniako frantziar eskualdeko ordezkari gisa, hainbat ekoizle, erakunde eta erosle profesional etorri ziren gurera, haien nekazaritza- eta gastronomia-eskaintza aurkeztera.
Gainera, Euskadik eta Lonbardiak hitzarmena sinatu zuten urrian, nekazaritzaren eta elikagaien alorrean eskualde liderrek osatutako sare bat sustatzeko; eta, horren haritik, italiar eskualdea gonbidatu gisa etorri zitzaigun lehen edizioan.
Gustoko azokak erakusketa-eremu zabala izan zuen, baita zuzeneko salmenta ere. Bertako ekoizleek, elikagaigintza eta jatorria lantzen duten aldetik, kalitatezko produktu autoktonoak jarri zituzten ikusgai. Erakusketariek hainbat produktu eskura jarri zizkiguten: olioa, edariak (ardoa, likoreak, ura, sagardoa, kafea eta tea), kontserbak, haragiak eta hestebeteak, esnekiak, arrainak eta itsaskiak, erdikontserbak eta ketuak, izoztuak, izozkiak, barazkiak, fruituak eta lekaleak, delikatesenak eta gozokiak.
Gustoko azokara etorri ziren bisitariek kalitate-ziurtagiria duten produktuez gozatzeko aukera izan zuten; esate baterako, Eusko Label, Euskal Baserri eta jatorri-deiturak, Donejakue Bideko eta Pirinioetako gazten erakusketak, Arabako Errioxako ardoen ibilbideak, eta Rías Baixas ardoak eta txakolinak.
NIREA programak, Euskadiko lehen sektorea eta landa-ingurunea eta itsasertza biziberritzea helburu duen programak, partaidetzarako eta sentsibilizaziorako eremua antolatu zuen Gustoko azokara etorritako bisitarientzat. Bertan, gure lurraren eta gure itsasoaren historia, oraina eta etorkizuna, eta ekoizleekin eta produktuekin duten lotura izan ziren hizpide, elkarrizketa eta interakzioa sortzeko. Pertsona helduenak eta txikienak bildu zituen elkargunea izan zen azoka, guztiak inguru bizian eta oso geurean erlazionatuta.
Gustoko azokaren lehen edizioa oso aberasgarria izan zen, batez ere, profesionalentzat. Denda txiki espezializatuek zein saltoki handiek, bertako produktuen aldeko apustu gero eta sendoagoa egiten dutenez, enpresa parte-hartzaileekin zuzeneko negozioak egiteko aukera berriak izan zituzten. Gainera, azoka egin zen egunetan, hitzaldiak, informazioa eta prestakuntza emateko jardunaldiak eta dastatzeak izan ziren, eta elikagaigintzaren alorreko profesional adituek beren ezagutzak partekatu zituzten.