Artzain Eskolaren XIX. ikasturtea, amaitutzat jo zen eta itxierako ekitaldian agintari eta ordezkari instituzional ugarik goraipatu egin zuten Oñatin dagoen eskolak urte hauetan guztietan artzaintzaren alde jokatutako rola.
Amaierako ekitaldian, Artzain Eskolak Lourdes Menoyo eta Jose Ramon Martinez artzainak omendu ditu, baita Jose Maria Zeberio ere (Munduko Landagunearen Foroa), artzainen alde egindako lan eskergagatik
Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Industrien sailburuorde Bittor Orozek bereziki nabarmendu zuenez, “sektorea gaztetzea funtsezkoa da” eta, ildo horretan, iragarri du euskal administrazioek hainbat neurri eta laguntza garatu dituztela nekazari gazteak sektorean sartu daitezen bultzatzera. Halaber, Orozek artzaintzak zuen garrantzia nabarmendu du, bai jarduera ekonomikoan bai beste alderdi batzuetan, esaterako, lurraldea, paisaia eta ondare kultural eta gastronomikoa mantentzeari dagokionez.
Orozek animatu egin ditu ikastaroa amaitu duten ikasleak artzaintzan jarduteko ahaleginean etsi ez dezaten. “hasierak ez dira errazak, are gutxiago orain arte lanbide honekin harremanik izan ez duzuenontzat. Baina bertako lehen sektoreak handitzen ari den merkatu nitxo garrantzitsua du, etorkizun prometagarria, eta kalitatezko produktuen eskari gero eta handiagoa”.
Ikasleen profila
Azken ikasturtea gainditu duten 13 ikasleetatik 9 gizonezkoak dira eta 3 emakumezkoak. Jatorriari dagokionez, berriz, 10 Euskadin bizi dira, eta gainerako hirurak Nafarroatik etorri dira.
Artzain Eskolaren 19 urteko ibilbideko zifra globalei dagokienez, guztira 245 pertsonak egin dituzte eskolak eskaintzen dituen ikastaroak. Horietatik %70 EAEkoak dira, %13 Nafarroatik iritsi dira, %8 beste erkidego autonomo batzuetatik, eta %10 atzerriko herrialdeetatik.
Adinari dagokionez, ikasleek 27 urte dituzte batez beste, eta %95 abeltzain gazteen kategorian sartzen dira, abeltzaintzaren sektorerako laguntzen ikuspegitik. Nabarmendu behar da ikasleen %75ek 30 urte baino gutxiago dutela, gazteenek jarduera produktibo horri buruz duten interesaren erakusle. Ikasle guztietatik %51 artzainak edo artzainen seme-alabak dira, eta ardien sektorerako bokazio argia dute. Zentrotik igaro diren ikasleen lan egoerari buruzko datuen arabera, 137k dagoeneko beren artaldeak dituzte.
Ikastaroaren ezaugarriak
XIX. ikastaro trinkoa 2015eko urrian hasi zen, eta bost hilabete iraun du; 297 orduz teoria eman da, aldi berean 50 buruko artalde bat zainduz, eta bisitak eginez laborategi, instalazio, gestio zentro, nekazaritza eskoletara eta abar; eta beste 430 orduz praktikak egin dituzte artzain profesionalen baserrietan.
Ikastaroaren edukiari dagokionez, historiari eta artzaintza iraunkorraren orokortasunei lotutako gaiak landu dira, artaldearen elikadura eta maneiua, ugalketaren eta hautaketaren maneiua, marketina eta merkaturatzea, kudeaketa tekniko-ekonomikoa eta gazta, gaztazahar, mami eta zezinaren elaborazioa.