Eusko Jaurlaritzak kautelaz baloratu du 2016an erkidegoko flotarako arrantza kuoten banaketaren gainean Europar Batasuneko ministroek Bruselan hartutako akordioa.
Euskal arrantzaleentzat interesgarrienak diren espezieen kuotak, hau da, antxoaren eta hegaluzearen kuotak ez dira aldatu aurreko ekitalditik. Halere, hegoaldeko legatzaren kuota %22 murriztu da eta berdelarena %15, eta murrizketa horrek egiten du arrantzaleek aukera mugatuak izatea Ondarroan eta Pasaian errotutako flota zati batentzat hain garrantzitsuak diren espezie horien arrantzari dagokionez.
Eusko Jaurlaritzak gogoratu du zein garrantzitsua den ahots propioa izatea Europan sektorearen mesederako
Hala, alturako arrantzarako iparreko legatzaren kuotak izandako igoerak (%19), oilarrarenak izan duenak (%5) eta zapoaren kuota berdin mantentzeak baieztatzen dute espezie horiek onera egin dutela Bizkaiko Golkoan. Bestalde, kuotan jaitsiera izan dutenak hauek dira: hegoaldeko legatzak edo legatz iberiarrak, %22koa; berdelak, %15ekoa; zapo iberiarrak, %14koa, eta ur iberiarretako bakaladak, %7koa.
Murrizketa hori ikusita, Eusko Jaurlaritzak Ministerioari eskatzen dio arrantza kuotak kaltetutako floten artean banatzeko, eta, aldi berean, malgutasun mekanismoak bermatzeko, flotek beraien interes eta aukeren arabera elkar konpentsatzeko akordioak egin ahal ditzaten.
Era berean, eta Bruselan aztertutako barietateak alde batera utzita, exekutibo autonomoak komenigarritzat jotzen du Ministerioak ahalik eta lasterren antxoa eta hegaluzearen arrantza kuotak banatzea, euskal flotaren etorkizuneko antolaketari begira.
Euskadi erabaki organoetan
Era berean, Euskadik uste du beharrezkoa dela Europako erabaki organoetan presentzia zuzena edukitzea, euskal flotaren interesak zuzenean defendatu ahal izateko.
Eusko Jaurlaritza beti egon da kuotak itsasoaren dagoenaren arabera aztertzearen alde, kuota horiek beti iraunkortasunari lotuta egon daitezen eta barietate guztiek itsasoan denbora luzez irautea ahalbidetzeko. Exekutibo autonomoak gogoratu nahi du euskal flota aitzindaria izan dela espezieen kontserbazioa eta ingurumenaren zaintza errespetatzen duten praktikak inplementatzen.
Zorionez, Eusko Jaurlaritzak eta arrantza sektorea azken urteetan elkarrekin aritu dira ahaleginak egiten flota erabilgarri dauden baliabideetara egokitzeko, eta ahalegin horiek kuota murrizketa horren ondorioak arintzeko balioko dute.
Agazkiak: M. Arrazola