AgriSpin Europako proiektuaren bederatzi kidek Euskadiko hainbat ekimen berritzaile bisitatu zituzten 2015eko urriaren 27tik 30era
, nekazaritzaren alorreko berrikuntza-prozesua eta sistema aztertzeko. Bisitaldiaren azken egunean, Europako adituek sektoreko eragileekin egindako mintegi batean ateratako ondorioak azaldu eta hainbat ekarpen egin zituzten.
AgriSpin Europako Zerumuga 2020 programako proiektu bat da, eta nekazaritzako berrikuntza-prozesuak aztertzea du helburu, ezagutza eta sektorea hobetzeko neurriak zabaltzen laguntzen duten babes-zerbitzuen edo berrikuntza broker-en zereginean arreta berezia jarriz.
AgriSpin Europako Zerumuga 2020 programako proiektu bat da
HAZI Fundazioa proiektuan parte hartzen duten Europako 13 herrialdetako 15 bazkideetako bat da. Euskadiko lehen sektorean berrikuntza-broker gisa jarduten duen Katiluren bidez hartzen du parte AgriSpin-en. HAZI Fundazioaz gain, nekazaritzaren arloko aholkularitza-zerbitzuek, ikerketa-zentroek, teknologia-zentroek, eskualde-gobernuek eta nekazarien elkarteek hartzen dute parte egitasmoan.
Proiektuaren muina 13 herrialde parte-hartzaileek lehen sektoreko berrikuntza-kasuak ikusteko eta aztertzeko elkarri egingo dizkioten bisitaldiak izango dira. Tankera horretakoa izan da AgriSpin partzuergoko bederatzi kideek Euskadira egindako bisitaldia. Horretan, Europako adituek nekazaritzaren arloko lau ekimen berritzaile ezagutu zituzten:
• ITERA.AA: esne-ustiategi bateko dibertsifikazioa, esnea vending-eko makinetan zuzenean salduta.
• Karabeleko: ikerketa eta terapia psikosoziala uztartzen dituen nekazaritza ekologikoko finka esperimentala.
• Seedcapital: koltza bioerregai eta animalien elikagai gisa erabiltzeari buruzko ekonomia zirkularreko adibidea.
• Geopos: satelite bidezko komunikazioetan oinarritutako abereak kokatzeko sistema.
Nekazaritzaren arloko Euskadiko berrikuntza-prozesuaren azterketa
Bisitatutako lau ekimenetan ikusitakoa erabiliz, Europako adituek nekazaritzaren arloko Euskadiko berrikuntza-sistema eta prozesua aztertu zituzten. Hala, kasu bakoitzari buruzko eta egoera orokorraren gaineko hausnarketak egin zituzten, nekazaritzaren arloko berrikuntza-sistemaren lau alderdi oinarritzat hartuz, hain zuzen ere: berrikuntza-prozesua, parte hartzen duten eragileak eta sarea, inguruaren edo ekosistemaren eragina eta egitasmo berritzailearen ezaugarri nagusiak.
Barne-azterketa horren ondoren, partzuergoko kideek ateratako ondorioak mintegi batean azaldu zituzten, urriaren 30ean, Arkauteko zalditegietan. Emaitzak horiek aipatutako lau alderdien arabera sailkatu zituzten, eta Pearls edo indarguneen analisi baten bidez eta puzzleen edo hobetu beharreko alderdien bitartez aurkeztu zituzten. Azken azterketa horri esker, mintegira joan ziren nekazaritzako eragileek ekarpenak egin eta partzuergoko kideek azaldutakoa osatu ahal izan zuten.
Eztabaidatutako puntu nagusietako bat berrikuntzaren arloko maila ezberdinen arteko lankidetza izan zen. Partzuergoko kideek Europan lankidetza falta zela nabaritu zuten arren, Euskadiko eragileek nabarmendu nahi izan zuten Euskadiko erakundeek Europan maiz aritzen direla lankidetzan eta parte hartzen.
Bestalde, lehen sektorean berrikuntza zabaltzearen ondorioz lehiakortasuna galtzea zen partzuergoaren beldurretako bat, baina Euskadiko eragileek berrikuntza bestelako gauzak ekoiztea ez ezik, gauzak beste modu batean ekoiztea ere badela azpimarratu nahi izan zuten.