Neiker-Tecnalia Nekazaritza, Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea Neofood proiektua garatzen ari da
, eta helburua da euskal itsasertzean omega 3 bezalako osagai bioaktibo interesgarriak dituzten itsas mikroalgen espezieak identifikatzea. Zentro teknologikoak mikroalga espezieen bilduma bat identifikatu eta isolatzea lortu du: Thraustochytrido familiakoak dira, eta lipido eta azido dokosahexaenoiko (DHA) kantitate handia dute. Ikerketa Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Lehiakortasunerako Sailak finantzatzen du, Elikagaien Kalitate eta Industrien Zuzendaritzaren Berriker programaren bitartez.
Neikerek hautatutako mikroalgen kultibo egokia egiteko protokolo bat garatu du
Elikagai funtzionalak lortzeko erabil daitezkeen konposatu bioaktiboak dira gaur egun elikagaien industriarako ikerketa arlo nagusietakoa; hori dela eta, NEIKER sektorearentzako proposamen berritzaileak ari da bilatzen. Ikerketa zentroak bereizitako anduien analisi biokimikoek erakutsi dute mikroalgek ekoizten dituzten gantz azidoen multzoan %20 DHA dagoela.
Neikerek hautatutako mikroalgen kultibo egokia egiteko protokolo bat garatu du, non hainbat faktoreren eragina kontuan hartzen den, horien artean egonik gatz maila, nutrienteen kontzentrazioa edo nutriente mota. Kultibo mota horrek lortu daitekeen ahalik eta DHA eta omega 3 motako beste gantz azido poliasegabe gehien optimizatzea ahalbidetzen du. Gainera, espezie horien analisi biokimikoak erakutsi du elikagaien industriarako interesgarriak izan daitezkeen beste konposatu batzuk ere badaudela, hala nola ahalmen antioxidatzailea duten pigmentu naturalak edo entzima estrazelular hidrolitikoak, esaterako, lipasak, zelulasak edo proteasak.
Ikerketan bereizitako Thraustochytrido espezieak Bizkaiko Pobeña (Muskiz), Txipio (Plentzia) eta Busturia (Urdaibai) kokaguneetako paduretan egindako laginketetatik abiatuta hartu ziren.
Omega 3 duten elikagai osasungarri berriak
Neofood proiektuak, konposatu bioaktiboak dituzten mikroalgak identifikatzeaz gain, elikagai berriak sortzea ere bilatzen du, mikroalgen konposatu mesedegarrien itxura osasungarria eta sentsoriala integratuko dutenak. Omega 3 motako gantz azido poliasegabeak osasunerako ezinbesteko nutrienteak direla jotzen da. Bai komunitate zientifikoak bai elikagaien industriak aitortzen dute horiek kontsumitzea onuragarria dela, eta dietan gehitzea gomendatzen dute.
Halaber, gaur egun arrain olioa da omega 3 motako gantz azido poliasegabeen iturri komertzial nagusietako bat. Horrelako konposatuen eskaria hazi egingo dela aurreikusten da, eta, jatorria ere kontuan hartuta, horiek sortuko dituzten mikroorganismoak bilatzen ari dira, esaterako, mikroalgak, horien artean nabarmentzen delarik Thraustochytrido-en familia Itsas jatorriko mikroorganismo zelulabakar horiek banaketa ekologiko eta geografiko zabala dute, eta itsasertz hotz, epel zein tropikaletan aurkitzen dira, baita mangladi, padura eta estuarioetan ere.
Nutrizio heterotrofoko mikroorganismoak dira eta, gehienak, deskonposatzen ari den materia organikoari lotuta daude. Ezaugarri nagusia da lipido kantitate handiak metatzeko ahalmena dutela, beraien pisuaren %50era arte, DHA presentzia handia dutela, ekoizten dituzten gantz azidoen %27-%70 bitarte eduki baitezakete.