Kutsagarriak izan daitezkeen industria-eremuetatik gertuko nekazaritza-ekoizpenetan ez dago industria-jatorriko kutsadura lausorik.
Halaxe eman da aditzera Elikak (Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioa) eta Ihobek (Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa) Euskadin elkarrekin egindako proiektu batean. Industriako isuriek Euskadiko nekazaritza-elikagaien ekoizpenean duten eragina aztertzea izan da proiektuaren helburua.
Horretarako, jatorria industrian duten kutsatzaileak aztertu dira, kutsagarriak izan daitezkeen industria-eremuetatik gertu dauden Arabako eta Gipuzkoako bi eremutan. Laginketa-eremuak Ikerketa-eremuak identifikatzeko, batetik, kutsagarriak izan daitezkeen industria-jardueren geruza kartografikoak gainjarri ziren (Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren arabera) eta nekazaritza-lursailen nekazaritza eta abeltzaintzarako erabilerak era bai, bestetik, (Nekazaritza Lursailak Identifikatzeko Sistema Geografikoaren arabera).
Hartara, industria-jatorriko jalkin atmosferikoek lurzoruan eragindako kutsaduraren eraginpean egon zitezkeen nekazaritza- eta abeltzaintza-erabilerako zenbait eremu identifikatu ahal izan ziren. Ikerketa-eremuak aukeratu ostean (Laudio, Araban, eta Goierri eskualdeko Beasain, Gipuzkoan), 11 barazki- eta 4 fruta-motaren 111 lagin bildu ziren guztira, baita 79 lurzoru-lagin ere. Zehazki, honako laginketak hartu ziren:
• Laudio inguruan, barazkien (letxuga, zerba, ziazerba, kalabaza, kuiatxoa, porrua, patata, leka, tomatea eta piperra) eta fruten (sagarra, mahatsa eta pikua) 42 lagin bildu ziren, 15 laginketa-eremutan.
• Beasain inguruan, berriz, barazkien (letxuga, zerba, tipula, kuiatxoa eta patata) eta fruten (sagarra, udarea eta mahatsa) 69 lagin hartu ziren, 9 laginketa-eremutan, eta 79 lurzoru-lagin, 8 laginketa-eremutan.
Kutsatzaileen azterketa Industriako isuriekin zuzenean lotutako hainbat kutsatzaileren edukiak aztertu ziren, hala nola metal astunena (beruna, kadmioa, merkurioa, artsenikoa, kobrea, nikela, zinka, kromoa, burdina eta manganesoa) eta hidrokarburo aromatiko poliziklikoena (HAP). Lurzoruan eta aztertutako elikagaietan identifikatutako metalen eta HAPen emaitzak oso baxuak izan dira. Hortaz, ondorioztatu da aztertutako nekazaritza-ekoizpenek ez dutela inguruko industria-jardueraren eraginik jasan. Arriskua ebaluatzea Emaitzak ikusita, EAEko biztanleriak kutsatzaile horien eraginpean izateko nolako arriskua duen ebaluatu du Elikagaien Segurtasuneko Euskal Batzorde Zientifikoak, eguneko esposizio-dosiaren estimazioa eginda eta datu hori kutsatzaile bakoitzaren erreferentzia toxikologikoen balioekin alderatuta. Hala, Batzordeak ondorioztatu du elikagai horien kontsumoak ez diola inongo arrisku gehigarririk eragiten, ez gizakien osasunari, ezta animalien osasunari ere.
Informazio gehiago: adearino@elika.eus ; aalzola@ihobe.eus