Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak, Arantxa Tapiak, eta Lombardiako Nekazaritzako kontseilariak, Gianni Favak, Euskadi eta Lombardia arteko lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute
nekazaritzako elikagaien arloan, alor horretan aitzindari diren eskualdeen sare bat sustatzeko asmoz.
«Elikatu planeta, bizitzarako energia» izeneko nazioarteko Expo-erakusketaren esparruan sinatu dute hitzarmena. Hain zuzen, egunotan ari dira egiten, Milanen, eta Euskadik eskualde gonbidatu gisa hartu du parte, hainbat ekitaldiren bitartez euskal gastronomiaren eskaintza sustatzen.
Euskadi eta Lombardiako gobernuek landa, nekazaritza eta elikaduraren esparruko esperientziak eta jakintza trukatzeko proiektuak sustatzeko konpromisoa hartu dute, eremu horretan baterako ekimenak garatzeko.
Bi gobernuek dute nekazaritza- eta arrantza-sektoreak lehiakortzeko interesa, nekazaritzako elikagai-katearen ekoizpen-ahalmena sustatuz eta merkaturatze-estrategia berrietara bideratutako eraldaketari helduz.
Euskadi eta Lombardiako gobernuek landa, nekazaritza eta elikaduraren esparruko esperientziak eta jakintza trukatzeko proiektuak sustatzeko konpromisoa hartu dute
«Nekazaritza-elikagaien sektoreak, eta bereziki tokiko produktuei lotutako elikagaigintzak, hazteko eta lehen sektorea dibertsifikazio eta oreka handiagoz garatzeko aukera ematen digute» azaldu du Tapiak.
Industriaren esparruan ere gerta bezala, Euskadiko lehen sektorea gero eta gehiago bermatzen da berrikuntzan produktu eta zerbitzuei balio handiagoa ekartzeko.
Esparru hauetan garatuko da eskualde arteko lankidetza:
• Tokiko nekazaritza-elikagaien kalitatea eta jatorria, merkaturatze-zirkuitu motzak indartuz
• Ezagutzak eta berrikuntza trukatzea
• Europako esparruan nekazaritzaren eta nekazaritza-elikagaien arloko berrikuntzan aitzindari diren eskualdeen talde bat sortzea
• Jardunbide egokiak trukatzea, bai eta elikadurari buruz hezteko proiektuak ere: hain zuzen, tradizio gastronomikoak sustatzeko helburua dutenak.
• Jardunbide egokiak eta zirkuitu-motza sustatzeko proiektuak trukatzea: nekazari-azokak, zuzeneko salmenta, etab.
Nekazaritzako elikagaien alorrean aitzindari diren eskualdeen sarea
Lombardia Italiako eskualde nagusia da nekazaritza-elikagaien alorrean, bai eta oso eskualde aktiboa lurralde-irudia sortzen eta gertuko produktuen kalitatea, identifikazioa eta sustapena bultzatzen ere.
Horiek horrela, Euskadik «aliatu» gisa aurkitu du Lombardia, nekazaritzako elikagaien arloan abangoardista izan daitezkeen eskualdeen sare baten buru izateko eta, baterako ekimenen bitartez, Europan erreferente gisa kokatzeko.
Tapia sailburua eta Favia kontseilaria bat datoz Batasuneko agintarien aurrean defentsa bateratua egiteari dagokionez. Lurraldeari eta kalitateari lotutako produktuak sustatzea da helburua.
Elkarrekiko lotura gero eta handiagoa duen mundu batean eta Europa batean, landu beharreko funtsezko tresnak dira lankidetza-sareak, eta «gure ustez, eskualde arteko lankidetzak abagune aproposa ekar dezake nekazaritza-elikagaien arloan egiten ditugun politikak ahalik eta hoberen garatu, eta hobeto posizionatzeko».
Horregatik proposatzen dugu nekazaritzaren, nekazaritzako elikagaien eta landa alorrean aitzindari diren eskualdeen sare bat, ezaugarri hauek dituzten eskualdeak bilduko dituena: autonomia mailako garapena, politika propioak modu autonomoan egiteko borondatea eta beste eskualdeen buru izateko gaitasuna.
Euskal produktuak eta gastronomia Milaneko Expoan
«Elikatu planeta, bizitzarako energia» Milaneko Expo-azokaren esparruan sinatu dute hitzarmena; izan ere, egunotan, produktua sustatzeko hainbat ekintza antolatu dituzte Eusko Jaurlaritzak eta HAZI Fundazioak han.
Ildo horretan, koktel-dastak egin dira Mikel Garaizabal euskal enologo eta sommelierraren eskutik; euskal ardo eta sagardoak izan dira horietan protagonista, gure gastronomiako produktu kutunenekin batera: esaterako, Idiazabal J.D. gazta, arrain-kontserbak, Euskal Txerria urdaiazpikoa, Tolosako teila eta zigarrotxoak, etab. Orobat, dantzariek, txalaparta-musikak eta askotariko saio artistikoek girotu dituzte dastak.
Testuingurua baliatuz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko ordezkari batzuk –Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuorde Bittor Oroz eta Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendari Peli Manterola– nekazaritza-elikagaien hainbat haztegi bisitatu dituzte; esaterako, Consorzio Latterie Virgilio partzuergoaren instalazioak (Italiako esneki- eta gaztagintza-enpresa handienetakoa) eta Bersi Serlini upeltegia.