Eusko Legebiltzarrak aho batez onartu du Emakume Nekazariaren Estatutua.
Horrenbestez, Euskadi da landa-inguruneko eta lehen sektoreko emakumeen lan-egoera arautzen duen lehen autonomia erkidegoa. Arauaren helburu nagusia da, hain zuzen, emakume nekazarien lana ikusgarriagoa egitea eta emakumeek esplotazioen titulartasuna eskura dezaten sustatzea.
Keinu sinboliko bat eginez, estatutua Euskadiko Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Egunaren batera onartu da
Keinu sinboliko bat eginez, estatutua Euskadiko Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Egunaren batera onartu da, egunaren ospakizunaren azken edizioak 200 emakume baino gehiago elkartu dituela ekitaldi batean, Markina-Xemeinen (Bizkaia). Ekitaldia Landa Eremuko Emakumeen Batzordeak eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzak antolatu dute, HAZI Fundazioaren idazkaritza teknikoaren ikuskaritzarekin. “Etorkizuna eginez jarraitzen dugu” lelopean, landa-eremuko emakumeek betetzen duten eginkizunaren balioa agerian jarri nahi izan da, bereziki nekazaritzako elikagaien industriari egiten dioten ekarpenarengatik.
Lehentasuna da emakume nekazariek esplotazioen titulartasuna lor dezaten sustatzea, euren lana ikusgarri bihurtzeko.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua, Arantxa Tapia, eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordea, Bittor Oroz, Markinara joan dira, behin Eusko Legebiltzarrean Emakume Nekazarien Estatutua onartu duen saioa amaitu eta gero, Bizkaiko herri horretan bildutako emakume guztiekin ospatzeko emandako pauso garrantzitsua. Sailburuak esan duenez, “Emakume Nekazariaren Estatutua onartuta, lehenengo sektoreko emakumeari eman beharreko aitorpen profesionala ematen zaio, hori egiteke baitzegoen, eta dagozkion eskubide laboral, sozial eta fiskalak onartzen zaizkio, besteak beste”. “Lehentasuna da –gehitu du– emakume nekazariek esplotazioen titulartasuna eskura dezaten bultzatzea, haien lana ikusgarri bihurtzeko eta eta lan horretatik ondorioztatzen diren eskubide guztiak izan ditzaten”.
Bestalde, Bittor Orozek nabarmendu duenez, “estatutu honek erantzuten dio emakumeek nekazaritza-arloan sufritzen duten diskriminazioari aurre egiteko premiari, batez ere euren aitorpen profesionalari eta estimazio sozialari dagokionez. Izatez, esplotazioen titularrak diren emakumeen proportzioa ez dator bat esplotazioetan benetan egiten dituzten lanekin, askotan lan horiek ez baitira ikusten”.
Jardunaldian aritu dira, era berean, Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendaria, Elena Gutierrez, Iraunkortasun eta Ingurune Naturala Zaintzeko Bizkaiko foru-diputatua, Elena Unzueta, Emakundeko zuzendaria, Izaskun Landaida, Markina-Xemeingo alkatea, Juan José Txurruka, eta, Landa Eremuko Batzordeko ordezkari, Lorea Momeñe, Landa XXI elkartekoa.
Jardunaldiaren edukia
Aurtengo ospakizunean, balorarazi eta ikustarazi nahi izan da emakume nekazarien eginkizuna, eta, bereziki, nekazaritzako jakien industriaren balio-kateari –eta ondorioz nekazaritza-garapenari– egiten dioten ekarpena.
Parte hartzaileek azken urtean landa-eremuko emakumeen inguruan izandako gertakari nagusiak aztertu dituzte, hala nola Landa Garapenerako Plan Berria, Emakume Nekazariaren Estatutuaren onarpena, Emakume Nekazariari buruzko azterketa edo Argia proiektuaren garapena.
Gainera, landa-ingurunean enpresa proiektu berritzaile eta arrakastatsuak gidatzen ari diren zenbait emakumek ere beren esperientziak partekatu dituzte jardunaldian. Hala, bertaratutakoek emakume horien esperientziak entzun ahal izan dituzte. Zehazki, hauek guztiak aritu dira beren lanen berri emanez: Iratxe Martinez, arrautza ekologikoaren ekoizle gaztea Garain; Raquel Lopez, akuikultura iraunkorreko proiektu bat duena; Loli Casado, Arabako Errioxako ardogilea; Sonia Ingunza, nekazaritza ekologikoko ekoizlea; Sonia Barrondo, abeltzaina eta landa-turismoko kudeatzailea; Nora Calzada, Papamóvil foodtruckaren jabea, eta Laura Muñoz, Urgora jatetxekoa.
Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Foroa.
Euskadiko Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna Emakundek hamabigarrenez jarraian antolatzen duen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Foroan kokatzen da. “Gizartea aurrera doa berdintasunerantz, ez dezagun atzera egin” du lema, eta gune plural eta irekia izan nahi du, berdintasunaren balioari buruz eta arlo horretan atzera egiteko arriskuei buruz hausnartzeko.
Berdintasunerako XII. Foroa 2015eko urriaren 5etik abenduaren 18ra bitartean garatzen ari da.