Eusko Jaurlaritzak, Basquetour-Turismoaren Euskal Agentziaren bidez, eta Sagardi jatetxe taldeak lankidetza-akordio bat sinatu dute
euskal gastronomia eta produktuak eta Euskadi Basque Country marka euskal turismoarentzako interesa duten merkatuetan sustatzeko.
Basquetourreko zuzendari Arantza Madariagak eta Sagardiko presidente Iñaki Lz. Viñasprek sinatutako akordio honen bidez, Sagardi taldea Euskadi Gastronomika Klubean sartu da kide estrategiko gisa. Euskaditik kanpo dagoen Klubeko lehen kidea da. Sagardik 27 establezimendu ditu guztira Bartzelonan, Valentzian, Madrilen, Santiagon (Txile), Buenos Airesen eta Porton, eta laster presente egongo da Mexiko DFn, Shangain, New Yorken eta Londresen, besteak beste. Gainera, zabalpen-planetan, Sagardik aurreikusten du establezimendu berriak irekitzea hiri estrategikoetan euskal turismoarentzat. Leku horietan, Euskadi helmuga gisa, eta, bereziki, bertako gastronomia sustatuko dira.
Horretarako, Sagardiren lokal guztietan Euskadi Basque Country-ren eta Euskadi Gastronomikaren informazio-puntu bat egongo da. Gainera, taldeak Sagardi Club Txapeldun fidelizazio-programari buruzko informazioa emango die bazkideei. Era berean, euskal produktuen jardunaldi gastronomiko batzuk antolatuko dituzte Sagardi Taldearen lokaletan, eta Gastronomika Klubeko kideek hartuko dute parte, akordioan jasota bezala: “Euskadi Gastronomikaren Astea Sagardin”.
Euskadi Gastronomika da Euskadiko Produktu Turistiko Gastronomikoaren Klubaren marka. Hori hiru euskal hiriburuek eta eskualdeek osatzen duten sarea da, eta enogastronomiarekin lotutako enpresen eta zerbitzuen parte-hartzea sustatzen du. Helburua da produktu turistiko bat sortzea lurraldearen identitate eta kalitate gastronomikoa oinarri hartuta. Horrela, Euskadik enogastronomian duen lidergoa sendotu nahi da, eta gastronomiak bultzatuta datozen bisitarien kopurua areagotu, turismoaren kudeaketaren alor guztiak hobetuta. Basquetour-Turismoaren Euskal Agentzia, Eusko Jaurlaritzaren turismo-politikak sustatu eta ezartzen dituen sozietate publikoa, lanean aritu da agente publiko eta pribatuekin…..