NEIKER-Tecnaliak doktorego-tesi bat aurkeztu du Euskadiko ardi-esnearen sektorearen jasangarritasuna aztertzeko
; horretarako, Nafarroako INTIA enpresarekin, Sevillako Unibertsitatearekin eta Leongo Unibertsitatearekin batera landutako tresna bat erabili du. Tresna horrek 112 adierazle erabiltzen ditu ustiategien jasangarritasuna aztertzeko, ingurumena, ekonomia eta gizartearen ikuspegitik. Ustiategi baten egoeraren diagnosia egin daiteke tresnarekin lortutako emaitzak erabiliz jasangarritasunaren alorrean; orobat, aukera ematen du gaitasunak eta ahuleziak identifikatzeko, ustiategien epe luzeko bideragarritasuna bermatzeko balio onenak zehazteko.
Idiazabal Gazta egiteko erabiltzen den ardi latxaren esnearen ekoizpena aztertuta, jasangarritasun-maila hobeak aurkitu dituzte ustiategi tradizionalenetan.
Hala, ikerketan aipatzen da ustiategi horiek lotura handia dutela lurraldearekin, eta indar-gune hauek identifikatu dituzte ingurumenari dagokionez:
– artzaintza, ingurunean eragin positiboa duen jarduera gisa;
– elikadura-autonomia handiagoa abeltzainarentzat, eta kanpoko baliabideekiko mendetasun txikiagoa;
– nekazaritza-paisaia sortzea;
– eta praktika tradizional batzuei eustea, garrantzia kultural handikoak eta lurraldeari oso lotuta.
Era berean, ikuspuntu sozial batetik, balio onargarriagoak aurkitu ziren ustiategi tradizionaletan; besteak beste, gizartetik gertuago daudela nabarmendu behar da, merkaturatzeko bide motzagoak erabiltzen baitituzte eta familia-izaerari esker jakintza belaunaldiz belaunaldi transmititzea ahalbidetzen baitute.
Ikuspuntu ekonomikotik, emaitzarik onenak lortu dituzte gazta ustiategian bertan ekoizten dutenek.
Sektorearen ahultasun batzuk ere identifikatu dira ebaluazio-tresnari esker; hala nola, baliabide naturalak egoki erabiltzeko beharrarekin eta zenbait inpaktu saihestearekin lotuta (elikagaiei, energiari eta berotegi-efektuko gasei dagokienez).
Karbono-aztarna
Gainera, tesi honek Euskadin ekoitzitako ardi-esnearen karbono-aztarnaren kalkuluaren emaitzak aurkezten ditu, ardi-esne litroko 2 eta 5,2 kilo CO2 arteko emaitzekin. Ikerketan, kontuan izan zen karbonoa atzemateko eta biltegiratzeko gaitasuna, klima-aldaketaren eragina gutxitzeko neurri gisa. Artzaintzak eta ongarriketa organikoak garrantzia duten ustiategietan % 40rainokoa zen gaitasun hori.
Euskal abeltzaintzaren garrantzia
Abeltzaintza oso jarduera garrantzitsua izan da eta da euskal gizartearentzat. Oso lotua dago gure lurraldearekin, gure dietarekin eta gure kulturarekin. Alabaina, egungo elikagai-ekoizpenak hainbat erronkari heldu behar die lehenbailehen: abeltzaintzaren eta nekazaritzaren ingurumen-inpaktu negatiboa, dagoeneko ikusteko modukoak diren klimaren aldaketek egungo ekoizpen-moduari ezarritako baldintzak, indartzen ari diren ekonomien haragi-produktuen eskaera hazkorra, eta biztanleriaren hazkundea: aurreikuspenen arabera, 10.000 milioikoa izango da 2050erako.
Gainera, Europan lehen sektoreak suspertu beharra dauka, eta landa-eremuak arreta berezia eskatzen du, berriz ere balioa irabaz dezan, biztanleriarik gal ez dezan eta nekazaritza-jardueraren beherakada orokorra gelditu dadin.
Horretarako, garrantzitsua da sektorearen epe luzeko bideragarritasuna bermatuko duten alderdiak identifikatzea. Modu jasangarrian egin beharko da hori, jasangarritasuna gizartearen, ekonomiaren eta ingurumenaren ikuspegitik landuz.