Klima-aldaketak eta arrantzak itsas harrapakari handien populazioari eta itsas ekosistemei nola eragingo dioten iragartzea zuen helburu III. CLIOTOP kongresuak. Irailaren 14tik 18ra egin zen, Donostiako Miramar jauregian.
Nazioarteko 120 bat adituk beren ezagutza partekatu dute jardunaldietan. AZTI itsasoaren eta elikagaien berrikuntzan aditua den zentro teknologikoak antolatu ditu jardunaldiok, “Itsas animalien etorkizuna, ozeano aldakor batean” izenburupean.
Bost kontinenteetako zientzialariak egon ziren CLIOTOPen, eta aukera ezin hobea da arrantzak eta klima-aldaketak harrapakari-espezie nagusietan eta sistema pelagikoetan izan duten eragina mundu mailan konparatzeko eta aztertzeko. Adituek ingurumenaren ikuspuntutik ebaluatu dituzte inpaktu horiek, eta haien ondorio sozial eta ekonomikoak aztertu dituzte.
Kongresua baliagarria izan da itsas ekosistemen arriskuak neurtzeko tresna egokienak identifikatzeko.
Kongresua baliagarria izan da, halaber, itsas ekosistemen arriskuak neurtzeko tresna egokienak identifikatzeko. Azterketa-metodologia onenak izatea funtsezkoa da itsas baliabideen kontserbazioa hobetzeko eta arrantza eta lurralde-antolamendua modu jasangarrian kudeatzeko, besteak beste.
Klima-aldaketaren beste ondorioetako bat itsas espezieen lurralde-banaketan gertatzen diren aldaketak izan dira. Elikagaien segurtasunaren eta espezieen kontserbazioaren arloko aldaketa horien ondorioak aztertuko dituzte adituek. Itsas ingurunea kudeatzeko sistemetan klima aldagaia kontuan hartzearen garrantzia nabarmendu du CLIOTOPek. Klimaren eboluzioaren berri izatea erabakigarria da klima-aldaketak ozeanoetan eta ozeanoetako espezieetan dituen efektuei aurre egiteko egokitzapen-estrategia egokienak zehaztu daitezen.
Argazkia: I.Onaindia