Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Industria sailburuorde eta HAZIko lehendakari Bittor Orozek eta Giez Berri erlezainen elkarteko lehendakari Alfredo Garciak lankidetza-akordio bat sinatu dute
, kalitatezko eztia elkarrekin sustatzeko eta sektore horrek egun Euskadin duen egoera zailari aurre egiteko.
Akordioan laguntzeko hainbat jarduera biltzen dira, hala nola negozioaren analisi bat egitea, etorkizunerako eredu bat finkatzea, langileen prestakuntzan aurrera egitea edo ekoizpen-prozesuak hobetzea, eta gizarteari produktu horren ontasunaren berri ematea.
Eusko Label ziurtagiria duen eztia kalitatezko produktu bat da, eta oso ona da osasunarentzat
Oroz sailburuordearen hitzetan «Eusko Label ziurtagiria duen eztia kalitatezko produktu bat da, eta oso ona da osasunarentzat. Sektoreko proiektu baten erakusgarri da, bestalde, eta hiru lurralde historikoetako ekoizleak biltzen ditu; horrez gain, Eusko Jaurlaritzak sektorearekin lankidetzan aritzeko eta produktu hori sustatzeko hartutako konpromisoa erakusten du».
Diagnosia
Euskadi ez da lurralde emankorra ezti-ekoizpena bermatu ahal izateko. Hilabete jakin batzuetan bakarrik ekoitz daiteke, eta hilabete horiek desberdinak izan daitezke lurraldearen arabera. Gainera, azken urteotan ezti-ekoizpena jaitsi egin da hainbat arrazoi direla medio: eguraldi txarra, erreginak galtzea, erlauntza kopuruaren beherakada urtetik urtera, Asiako liztorraren eragina, eta abar.
Egoera horren aurrean, administrazioa, teknikariak eta sektorean dabilen jendea lanean ari dira arazoari konponbideak bilatzeko.
Horri guztiari gehitu behar zaio, besteak beste, ekoizpenaren kostuen igoera orokorra, materialaz hornitzeko kanpoko lurraldeekiko menpekotasuna, eta ekoizleek beren gain hartzen dituzten gastu osagarriak, indarreko legediaren exijentzia-mailatik gora dauden produktu eta ekoizpen-prozesu bat bermatzeko.
Ekoizleak ekoizten jarraitzera animatzeko eta ekoizle berriak erakartzeko, ezinbestekoa da martxan jartzea ezti-ekoizpena interesgarri eta erakargarri bihurtzeko behar diren neurriak. Gainera, ez da ahaztu behar merkatuan kanpoko eztiak ere badaudela lehian: kalitate ez hain onekoak dira, eta Eusko Labela eta bestelako ziurtagiri ofizialak dituzten eztien ekoizpen-prozesu oso desberdinekin egiten dira.
Egoera horren aurrean, ezinbestekotzat jotzen da elkarlanean jardutea administrazioa eta sektorea, HAZI eta GIEZ BERRIren arteko lankidetza-akordioan azaltzen diren jarduera zehatzen bitartez:
Jarduerak
Lankidetza-akordioan jasotako jardueren artean honakoak daude:
– Negozio-eredua dibertsifikatzea: Negozio-ereduaren analisia egingo da, eta proiektuak definituko dira ekoizpen-egitura eta produktu eta zerbitzu berrien garapena moldatzeko.
– Prestakuntza- eta dibulgazio-jardunaldiak: Prestakuntza- eta dibulgazio-jardunaldiak egitea, erlezain berriak erakarri eta zaharrak «birziklatzeko».
Argazkia. M. Arrazola