EHUren Udako Ikastaroen azken edizioak Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzak antolaturiko hiru prestakuntza-mintegi eskaini ditu
, helburua gai hauetan jarrita: gastronomia bultzatzea, motor ekonomiko gisa; kalitate- eta jatorri-produktuen garrantzia nabarmentzea, eta paisaiaren kontserbazio kulturala. Goi-mailako profesionalek aztertu dituzte identitate-ikur horiek guztiak, Euskal Herriaren bereizgarritasun garrantzitsuak baitira, berez itsatsita daramatzate-eta hainbat tasun kultural, sozial, turistiko eta ekonomiko.
Gastronomia, balio eta enplegu sortzaile
“Michelin izarren konstelazio” apartekoa ikusi ahal izan zen ekainaren 22an eta 23an Donostiako Miramar jauregian, “Gastronomia, balio eta enplegu sortzaile” izeneko ikastaroan. Bertan, gastronomiaren inguruan lan egin eta hausnartu zen, gastronomia bere osotasunean hartuta, hau da, gizakiaren, giza elikaduraren, ingurumenaren eta ingurunearen arteko harremanak aztertzen dituen zientzia moduan hartuta. Sektore ekonomikoentzat interesgarriak diren zenbait esperientzia ere aztertu ziren.
“Michelin izarren konstelazio” apartekoa ikusi ahal izan zen ekainaren 22an eta 23an Donostiako Miramar jauregian
Ikastaroan Unescoren ordezkariak egon ziren, bai eta gastronomiaren alorreko hainbat aditu; puntako euskal sukaldari hauek, besteak beste: Martin Berasategi, Andoni Luis Aduriz, Daniel García, Jose Miguel Olazabalaga eta Luis Plágaro.
Ikastaroaren hartzaileak ostalaritza eta jatetxeen munduko ikasle eta profesionalak izan ziren, lehen sektoreko eta elikagai-industriako profesionalak, tokiko produktuen hornitzaileak, eta inplikatutako sektoreetako erakundeak eta administrazio-eragileak.
Jatorria eta kalitatea, desberdintzerako estrategia gisa
Gero eta globalizatuagoa den mundu honetan, ardoen tipikotasunaren eta kalitatearen alde egitea lehentasunezko helburua da mahastizaintzako eta ardogintzako lurraldeetarako. Hori dela eta, “Origen y calidad como estrategias de diferenciación en un mercado globalizado del vino” izeneko ikastaroan, Arabako Errioxaren gaur egungo egoera aztertu zen, bai eta beste lurraldeen aldean desberdintasunak markatzeko bidea ere, nortasunaren eta kalitatearen bitartez balio erantsia erakartzeko.
Prestakuntza-ekintza hori uztailaren 2an egin zen, Guardiako “Villa Lucía” ardoaren erakustokian, eta bertan zenbait enologo, sommelier, kazetari eta ardoaren kulturako adituk parte hatu zuten eta ardoen kalitatearen eta haien jatorriaren arteko erlazioaz mintzatu ziren.
Ikastaroaren hartzaileak ikasleak, sektoreko profesionalak eta ardoaren munduan interesa duten pertsonak izan ziren; zuzenean edo zeharka ardogintzarekin eta mahastizaintzarekin zerikusia duten pertsonak, direla mahastizainak, direla ardogileak, teknikariak edo mahastizaintza-eskualde bateko auzotarrak.
Naturaren kultur kontserbazioa
EHUren Udako Ikastaroetan izan duen parte hartzeari amaiera emateko, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzak nekazaritza-eremuetako azterketa bat eskaini zuen Miramar jauregian, uztailaren 6an eta 7an, ‘kultur paisaiak’ sortzen dituzten prozesu agroekologikoei buruz, paisaia horien eratzaile direnen ikuspuntutik, hau da, landagunean bizi eta lan egiten duten agenteen ikuspuntutik. Zenbait esperientzia aztertu ostean, haien jarraitutasuna berma dezaketen soluziobideak planteatu ziren, ingurumen- eta ekonomia-jasangarritasunaren parametroak betez eta jendearen bizi-kalitate baldintzak aintzat hartuz.
Ikastaroa Jaime Izquierdok zuzendu du –landa-inguruneko aditu bera–, zeinak hogei urtetik gora baitaramatza tokiko garapena eta naturaren kontserbazioa uztartzeko bideak jorratzen. Izkiekdok bere liburua ” Naturaren Kontserbazio Kulturala” aurkeztu du.
Gainera, ingurune babestuak eta nekazaritza-lurrak batera kodeatzen dituzten zenbait esperientzia kontatu zituzten hainbat adituk.Ikastaroa gai honetan interesa duen orori zuzendu zitzaion, bai ikuspegi sektorialetatik begiratuta (nekazaritza-basozaintza eta elikagaigintza), bai natur eta kultur ondarearen kontserbazioaren aldetik begiratuta; hau da, paisaia biziak eta jasangarriak eratzea, indarrean dauden lurraldeko ekoizpen-prozesuetan eta erabilera-prozesuetan oinarrituta.