Eusko Jaurlaritzak 6,4 milioitik gorako laguntzak onartu ditu, Euskadiko itsasertzaren eremuan inbertsioak egiteko
, eta horren bidez, legegintzaldi honetako lehentasunezko helburuetako batean aurrera egin du, hain zuzen ere lehen sektorea modernizatu eta sektore horretan dihardutenen bizitza-kalitatea hobetu nahi baitu. Kopuru horretatik, 3 milioi arrantza- eta akuikultura-sektorea modernizatzeko erabiliko dira; 2,3 milioi, itsasertzeko garapen-jarduerak finantzatzeko (“Itsaspen” programa); eta 70.000 euro, sasoikako langileentzako aterpeak sortu eta daudenak hobetzeko.
Arrantza- eta akuikultura-sektorearentzako laguntzak 3 milioikoak izango dira 2015. urtean
Arrantza- eta akuikultura-sektorearentzako laguntzak 3 milioikoak izango dira 2015. urtean, eta horien helburua sektorea modernizatzea izango da. Beste batzuekin batera, ekintzok jasoko dituzte diru-laguntzak: ontzietan egindako inbertsioek, merkatu berrietara jotzeak, eta sustapenerako kanpainek –bai norbanakoek bai elkarte eta kofradiek egindakoek–.
Ondorengoek izan dute laguntzak jasotzeko aukera: arrantzontziak behin-betiko uzteko proiektuek, arrantzontzietan egindako inbertsioek, konpentsazio sozioekonomikoek, akuikulturak, talde-ekintzek, merkatu berriak lantzeak, sustapen-kanpainek eta beste proiektu pilotu batzuek.
“Itsaspen” programa
Itsaspen programan zenbait laguntza daude jasota Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertza sustatu eta garatzeko, eta horretarako, 2,3 milioi euro izango dira, 2015 eta 2016. urteetarako. Era honetako jarduerak finantzatuko dira: oinarrizko zerbitzuak jartzeko direnak, ondarea zaintzea, turismoaren arloko ekimenak sortzea, enpresak modernizatzea, ekonomia dibertsifikatzea, eta autoenplegua.
Itsaspen programaren helburua da Euskadiko Autonomia Erkidegoko itsasertz-guneen sustapena eta garapena indartzea, biztanleriaren oinarrizko zerbitzuak eta bizi-kalitatea hobetuz eta kostaldeko herriak indarberritzen, biziberritzen eta garatzen lagunduko duten ekonomia-jarduera berriak sortzea babestuz.
Aterpeentzako laguntzak
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak aurten 70.000 euro erabiliko ditu nekazaritzaren arloan sasoikako lana egiten dutenentzako aterpeak eraiki eta daudenak hobetzeko. Laguntza horiek pertsona fisiko edo juridikoek, publiko zein pribatuek jaso ahal izan dituzte, higiezinen jabeak izan eta nekazaritzako ustiategietan sasoikako lanak egiten dituzten pertsonentzako lekuak eta ekipamenduak eraiki, egokitu edo hobetuko dituztenek.
Iaz Euskadin guztira era horretako 55 ostatu zeuden erroldan jasota, 500 leku baino gehixeagorekin, baina kopuru hori ez da nahikoa, batez ere mahatsa biltzeko garaian. Sasoikako lanari buruzko erakunde-arteko mahaiak —Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Gobernuaren Ordezkaritzak, sindikatuek eta gizarte-eragileek osatua— emandako datuen arabera, 900 pertsona kontratatu izan dira guztira hainbat kanpainatarako, eta kopuru hori gora egiten ari da urtetik urtera. Ostatua aurkitzeko zailtasunak direla-eta (are gehiago mahats-biltze sasoian), erakundeak bertako egoiliarren kontratazioa indartzen saiatzen ari dira, batez ere egoitza Logroño eta Gasteizen dutenena. Halaber, lanean dihardute mafiak desagerrarazteko asmoz; izan ere, nahiz eta hobekuntza handia egon nekazarien parte-hartzeari eta kontratazioen sentsibilizazioari dagokionez, oraindik ere ez dira guztiz desagertu.
Argazkia: M. Arrazola