16 gazte ikertzaile eta teknologok –13 emakume eta 3 gizon- nekazaritzaren, arrantzaren, elikagaien eta basogintzaren sektoreekin zerikusia duten arlo zientifikoetan eta enpresarialetan prestatzeko bekak jaso dituzte
Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industrien zuzendari Peli Manterolaren eskutik. Beka horiek –urtean 16.330 euro esleituta izango dituzte– Euskadiko I+G+B arloko jarduera sustatzeko eta etorkizuneko profesionalen prestakuntzan aurrera egiteko Eusko Jaurlaritza garatzen ari den politikaren baitan sartzen dira.
Deialdi honetan eman diren beketatik sei ikertzaileentzat izan dira eta hamar teknologoentzat.
Ikertzaileentzako bekek lau urteko iraupena dute, horietatik bi praktikakoak eta beste biak kontratukoak, eta lau urteak igaro ondoren bekadunek doktore gradua eskuratuko dute. Teknologoentzako bekek, berriz, bi urteko iraupena dute, eta beraien helburua da Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Sailaren ustez lehen sektorearen ingurune zientifiko eta enpresarialean estrategikoak eta lehentasunezkoak diren teknologia eta berrikuntza arloetan trebatzea. Bekadunek NEIKER, AZTI, EHU eta LEARTIKER erakundeetan jardungo dute.
Ikertzaileen kasuan, lehen bi urteetan 14.000 euro esleituko dira urtero, eta gainerako bietan, berriz, 16.330 euro; teknologoen kasuan, berriz, urtean 12.000 euro esleituko zaizkie.
Proiektuen gaiak
Aukeratutako proiektuek gai sorta zabala hartzen dute, lehen sektorean eragina duten hainbat arloren barruan:
• Nekazaritza: ongarritze organikoa, patologiak.
• Elikagaiak: arrisku mikrobiologikoak, eta eraldaketa eta kontserbazio prozesu berriak
• Animaliak: esnetarako ardien zaintza
• Arrantza: populazioen genetika arrantza stocketan
• Akuikultura: pentsuen erabilera