3D inprimaketari buruzko hitzaldiaren eta erakustaldi praktikoaren ondoren aurkeztu zen, Arkauten, euskal landa-inguruan teknologia berriak sartzeko Geroa Gaur foroa.
Aurkezpenean, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendari Elena Gutierrezek azpimarratu zuen Jaurlaritzak berrikuntza nekazaritzako elikagaien sektorera gerturatzearen alde egin duela, eta topaguneak sortuko dituela teknologia berriak eta horiek EAEko ekonomia- eta gizarte-prozesuetan dituzten ondorioak ikertzeko.
Adituak bat datoz 3D inprimaketaren ondorioei dagokienez: gure bizitzak aldatuko dituela uste dute guztiek
Adituak bat datoz 3D inprimaketaren ondorioei dagokienez: gure bizitzak aldatuko dituela uste dute guztiek. Gaur egun teknologia hori, fabrikazio gehigarria izenaz ere ezagutzen dena, ohikoa da industria-sektoreetan, batez ere pieza txikiak, maketak edo prototipoak fabrikatzeko. Baina nekazaritzari eta beste sektore batzuei dagokienez, orain ari da lehen pausoak ematen.
HAZI Fundazioak antolatutako lan-prospektibari buruzko Geroa Gaur foroan, EAEko lehen sektoreko ordezkariek in situ ikusi ahal izan zuten nola funtzionatzen duten inprimagailu horiek. Izan ere, foroak topagunea izan nahi du sektorearekin proposamen ezberdinak –teknologiarekin, joera berriekin zein gizarte-arloekin lotutakoak– aztertu eta jorratzeko, etorkizunean haien eguneroko lanean eragina izango duten heinean.
Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendari Elena Gutierrezek jardunaldiaren irekiera-ekitaldian adierazi zuen bezala: “joera berri horiek gure lehen sektorea eta euskal landa-ingurunea berritzera datoz. Garrantzitsua da zer mailatan eragingo diguten eta zer onura atera diezaiekegun jakitea, bai sektorearen lehiakortasuna eta bai pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko, hori funtsezkoa baita gure nekazaritzaren etorkizunerako”. Gutierrezen hitzetan, mota horretako ekimenak Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzaren Berrikuntza eta Lankidetza Estrategia Biziaren barruan sartzen dira; azken hori, berriz, KATILU izeneko “berrikuntza broker”-aren bidez koordinatzen da, hots, nekazaritzako elikagaien sektorean eta landa- zein kosta-inguruneetan lankidetzako berrikuntza aktibatzeko sortutako tresnaren bidez.
Animalientzako protesiak eta ondarearen kopiak, besteak beste
Arkauteko Zalditegiak zentroan bildutako sektoreko ordezkariek 3D inprimaketaren aplikazio batzuen berri izan zuten. Aukerak amaiezinak dira, ordea, tresna horiek baliatzen dituzten pertsonen irudimena adina. Adituek aurreikusten dute teknologia honen garapen azkarrak harrituko egingo gaituela, egun ia magia iruditzen zaiguna ohiko eta are funtsezko bilakatuko baita eguneroko bizitzarako.
Bertaratuek in situ egiaztatu ahal izan zuten 3D inprimaketaren bidez denbora gutxian eskaneatu eta egin daitekeela giza busto bat
Fabrikazio gehigarriaren bidez nekazaritza eta abeltzaintzako tresnak egin daitezke traktore zein industria-aparatuentzat, pieza bat makina fabrikatu zen herrialdetik ekartzeko beharrik gabe; horrek epeak eta kostuak murrizten ditu, bistan denez. Hainbat aplikazio aipatu zituzten adibide gisara, hala nola, neurrira egindako animalientzako protesiak, kultura-ondarearen edo eremu bateko geografia-istripu tipikoen kopiak eta elikagaiak.
Bertaratuek in situ egiaztatu ahal izan zuten 3D inprimaketaren bidez denbora gutxian eskaneatu eta egin daitekeela giza busto bat, adibidez, horretarako hautatutako edozein materialez.
Nirea Akordioari etorkizunerako ekimenak erantsiko dizkion foro bat izatea da Geroa Gaur proiektuaren helburua; izan ere, Nirea Akordioak, Jaurlaritzaren laguntzarekin, lehen sektoreko eragileek sektorea berraktibatu eta landa- zein kosta-ingurunea berritu nahi du.