ELIKAk Europako Elikadura Segurtasunaren Agintaritza erakundeak esne gordina kontsumitzeari buruzko gomendioetan oinarritutako artikulu bat argitaratu du.
Europan hedatzen ari da merkaturatutako esneak bere propietate eta mantenugai gehienak galtzen dituelako sinesmena, esne gordinak ez bezala. Hori dela eta, kontsumitzaileak geroz eta interes handiagoa du esne gordinean eta osasunari ekartzen omen dizkion onuretan. Baina jakin behar da esne gordinak gaixotasun larriak eragiten dituzten bakterio batzuk izan ditzakeela.
Jakin behar da esne gordinak gaixotasun larriak eragiten dituzten bakterio batzuk izan ditzakeela
Bakterioen arriskua saihestea
Higiene-jardunbide egokiak funtsezkoak dira baserrietan esne gordina ahal bezain gutxien kutsatzeko. Esnea garraiatu eta biltegiratzeko unean hotz-kateari eustea ere garrantzitsua da esne gordineko bakterioak haztea prebenitzeko edo geroratzeko. Jardunbide horiek ez dute arriskua guztiz ezabatzen, ordea.
Esne gordineko bakterio kaltegarriak ezabatzeko modurik onena kontsumitu aurretik esnea irakitea da. Esne komertzialari aplikatzen zaizkion prozesuek ere, pasteurizazioak, esaterako, bermatzen dute esnearen osasungarritasuna.
Haurrek, umeek, haurdun dauden emakumeek, adineko pertsonek eta sistema immunitario ahula dutenek (berriki ebakuntza egin badiote, gaixotasun kronikoren bat badute, etab.) arrisku gehiago dute aurrez tratatu gabeko esnea edateagatik gaixotzeko.