Otsailaren 23 eta 26 bitartean Okilei buruzko Nazioarteko 7. Biltzarra (7th International Woodpeckers Conference) egin zen Vitoria-Gasteizen.
Jardunaldi horretan elkartu ziren ekologiaren eta okilak zaintzearen arloko aditu nagusietako asko, hegazti-mota horiei buruzko ezaguerak eta azken ikerketak elkarri trukatzeko asmoz. Ornitologoentzat berezko xarma du espezie honek eta, diziplina bio-ekologiko askotan eredutzat baliatzeaz gainera, okilak oso inportanteak dira baso-ekosistemetan, bigarren mailako hartzaileek erabil ditzaketen substratuak eta zuloak sortzen baitituzte (intsektuak, ugaztunak, beste hegazti batzuk…), eta horrek laguntzen du basoetan nitxoak irekitzen eta ugaritzen.
Biltzarrean, 115 espezialistek hartu zuten parte, eta hiru saiotan egituratu zen
Biltzarrean, 115 espezialistek hartu zuten parte, eta hiru saiotan egituratu zen: “basoko habitatak kudeatzea eta okilak zaintzea”, “portaeraren ekologia” eta “ekologia, genetika eta demografia”. Hainbat hizlarik hartu zuten parte: Martjan Lammertink-ek hegazti-mota horren zaintzari buruzko ezagupenak eta joerak aztertu zituen; Walter Koenig-ek Ameriketako haritz-okilaren portaera sozialaz hitz egin zuen; eta Hans Winkler-ek okilen filogenia eta bilakaera konparatuari buruz hitz egin zuen. Hizlariek jorratutako beste alderdi batzuk, besteak beste, hauek izan ziren: ekosistemetan izaera adierazlea eta giltza-espezie gisa, basoak ustiatzeko hainbat intentsitate tolerantziaren aurrean, berreskuratzeko programak gauzatzea, basoak zatikatzearen ondorioak, eta populazioak bereizteari eta horien egitura genetikoari buruzko ingurumen-historiaren ondorioak.
Ekitaldiak azken ikerketak aurkezteko ere balio izan zuen, zehazki, Izki basoko (Araba) okil ertainen (Dendrocopos medius) populazioaren habitata ezaugarritzeari eta hautemateari buruz. Okil arraro horren presentzia eta dentsitatea Quercus generoko arbola handiak egotearekin lotuta daude (36 cm baino diametro normalizatu handiagoak); izan ere, azalaren gainaldea baliabide trofikoak eskura izatearekin lotzen da, ziur aski.
Zenbakitan adierazita, Izkiko gunea izango litzateke Iberiar Penintsulako populazio garrantzitsuenetako bat, espezie hau Euskal Herriko eta Kantauriko zenbait menditara murrizten dela aintzat hartuta.
Lan horiek LIFE+ Pro-Izki programaren barruan gauzatu dira (www.izkilife.com). Arabako Foru Aldundiak eta Hazi Fundazioak koordinatutako proiektu honek habitata lehengoratu eta hobetu nahi du Izkiko Quercus pyrenaica espezieko harizti zabalari lotutako fauna eta florako hainbat espezierentzat; harizti hori da, hain zuzen ere, Arabako parke natural honen natura-aktibo nagusia, Natura 2000 sare barruan HBEB eta BIL aitortua izan dena. LIFE programarem barruan hainbat ekintza ari dira garatzen hariztiaren egitura eta bizi-gaitasuna hobetzera zuzenduta, baita baso-igel jauzkariaren, Bechsteingo saguzarraren eta Rhynchospora fusca ziperazeoaren populazioak sustatzera ere, okil ertainarenaz gainera.