2007ko abuztuan AZTIko teknikariek markatu eta Zarauzko (Gipuzkoa) kostaldean askatutako atungorri edo hegalabur bat Mediterraneo itsasoan harrapatu dute
, Maltako kostaldean, Ozeano Atlantikoa bi aldiz gurutzatu ondoren, negua Ipar Amerikako kostaldean eta uda Europakoan igarotzeko. Atungorria Mediterraneo itsasora joan zen gero, eta han aurkitu zuten 8 urte zituela, ugaltze-adinera iritsi ondoren. Gertaera horrek berresten du atungorrien bi stock daudela Atlantikoan, bata Mediterraneo itsasoan ugaltzen da eta bestea Mexikoko Golkoan, baina bi taldeak Atlantikoko uretan nahasten dira, han elikatzen baitira. Askatasunean bizi izan den zazpi urte eta erdian, hegalaburrak gorputzean zeraman marka elektronikoak informazioa bildu du, lau urte baino gehiagoz; hain zuzen ere, denbora-tarte hori inoiz erregistratutako luzeena da, ale gazteen ikerketan.
Bitarte horretan lortutako datuei esker atungorrien migrazioari buruzko xehetasunak ezagutu ahalko ditugu.
Itsasoan aske utzi zutenean, urte bat eta hile gutxi, bost kilo pasatxo eta 65 zentimetroko luzera zituen. Zazpi urte eta erdiren buruan ale hura harrapatu zutenean, aldiz, 2 metroko luzera zuen, eta 160 kilo. Beste modu batean esanda, ugaltzeko gai zen adin nagusiko ale bilakatu zen. Atungorria ADJ Tuna itsas abeltegian aurkitu zuten, Maltan. Inguraketa-arrantzaren teknika baliatuta harrapatu zuten, lehenbizi, Mediterraneoko herrialdearen hegoaldeko kostaldean, eta itsas abeltegira eraman zuten, loditzera.
Itsas abeltegian berriro harrapatu zutenean, Atlantikoko Atuna Kontserbatzeko Nazioarteko Batzordeko (ICCAT) behatzaile bat zegoen han, eta harrapaketako zein marka elektronikoko datuak zehaztasunez jaso nahi izan zituen. Marka elektronikoa barrukoa zen; hau da, sabelean jartzen denetakoa. Hainbat aldagai neurtzen dituen sentsoreak zituen, hala nola, uraren tenperatura, argiaren intentsitatea eta sakonera. Arrantzaleen parte-hartzea, edo, kasu honetan, ICCATeko behatzailearena, erabakigarria izaten da, marka horietan bildutako informazioa berreskuratzeko dagokien ikerketa-zentrora bidali behar baitira. Hori dela eta, marka elektronikoek (kanpokoak zein barrukoak) ordainsaria ekartzen dute, horiek itzultzeko pizgarri gisara, kanpaina horien ahalegina alferrekoa izan ez dadin.
Atungorri gazte bati egin zaion marka-aldirik luzeena
Lehen aldiz aurkitu da askatasunean zazpi urte baino gehiago egon eta sabelean marka kontserbatzen zuen atungorri-ale gazte bat, Atlantikoan edo ondoko itsasoetan utzi zutena. Adin-nagusitasunera iritsi aurretik jarritako markak berreskuratzeko probabilitatea oso baxua da eta horrek agerian uzten du aurkitutako AZTI elkartearen markak duen garrantzia, 1.593 egunez informazioa bildu baitu (4,3 urte). Iraupen horrek mugarria ezarri du adin-nagusitasunera iritsi ez diren atungorriei buruzko ikerketetan. Erregistro zientifikoen arabera, aurreko iraupenik luzeena askatasunean 5 urte egon ondoren harrapatu zuten ale gazte batekin gertatu zen, hiru urte baino gehixeagoz informazioa bildu zuen markarekin.
Jatorrira itzultzea
Markatik ateratako informaziorekin hegalaburraren gutxi gorabeherako kokapena zein izan den jakin daiteke. AZTIko ikerlariek egindako lehenengo kalkuluen arabera, atungorri-aleak bi urte bete arte, neguan Ipar Atlantikoaren erdialdera joaten zela, eta udan Bizkaiko golkora itzuli. Hiru eta lau urterekin, hegalaburrak ozeano Atlantikoa zeharkatu zuen, negua Ipar Amerikako kostaldean igarotzeko; gero Europako kostaldera itzultzen zen, baina Mediterraneoan sartu gabe.
Gazte-aroa, ezezagunena
Atungorri gazteei buruzko ikerketek garrantzi berezia dute, espezie horri buruzko arorik ezezagunena baita, eta, hain justu, populazioari eusten dioten banako berriak ematen dituena. Bizkaiko golkoa hegalabur gazteen migrazio-eremua da. Urte bateko aleak Mediterraneotik datoz, eta elikatzera etorri ohi dira. Golko hori ezin hobea da adin-nagusitasunera iritsi ez diren atungorriak ikertzeko eta gazteen ugaritasun-indizea kalkulatzeko balio izan du; datu horri esker, berriz, ekialdeko atungorrien stocka ebaluatu eta kudeatu ahal izan da.
Hegalaburra oso espezie ospetsua da, eta deigarria da izatera iris daitekeen neurriagatik –3 metro baino gehiagoko luzera–; gainera, historiaurrean ere arrantzatzen zelako frogak daude eta, gaur egun, oso arrain preziatua izaten jarraitzen du. Hori dela eta, behar bezala kudeatzea ezinbestekoa da. Horretarako, eta espezie honen migrazio-gaitasun handia –adinarekin aldatzen dena– aintzat hartuta , zientzialariek marken metodora jotzen dute, besteak beste, Ipar Atlantikoko bi stocken ebaluazioa egiteko laguntza gisara.
Maltan aurkitutako aleari AZTIko zientzialariek jarri zioten marka, Horizonte Abierto izeneko beita biziko itsasontzian, Europar Batasunak eta euskal zein espainiar gobernuek sustatutako proiektu baten barruan, populazioari buruzko datuak biltzeko programa bat gauzatzen ari zirela. Proiektu hura Santanderren egoitza duen Espainiako Ozeanografia Institutuko ikerlariekin lankidetzan egikaritu zen. (https://www.youtube.com/watch?v=Cy-7PoeAM1k )
Kudeaketa iraunkor batera bidean
Populazio- eta migrazio-egitura zehatza definitzea garrantzitsua da ebaluazioaren gaineko ziurgabetasuna ahal bezain beste murrizteko eta, horrekin, baita kudeaketaren gainekoa ere. Hori dela eta, eta kanpaina zuzenak egiteko ezintasuna dela medio, ikerlariek arrantzako informazioa era askotako ikerlanekin osatu behar dute; besteak beste, eta atungorriaren populazio-egitura zein den jakiteko helburuarekin, zehazki, mikrokimika, genetika eta markatzeko teknikak baliatzen dituzte ikerlanetan. Puzzle handi horren barruan, markatzea eta ale hori berriro harrapatzea oso gertakari baliotsua da hain garrantzi handiko espezie horri buruzko ezagutza zientifikoa hobetzeko.