Birigarroa edo biligarroa turdidoen familiako hegazti-espeziea da.
Oso lumaje kriptikoa du, oro har arrea eta okrea; bizkarraldeak arre-kolore uniformea du, eta bularraldea eta saihetsak hondo zurixkaren gaineko orban beltz eta nabar ilun sarriz zipriztinduta. Bekain-marra ez du oso markatua, eta horretxek bereizten du bestela erraz nahastekoa den beraren ahaide birigarro txikiarengandik.
Birigarroak 23 cm-ko luzera izan ohi du, itxura liraina eta hanka ongi garatuak, krema-hori kolore argikoak. Garraztarroarengandik bereizteko, tamainari erreparatu behar zaio (garraztarroa handiagoa da), bai eta galtzarbeko koloreari, garraztarroak oso argia baitu, eta birigarro arruntak, aldiz, okre kolorekoa. Arrak eta emeak oso kolore berdintsuak dituzte.
Habitata
Ohikoa da ingurune humanizatuetan, hala nola lorategi, parke, heskai eta zuhaizti txikietan. EAEn, baso eta ingurune antropiko guztietan bizi da. Alde subkantauriarrean, nahiago ditu pagadiak eta hariztiak, nahiz eta erkameztietan, ameztietan, artadietan eta pinudietan ere ikus daitekeen, toki laiotzenetan. Alde mediterraneoetan, Ebroko ur-bazterreko ibarbasoetan bizi da.
Elikadura
Birigarro arrunta erraz ikusten da lurra miatzen aztarrika, belar eta orbelaren arteko edozein xomorrori adi. Fruitu eta haziak ere jaten ditu, baina nagusiki zizarez eta barraskiloz elikatzen da. Ez da zaila, mendian, birigarroek barraskilo-oskolak apurtzeko erabilitako harri-pilak aurkitzea, haren presentziaren seinale.
Ugalgeta
Espezie honen ugalketa-sasoia goiz samar hasten da, urtarril bukaeran dagoeneko arren lehendabiziko eztei-kantuak entzuten baitira. Oso habia landua egiten du, belarrez eta goroldioz; kopa tankerakoa da eta buztinez eta listuz oretutako pasta batez egindako luzitu batek eusten dio. Zuhaitz eta sasi artean gordea, altuera ertainean, lehenengo errunaldia martxoan izaten da: 3-5 arrautza urdinxka, orban ilunez apainduak. Hamabost eguneko txitaldiaren ondoren, oskola hautsi eta beste bi aste igarotzen dituzte txitek habian. Bigarren txitaldi bat ere normala izaten da, bai eta hirugarrena ere batzuetan.
Banaketa
Hegazti paseriforme hau orokorra da Euskal Autonomia Erkidegoan. Kantauri isurialdean arrunta da, eta edozein baso-formaziotan umatzen da: pagadietan, haltzadietan, landazabalean eta abarretan. Alde subkantauriarrean bakanagoa da, baina hor ere espezie arrunta da. Alde mediterraneoan, aldiz, urriagoa da. Iberiar penintsulan klima hezearekin loturiko eskualdeetan bizi da: Portugal iparraldean, Galizian, Asturiasen, Sistema Iberikoaren iparraldean eta Pirinioetan.
Egoera eta kontserbazioa
Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoak mehatxurik gabeko espezietzat jotzen du. Ingurunearen humanizazioa ongi onartzen duen hegazti arrunta da. Ohitura migratzaileak dituen arren, gure lurraldean sedentarioa da. Populazio handi samarrak ditu, eta udazkenean eta neguan askoz ere ale gehiago ikus daitezke, Europa iparraldetik etorriak. Ehizak kalte eta presio handia egiten dio.
Argazki-oina: Birigarro arruntaren errunaldia.
Irudiak eta argazkia: Conrado Tejado Lanseros.
Testua: Mª Elena Potes Gordo.
ARABAKO NATUR INSTITUTUA