Aurreko atalean, elurrak Aramaioko pinudietan 2013ko otsailean eragindako kalteak aipatu ziren. Nahiz eta EAEko basoetan azken urteotan geratutako kalteak txikiak izan diren
, gertuko eskualdeetan jazotako kalteen larritasunak eta albo-kalteek erne jarrarazi behar gaituzte baso-arrisku sorren inguruan.
Proiektuaren planteamendua
FORRISK proiektua, “Arriskua baso-kudeaketan eta -jardunean sartzea garatzeko sarea”, Interreg Sudoe programaren 2012ko deialdian onetsi zen SOE3/P2/F523 kodearekin, “Baso-kudeaketa” gaiaren barruan. Ia 2 urteko iraupena aurreikusten da (27 hilabete), eta 2014ko abenduaren 31n amaituko da.
Hona hemen bazkide gisa ekimenarekin bat egin duten institutu eta enpresa publikoak:
1. EFIATLANTIC / Europako Baso Institutuaren Atlantikoko Eskualde Bulegoa (talde-burua)
2. ISA / Agronomiako Goi Institutua (Portugal)
3. CETEMAS (Asturias)
4. NEIKER (Euskal Autonomia Erkidegoa)
5. HAZI (Euskal Autonomia Erkidegoa)
6. INRA / Institut National de Recherche Agronomique (Frantzia)
7. CRPF / Centre Régional de la Propriété Forestière – Aquitania (Frantzia)
8. IDF / Institut pour le Développement Forestier (Frantzia)
9. FCBA (Frantzia)
10. TRAGSA (Espainia)
Proiektu honetan, identifikatutako hainbat agente biotiko eta abiotikoak aztertu nahi izan dira, besteren artean, suteak, ekaitzak, ehiza, higadura, lehorteak edo izotzaldiak, zuhaitz-espezie ugariei eragiten diete eta. Beste agente espezifikoago batzuk ere aztertu nahi izan dira; adibidez, Heterobasidionek eragindako sustrai-usteldura, Armillariak eragindako ustela, prozesionaria, pinuko Fusariuma edo eukaliptoko gurgurioa.
Hasteko, esparru naturala eta instituzionala aztertu da parte hartzen duten eskualdeetan, arriskuei aurrea hartzeko, jarraipena egiteko eta kudeatzeko. Horretarako, azterketa konparatua egingo da, bai eta hobetu nahiz koordinatzeko proposamenak ere. Horren ostean, aztertu egin dira kalteak eragiten dituzten agenteen aurkako borroka-mailen artean eskura dauden mekanismoak: ekologikoa, genetikoa eta baso-mailakoa. Eta asmoa da proiektuari amaiera ematea arrisku horiek modelizatzeko tresna berriak planteatuz, erabakiak hartzen laguntze aldera.
Proiektu honetan, identifikatutako hainbat agente biotiko eta abiotikoak aztertu nahi izan dira
Proiektu honen xedea da parte hartzen duen eskualde bakoitzean identifikatzea arriskuak kudeatzeko hartu diren neurri zehatzak, aldi berean identifikatu eta aurreikus daitezkeenak. Halaber, berrikuntzak proposatu nahi dira mehatxuen kudeaketa hobetzeko. Lortutako emaitzekin, espero da arriskuen kudeaketa baso-sektorearen maila guztietan hartu beharreko erabakien zati izatea. Orobat, espero da EFIk (European Forest Institute) arriskuei buruzko plataforma europarra abiarazi ahal izatea, horien inguruko gomendioak eta informazioa emateko.
“Basoko mehatxuak eta arriskuak kudeatzea” xedearen pean, honako hau lortu nahi da, zenbait ekintza-motaren bitartez:
• Hainbat azterlan bateratu egitea, arriskuak kudeatzeko dauden sistemen inbentarioak ardazturikoak;
• Proiektuk eskualdeei eragiten dieten arrisku nagusiak aztertzea, eta arriskuei aurre egiteko bitartekoak optimizatzea.
Bazkide jakin batzuek osatzen duten proiektuko misio bakoitza, eta horien barruan, agenteak interesgarri suerta daitezke proiektuan parte hartzen duten eskualdeetarako; hori eginez, beraz, ekintza transnazional bat justifikatzen dute.
Helburu horiek erdiesteko, FORRISK 6 zeregin-taldetan egituratu da; horietako 3 zeharkakoak dira (GT1, GT5 eta GT6), eta 3 espezifikoak (GT2, GT3 eta GT4):
– GT1: Proiektuaren koordinazioa.
– GT2: Tresna instituzionalak eskualdeetako arriskuei aurrea hartzeko, jarraipena egiteko eta kudeatzeko (aseguruak barne).
– GT3: Arriskuaren kudeaketa.
– GT4: Arriskua aztertzea eta erabakitzen laguntzeko tresnak.
– GT5: Jarraipena eta ebaluazioa (ikuskaritza).
– GT6: Komunikazioa eta sakabanatzea.
Gaur egunera arteko emaitzak
Hona hemen FORRISK proiektuaren barruan gaur egun arte lortu diren emaitzak:
• Eskualde bakoitzaren barruan, basoko arriskuen kudeaketa-sistemen indarguneen eta ahulguneen azterketa
• Gomendioak eta baso-kudeaketako arrisku ugariak ezagutzea hobetzen duten neurrien identifikazioa
• Gailu esperimentalen sarea, borrokatzeko moduak (ekologikoa, genetikoa edo baso-mailakoa) lursailetan hobetzeko, identifikatutako arriskuei dagokienez
• Aztertzeko tresnak eta erabakiak hartzen laguntzeko tresnak (mapak, eredu informatikoak) zaurgarritasuna eta arriskuak balioesteko
• Fitxa teknikoak proiektutik sortzen diren gomendioak zabaltzeko
Euskal Autonomia Erkidegoko baso-masetarako natura-arrisku nagusiak, azken urteotan, izurriteak eta gaixotasunak izan dira
Lan horiek guztiak laster argitaratuko dira, paperean edo proiektuaren web orrian (http://forrisk.efiatlantic.efi.int/), eta HAZIren emaitza espezifikoen kasuan bere web orrian bertan (http://www.hazi.es/es/proyectos-hazi/4123-proyectos3.html) plazaratuko dira.
Euskal Autonomia Erkidegoko baso-masetarako natura-arrisku nagusiak, azken urteotan, izurriteak eta gaixotasunak izan dira, haizeteak (isurialde kantauriarrean, batik bat), eta baso-suteak (kalte handienak, batez ere, eremu mediterraneoan gertatu dira, udan). Mendi jakin bateko zuhaitzen eta zuhaixken biomasaren bolumena neurtzea da mendiak suteak jasateko duen arriskua balioesteko eskakizun nagusia. Horretarako, zuhaitz-biomasa kalkulatzeko metodo tradizionalak erabil daitezke (oin-kopurua zenbatu eta ondoren kubikazioa egiteko ekuazioak erabiltzea), baina metodo hori geldoegia da eta kostu handiegia du. Hori dela eta, azken urteotan teknikak eta tresnak garatzen ari dira baso-biomasaren inbentarioak azkar, merke, zehatz eta automatizatu egiteko, laginketa-lastertasuna areagotzea eta datuen ustiapena hobetzea ahalbidetzen duten teknologia berriak oinarritzat hartuta.
Denbora mugatua da, eta arrisku gehiegi daude guztiak biltzeko. Horrenbestez, HAZIk proiektuaren esparruko ekintza hauen garapenean jarri du arreta:
– 3.2.2 Fusariuma eta beste natura-arrisku batzuk jasan ditzakeen radiata pinuzko lursailak prestatzea. Lan horretan Neikerrek lagundu du.
– 4.1.3 Haizearen aurreko EAEko zaurgarritasuna balioestea (arrisku-mapa)
– 4.1.4 Suaren aurreko EAEko zaurgarritasuna balioestea (arrisku-mapa)
Horretarako, teknologia berriak erabili nahi izan dira, esaterako, LiDAR hegaldi osoak EAEn (2008 eta 2012); hau da, Klaus (2009ko urtarrila) eta Xynthia (2010eko otsaila) bezalako haizete suntsitzaileen aurretik eta ondoren. Bestetik, punta-puntako lurreko 3D eskaner laser baten erabilera ere aztertu da. Bi tresna horiek erabiliz, datu-kopuru handia bil daiteke landan, zuhaiztiak hiru dimentsiotan ezaugarri daitezke, eta zuhaitzen zein zuhaixken biomasa-mailak geolokaliza daitezke, hala plano horizontalean nola garaiera ezberdinetan. Horrelaxe automatizatzen dira baso-inbentarioak, eta zuhaiztiak ezaugarri daitezke natura-arrisku posibleen aurrean, adibidez, suteen edo klima-agenteek eragindako zuhaitz-eraisteen aurrean.
2012ko LiDAR hegaldiaren bitartez lortutako lehen emaitza izan da EAEko baso-masak grafikoki ezaugarritzea; hala, www.hazi.es web orrian eskuragarri dagoen bisorearen bitartez, baso-parametroen kuantifikazioa kontsulta daiteke hektarea zuhaiztu jakin batean: zuhaiztiaren batez besteko diametroa edo garaiera, zur-bolumen osoa edo zuhaitz lodienak, garaiera/diametroa erlazioa, oihanpearen garaiera…
Azkenik, tresna batzuk EAEko baso-espezie nagusietara egokitzen ari dira. Horietako bat ForestGALES softwarea da, Erresuma Batuko Forestry Commissionek garatutakoa.
Neikerrek urrian eta HAZIk azaroan antolatutako jardunaldi dibulgatzaileak modu ona izan dira proiektuak eginiko aurrerapenak euskal baso-jabeen eta -kudeatzaileen artean hedatzeko. Aintzat hartu behar da baso-arriskuak ezingo direla inoiz desagerrarazi, baina horietara egokitzen saiatu behar dugu, eta baso-kudeaketan bertan kontuan hartu. Helburua da “arerioak” hobeto ezagutzea horiei aurre egin aurretik.
Alejandro Cantero Amiano
Mendi-ingeniaria
HAZI Fundazioa