2.200 pertsona baino gehiagok parte hartu dute Europako Nekazaritza Politika (ENP) berriari buruz
Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiekin lankidetzan, urria eta azaroa bitartean antolatutako jendarteko hitzaldietan.
Arabako lurraldean 8 hitzaldi antolatu dira, Bizkaian 4 eta Gipuzkoan 5. Guztietan nekazari eta abeltzain ugari izan direla nabarmendu behar da, Araban 1.200eko zifra gaindituta, Bizkaian 400 inguru eta Gipuzkoan 600 baino gehiago.
Lehen txanda honetako azken hitzaldia Fraisoron egin zen (Gipuzkoa), eta bertan izan zen Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikarako sailburuorde Bittor Oroz, eta, azpimarratu zuenez, euskal exekutiboak Euskadiko nekazaritza sektoreko pertsonen interesak defenditu ditu Madrilen, NPBaren esparruan izandako negoziazioetan. Orozen hitzetan, “Eusko Jaurlaritzak eskumenen esparrurako errespeturik handiena eskatu zuen negoziazioetan, hau da, Euskadik dituen eskumen legislatibo, betearazle eta kudeaketakoak errespetatuko dituen NPBaren erreforma aplikatzeko eredu bat ezartzeko eskatu zuen, baina estatuak ez zuen gaia onartu”.
Gaur egun, Euskadin 10.500 pertsona inguruk jasotzen dituzte NPB laguntzak
Deialdien helburua izan da euskal nekazaritzaren sektoreari NPBaren Erreformaren alderdi nagusiak helaraztea, lehen Zutabeari dagokionez (zuzeneko laguntzak). Besteak beste, baserritarrek nekazaritzako laguntzak jaso ahal izateko bete behar dituzten eskakizun berriak jakinarazi zaizkie, behar beste aurrerapenaz, nekazaritzako sektorea aldaketa horietara egokitu ahal zian dadin.
NPBaren alderdi nagusiak
2015etik aurrera, zuzeneko laguntzak jaso ahal izateko baldintzetako bat nekazaria jardunean egotea da (zergen aldetik salmenta maila bat dagoela aitortu beharko da), eta, gainera, laguntzak jasotzeko aukera duten sailetan, gutxieneko mantentze lana egin behar da. Horrez gain, gaur egun bereziki arazoak nozitzen ari diren hainbat labore eta abeltzaintzako sektoretan laguntza gehigarriak planteatu dira. Laguntzak horiek jasoko dituzten laboreak dira erremolatxa, animalientzako labore proteikoak, kalitateko lekaleak, etab., eta abeltzaintzan, berriz, esnetarako behi azienda, haragitarako behi azienda, behi ume hazleak, ardiak eta ahuntzak.
Nekazari txikiei zuzendutako laguntza bide berri bat dagoela azpimarratu daiteke (urtean 1.250 €-ko laguntza maila gainditzen ez duten onuradunak), horientzat bestelako eskakizun batzuk egongo direlarik, batez ere ikuspegi administratibotik. Ordainketa berde gehigarri bat ere agertu da, ingurumenari lotutako hainbat praktika betetzearen menpe, eta gainera, lehendabiziko aldiz, jardueran hasten diren gazteek laguntza gehigarria jaso ahal izango dute NPBaren Lehen Zutabearen esparruan.