Iraultza digitala, energia berriztagarrien ustiapena, berotegi-efektuko gasen murrizketa eta jasangarritasun-kontzeptuaren gisakoak hiri-inguruneekin eta industria ugariko guneekin lotzen dira sarri
; dena dela, isla bera eduki dezakete nekazaritza-inguruneetan eta ingurune tradizionaletan ere.
Europako AGRIPIR egitasmoa, Pirinioetako eskualde mugakideak biltzen dituen ekimen bat, duela ia hiru urte hasi zen esparru horretan lanean. Arkauten (Gasteiz), orain arte lortutako emaitzak erakutsi zituen, bai eta landa-eremuan teknologia-iraultza errealitate bihurtzeko etorkizunekoildoak ere.
AGRIPIR 2012ko urtarrilean abiarazi zen mendi-nekazaritzaren premiak identifikatu eta teknologia berriak ezartzeko
AGRIPIR 2012ko urtarrilean abiarazi zen mendi-nekazaritzaren premiak identifikatu eta teknologia berriak ezartzeko eta, mendikate horretan mendi-nekazaritza balioberritzeko eta mantentzeko asmoz, herrialde mugakideetako eragileen sare bat eratzeko. Abenduaren 31n bukatuko den egitasmo honek esperientziak aurkezteko eta trukatzeko jardunaldi bat eta gaiari buruzko tailer-saio bat antolatu zituen NEIKER-Tecnaliaren Nekazaritza Elikagaien Kanpusean (Arkauten), xede zuela egindako lana jendarteratzea eta nekazaritza berritzeko eta garatzeko ildo berriak proposatzea.
Artzain birtuala: e-Pasto
AGRIPIRek martxan jarritako ekimenen artean, e-Pasto delakoa da bereziena eta berritzaileena; hain zuzen, artaldeak urrutitik, ordenagailu pantaila baten bidez edo gailu mugikor baten bidez kontrolatzean datza. E-Pastoren lehen fasea 2013ko udaberrian hasi zen Ariège-ko Departamentuan, Frantziako Midi-Pyrénées eskualdean. Joan den ekainean, bigarren fasea abiarazi zen Beizaman (Gipuzkoa). Bi esperimentazio-guneetan azken belaunaldiko geokokapen-gailuak eraman zituen ehun abere inguruk.
AGRIPIRek martxan jarritako ekimenen artean, e-Pasto delakoa da bereziena eta berritzaileena
Gailu berrien geokokapen-probez gain (60 gailu Prat d’Albisen eta beste 30 Beizaman), e-Pastoren bigarren fasean animaliekin elkarrekintzan aritzeko irtenbide desberdinak ere probatu ziren, besteak beste, seinaleak erabiltzea eta animalien erantzunari erreparatzea. Abereekin saiakuntzak NEIKER-Tecnalia, Nekazaritza Ikerketarako eta Garapenerako Euskal Institutuaren egoitzan egin ziren. Parte hartu zuten, halaber, INRA Basa Faunaren Portaera eta Ekologiaren Laborategiak, egoitza Akitaniako Tolosan duenak, eta ESTIA Industria-teknologia Aurreratuen Goi Eskolak, egoitza Bidarteko Merkataritza eta Industria Ganberan duenak.
Lepoko igorle-hartzaileei esker, urrunetik eta denbora errealean jakin daiteke abere bakoitzaren unean-uneko kokapena. Sistemak sentsore batzuk ditu une horretan aberea bazkatzen edo lekuz aldatzen ari ote den antzemateko; hartara ohiz kanpoko portaerak antzeman ditzake abeltzainak. Garatutako gailua txikia eta arina denez, ohiko lepokoetan txertatu daiteke; aldi berean, kolpeak, urratuak eta hozkadak jasateko adina sendoa da.
Jardunaldi teknikoak
Arkauteko Nekazaritza Elikagaien Kanpusean (Zalditegietan) egindako jardunaldi teknikoak NEIKER-Tecnaliak antolatu zituen eta lau saiotan banatu ziren: bi saio paralelo goizean eta beste bi arratsaldean. AGRIPIR ekimeneko e-Pasto proiektu pilotua aurkeztearekin batera, mendi-nekazaritzaren sektorean aplikatzeko ekimen berritzaile batzuetan sakontzeko aukera ere egon zen. Aztergai hauek proposatu ziren:
• Ekoizleari bizitza errazteko produktu eta teknologiak, haien garapen eta aplikazio berriak. NEIKER-Tecnaliako eta Vicomtech-IK4ko ikertzaileek horretara bideratutako aplikazioak aurkeztu zituzten: esaterako, Neiker-Tecnaliaren abisu-estazioa (http://www.avisosneiker.com/), mahats-hostoaren gaixotasun posibleak garaiz antzemateko egitasmo bat, eta, ikus-teknologiak ikertzeko Vicomtech-IK4 zentroan, objektuak antzemateko eta segmentatzeko garatzen ari diren ikusmen artifizialaren eremuko beste zenbait garapen ere.
• Abeltzainak mendian energia-independentzia izan dezan, energia berriztagarria sortzeko teknologia desberdinak uztartzea. Zehatz-mehatz, instalazio mini-eolikoak erabiltzearekin eta sarera konektatu gabeko gune urrunetan energia-metagailuak jartzearekin erlazionatutako irtenbide teknikoak aurkeztu ziren.
• Mendiko produktuen balio-katea, produkzio, elikagai, sor-marka eta abarren kostuen azterketa eta diagnostikoarekin. Idiazabal sor-markaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) eta ekoizleen ordezkariek arlo horretan izandako bizipenak azaldu zituzten.
Europako beste zenbait proiekturen aurkezpena
Halaber, lehenengo sektorean gauzatzen ari diren hainbat proiektu europar aurkeztu ziren, proiektuon arduradunei esperientzien eta jardunbide egokien trukerako aukera emateko. AGRIPIRek tailerren eta e-Pastoren bitartez sortutako sarearen emaitzak azaldu zituen eta, ondoren, lehenengo sektorearen esparruan lan egiten duten lau proiektu europar azaldu ziren:
• Soilmontana, Gorbeia aldeko nekazaritza-ekosistemetako osasun-txartelak. Proiektua NEIKER-Tecnaliak abiarazi zuen LORRA, Nekazaritza eta Abeltzaintzako Zerbitzu Kooperatibaren lankidetzaz eta Eusko Jaurlaritzarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera. Helburua da zoruaren biodibertsitate-galera geldiaraztea, nekazaritza-abeltzaintzako jardueraren inpaktua aztertzeko aukera emango duen tresna baten bidez.
• Life Seed Capital, helburu duena koltza-hazia integralki erabiliz nekazaritza-jarduerari lotutako berotegi-efektuko gas-isurketak gutxiaraztea. NEIKER-Tecnaliak koordinatzen eta CEMITEC zentro teknologikoak parte-hartzen duen proiektu honekin lehen sektoreko gas-isurketak gutxiarazi nahi dira bi bide hauen bitartez: alde batetik, nekazaritzako makinerian koltzako bioerregaia erabiliz; bestaldetik, abereak elikatzeko landare horren beraren hondakinaz baliatuz, gas gutxiago sortzen dituenez hausnarkarien digestio-prozesuan.
• Life Agrolca Manager, nekazaritzako ekoizpen-sistemen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren inguruko egitasmoa. NEIKER-Tecnalia, HAZI nekazaritza-elikagaien arloko aholkularitza-enpresa eta ekodiseinuan espezializatutako IK Ingeniaritza dira tarteko bazkideak. Helburua da lehen sektoreko enpresen iraunkortasuna bultzatzea, baliabideen erabilerari eta hondakinen kudeaketari lotutako ingurumen-inpaktuak kudeatuz. Horretarako, Bizitza-Zikloaren Analisia (BZA) erabiltzen da; hain zuzen, produktuaren existentziako etapa guztietako inpaktuak, baliabide-erauzketatik hasi eta balio-bizitzaren amaierako tratamenduraino, ebaluatzeko tresna.
• Life Regen Farming, nagusiki, zoruaren osasunari eusteko birsorkuntza-praktikak lantzen dituena. NEIKER-Tecnaliak koordinatutako egitasmo honetan INTIA Nekazaritza Elikagaien Teknologien Nafarroako Institutuak eta Urduñako Bedarbide Abeltzain Elkarteak hartu dute parte, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren babesarekin. Funtsezko xedea birsorkuntza-praktiken bideragarritasuna eta halakoek zoruaren eta ingurumenaren kalitatearen gain dituzten efektu onuragarriak frogatzea da; izan ere, karbono-aztarna murrizten eta bazkalekuen oparotasuna hobetzen dute.