Joan den uztailean Errioxa Jatorri Izen Kalifikatuaren Kontseilu Arautzaileak eta Ardo Merkatuaren Espainiako Behatokiaren (OeMv) Patronatuak lankidetza-hitzarmen bat berretsi zuten,
zeinaren bitartez OeMv-aren gobernu-organo nagusian sartzen baita Errioxa. Hitzarmenaren bidez bi erakundeek duela urteetatik mantentzen dituzten harremanak areagotzen dira.
Errioxa jatorri-izena kalitateko Espainiako ardoen erreferentziazko izena da, dela nazio-mailan, dela nazioartekoan. Nabarmengarria da etxeko merkatuan duen nagusitasuna; merkatu-kuotaren % 40 inguru du eta ia % 80ra igotzen da portzentaje hori ostalaritzako, jatetxeetako eta catering-enpresetako ardo beltz onduari bagagozkio.
Horrenbestez, OeMv-ren patronatuan sartu da Errioxa. Gaur egun honako hauek osatzen dute: Ardoaren Espainiako Federazioak; Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren, Merkataritzako Estatu Idazkaritzaren eta ICEX-en gisako administrazio zentralen ordezkariek; autonomia-administrazioen ordezkariek, Gaztela-Mantxa, kasu; Valdepeñas eta Mantxaren gisako jatorri-izenek; GlobalCajak eta ardo-merkatuetan eta -merkaturatzean prestigio aitortuko sei adituk. Mahastizaintzako eta ardogintzako sektorearen, merkatuaren eta ardo-kontsumitzaileen errealitate ekonomikoa ezagutzeko egiten duen lanean, OeMv-ak lankidetza-hitzarmenak ditu, orobat, beste zenbait jatorri-izenekin, esaterako, Nafarroa, Cariñena eta Rías Baixas; beste autonomia-gobernuekin, Euskadi eta Gaztela eta Leon, kasu; eta ardoaren munduari lotutako hainbat enpresa eta erakunderekin, komunikabide, produktu-hornitzaile, finantza erakunde etab. barne. Orobat, ardo-merkatuaren behatokia Mahastiaren eta Ardoaren Nazioarteko Erakundearen (OIV) aholkularia da nazioarteko merkatuen azterketari dagokionez, organismo aldeaniztunen proiektuetan parte-hartzen du eta beste herrialdeetako enpresa eta erakundeei aholku ematen die ardo-merkatuekin erlazionatutako zernahiren inguruan. Hori guztia dela-eta, alorreko erreferentzia bihurtu da, nazio-mailan ez ezik, nazioartekoan ere.
Errioxa jatorri-izena Patronatuan sartzeak itun logiko bat gauzatzen du; hain zuzen, kalitateko ardo espainiarren estrategia eta eginahalak Behatokiaren esparruan bideratzeko eta behar bezalako ikuspuntuarekin interpretatu ahal izateko behatokiak kudeatzen duen informazio interesgarri eta ugaria eta merkatuaren bilakaera bera.