NEIKER-Tecnaliak IUFRO taldearen III. Nazioarteko Kongresua, enbriogenesi somatikoari eta landareen hedapenerako beste teknika batzuei buruzkoa, antolatu du
Korean Forest Research Institute (KFRI) erakundearekin batera.
Aurten, hauxe izango da kongresuaren izenburua: «Zurezko landareen ekoizpena, landareen hedapenerako eta hedapen genetikorako teknologiak integratuz». Kongresua Gasteizko Goiuri Jauregian egin zen joan den irailean. Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikarako sailburuorde Bittor Orozek eta Gasteizko alkate Javier Marotok emango zioten hasiera topaketari. Ekitaldia nazioarteko basogintza-sektorearen egutegi zientifiko eta teknikoko hitzordu garrantzitsuenetakoa da.
Sinposiumaren helburu nagusia zen enbriogenesi somatikoaren gisako landareen hedapenerako teknika modernoen garapena, optimizazioa eta industria-aplikazioa sustatzea. Prozesu horretan egitura bipolar bat (enbrioia) sortzen da zelula somatiko (ez sexual) batetik. Hala, zigotikoak ez diren enbrioiak lortzen dira (ez dira sexualki eratzen); halakoei enbrioi somatiko deritze.
Landareak hedatzeko beste sistema batzuen aldean, hainbat abantaila ditu enbriogenesi somatikoak. Ehun enbriogenikoa kriokontserbatu egin daiteke eta urte batzuk geroago erabili, landareek soroan duten portaera ebaluatu ondoren edo merkatuaren eskariaren arabera. Industria-eskalan ugaltzeko gai da eta denbora laburrean milaka landare lortzeko aukera ematen du. Metodologia hori mundu mailan erabiltzen ari da baso-espezieak genetikoki hobetzeko programetan, eta nabarmen lagundu du ekologikoki eta ekonomikoki interesgarriak diren espeziak ekoizteko sistemak optimizatzen.
Dena dela, abantaila ugari baditu ere, gaur egun zaila da interes handiko zenbait espezieri enbriogenesi somatikoa aplikatzea. Hain zuzen ere, zurezko espezie-mota horietan egiten dira ikerketa-ahalegin handienak. Zentzu horretan, Gasteizen egiten ari den kongresu horrek nazioartean garatzen ari diren teknika bioteknologiko nagusiak hedatzen lagunduko du.
Guztira, bost kontinenteetako 120 adituk hartu zuen parte. Horien artean, eta beren azken aurkikuntzak aurkezten, zurezko landare espezieen hedapenaren alorrean nazioarte-mailako prestigioa duten ikertzaileak egon ziren. Adituek azpimarratu zuten gobernuek zientzian inbertitu behar dutela laborategiko ikerkuntza eta enpresa-sektorea uztartzeko, basogintza-alorrean aurreratuen dabiltzan herrialdeetan egiten ari diren bezala (AEB, Kanada, Txile, Zeelanda Berria).
Kongresura etorritako zientzialarien artean, nabarmengarriak dira Yill-Sung Park (Canadian Forest Services), koniferoen enbriogenesi somatikoaren garapenaren eta barietate anitzeko basogintzan duen aplikazioaren inguruan lortu dituen azken aurrerapenak aurkeztuko dituena; Yousry A. El-Kassaby, Columbiako Unibertsitateko Baso baliabideen Kudeaketarako Departamentuko burua, hautapen genomikoari eta basogintza klonalari buruz arituko dena eta 2010ean Basogintzaren Ikerketarako Erakundeen Nazioarteko Batasunak lorpen zientifikoagatik emandako saria eskuratu zuena; Pramod Gupta, Weyerhaeuser enpresa estatubatuarreko kidea, halako tekniken bitartez urtean milioika basalandare ekoizten dituena; Ulrika Egersdotter, Swe Tree Biotechnologies enpresan proiektuak gidatzen diharduena, nagusiki koniferoak enbriogenesi somatikoaren bitartez ekoizteko sistemen automatizazioaren alorrean; etab.
Gorabidean zuraren ekoizpena eta kalitatea
Baso-bioteknologiaren gaur egungo aurrerapenek, bereziki enbriogenesi somatikoaren arlokoek, bide eman diote basoen produktibitatea eta zur-produktuen kalitatea handitzeko aukerari. Oso metodo produktiboa izateaz gain, enbriogenesi somatikoa oso tresna baliagarria da basogintzako bioteknologiaren esparruan. Basogintzan aurreratuta dauden herrialdeek, esaterako, Kanadak, AEBek, Zeelanda Berriak eta Txilek, teknika hori erabiltzen dute hobekuntza genetikoko programak optimizatzeko eta eliteko genotipoak, galzorian daudenak edo genotipo “arraroak” kontserbatzeko. Horregatik guztiagatik, landatutako basoen etekin ekonomikoan laguntzeaz gain, enbriogenesi somatikoa balio ekologiko handiko basoetan ere aplikatu daiteke halakoen jasangarritasuna laguntzeko.
NEIKER-Tecnalia 2004an hasi zen enbriogenesi somatikoko teknologiekin lan egiten eta ordutik hona hainbat proiektu egin ditu Euskal Autonomia Erkidegorako interesgarriak diren koniferoen hedapenerako metodoak garatzeko, bereziki pinuen hedapenerakoak. Zentzu horretan, Neiker diziplina horretako nazioarteko elitearen artean kokatu da bere azken aurkikuntzei esker, eta bere emaitzak ezagutza-arlo horretako aldizkaririk ospetsuenetan argitaratzea lortu du.
Teknologia-zentroaren helburua da basogintza-sektoreari baso-ekoizpenaren kantitatea eta kalitatea hobetzen laguntzea, bai ikuspuntu ekonomikotik bai iraunkortasunaren ikuspuntutik. Teknologia berritzailean inbertitzea NEIKER-Tecnaliaren eginkizunaren zati garrantzitsu bat da; izan ere, baliabide naturalak zaintzeko eta euskal basogintza-industriaren lehiakortasuna hobetzeko sistemak garatzeaz arduratzen da.