Joan den urrian San Sebastian Gastronomika – Euskadi Basque Country batzarraren edizio berria egin zen Donostiako Kursaal jauregian.
Europako mailan garrantzi handieneko gastronomia-ekitaldia izateaz gain, Gastronomikak Euskadiko elikagaiak nazioartean ezagutarazteko aukera ere ematen du. Eusko Jaurlaritzak gune bat koordinatu zuen eta han hainbat euskal enpresak izan zuen presentzia. Orobat, Euskadiko Kalitateko Elikagaiak merkaturatzera eta sustatzera bideratutako hainbat jarduera paralelo kudeatu zituen.
Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politika sailburuordea, Bittor Oroz, inaugurazio-ekitaldira bertaratu zen. Azpimarratu zuenez, «hiru egunez, munduko gastronomiaren alorreko erakustoki bihurtzen da Donostia eta funtsezkoa da ekitaldira Euskadiko nekazaritza- eta arrantza-sektoreko produktua ekartzea; izan ere, lehen mailako kalitate-estandarrak ditu».
Jarduera paraleloak: Euskadiko Kalitateko produktuen artea eta dastatzea
Asteartean, urriaren 7an, arratsaldeko 18:30ean, Mikel Garaizabal enologo eta sommelierrak eta bere artista-taldeak zuzendutako dastatzea egin zen. Euskadiko produktuen dastatze-ikuskizun berritzaile eta entretenigarria eskaini zuten. Euskadiko Kalitateko produktuak –txakolinak, Arabako Errioxako ardoak, sagardoa, olioak, jakiak– dastatu ziren, askotariko arte-diziplinekin elkarturik; hala nola, zuzeneko antzezpena, musika, pintura edo poesia.
Enologo eta sommelierrak elikagai bakoitzaren bertuteak deskribatu ahala, bertaratutakoak dastatuz joan ziren, artistek jaki horri buruz duten ikuspuntua zuzenean interpretatzen zuten bitartean. Abeslariak hainbat abesti abestu zituen, margolariak une horretan dastatzen ari zen produktuaren inguruko murala margotzen zuen, antzezleek euskal elikagaiekin zerikusia zuten istorioak antzeztu zituzten eta poetak bost zentzumenei —usaimen, dastamen, ukimen, ikusmen eta entzumenari—lotutako poemak interpretatu zituen.
Enpresa partaideak
1. BERARTE VIÑEDOS
2. CORPA
3. RIVO DE MORETA
5. MIGUEL ANGEL MURO UPATEGIA
6. SARRIEGUI PATATAK
7. HIRUZTA TXAKOLINDEGIA
8. OLAÑETA EUSKAL LIKORE-FABRIKA
9. HOBEA (OVO 12 S. COOP)
10. SAGARKIDE
11. IBARRAKO PIPARRA S.COOP
12. ADUR TXAKOLINA
13. COMPAÑON ARRIETA
13. INTRISA
15. PETRITEGI
16. KONTSERBAGILE ELKARTEA
17. ZUDUGARAI TXAKOLINDEGIA
18. GAILUR UPATEGIAK
19. LUMAGORRI
20. AXPE SAGARDOTEGIA
21. TEALAND
22. ZARAKIBU – ECOCHIPS
23. ARROLAN OLIOA
24. VARAL UPATEGIAK ETA MAHASTIAK
25. SEÑORIO DE ASTOBIZA UPATEGIA