Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak 13 milioi euroko kopurua bideratu du guztira Euskadiko landa- herrien bizi-kalitatea hobetzeko
eta landa- eta itsasertz-guneak modernizatzeko Erein, Leader eta Itsaspen programetara.
Horrela, aurrerapauso bat eman da Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren helburu nagusietako bat, alegia, Euskadiko landa- herrien bizi-kalitatea hobetzea eta landa- eta itsasertz-guneak modernizatzea, lortzeko bidean. Programa horien esparruan gauzatutako jarduerak NIREA AKORDIOA estrategiaren barruan sartzen dira; hain zuzen, lehen-sektorea indarberritzeko eta landa- eta itsasertz-guneak biziberritzekoan. Duela gutxi, Arantza Tapia sailburuak estrategiarekiko atxikimendua erakutsi zuen, berriz ere esanez «euskal gobernuak konpromisoa duela lehen-sektoreko pertsonekiko eta Euskadiko landa- eta itsasertz-guneetako biztanleekiko».
2014rako onartu diren hiru programetatik, Erein izenekoari esleitu zaio zenbateko handiena: 6,6 milioi euro, landa-eremuak sustatu eta garatzeko jarduera eta inbertsioak finantzatzera bideratuak.
Zehazki, jarduera hauek sustatzen dira Erein diru-laguntzen programaren babespean: landa-ekonomia eta -biztanleriarentzako oinarrizko zerbitzuak hobetu eta sortzekoak; eta haiek berritzeko eta garatzekoak; landa-ondarea zaintzeko eta hobetzekoak; enpresak (haien babes-azpiegiturak barne) sortzeko, handitzeko eta modernizatzekoak; enplegua sortzekoak eta etxebizitzak hobetzekoak.
Leader programari dagokionez, 4 milioi euro baino apur bat gehiagoko diru-hornidura du
Leader programari dagokionez, 4 milioi euro baino apur bat gehiagoko diru-hornidura du; horietatik, 2.762.500 EAEko Aurrekontu Orokorretatik esleitu dira eta 1.300.000 Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsetik (LGENF). Diru-laguntzon bitartez gizarte- eta ekonomia-arloko garapena mesedetu nahi da, hartara landa-biztanleak mantendu ahal izateko enplegu-aukerak sustatzeko eta, haien bizi-kalitatea hobetu ahal izateko, ekipamendu eta zerbitzuen hornidura hobetzeko.
Bestalde, Itsaspen programari 2.300.000 euroko diru-kopurua esleitu zitzaion Euskadiko Autonomia Erkidegoko (EAE) Aurrekontu Orokorretatik. Laguntza-programa horren helburua da Euskadiko Autonomia Erkidegoko itsasertz-guneen sustapena eta garapena indartzea, biztanleriaren oinarrizko zerbitzuak eta bizi-kalitatea hobetuz eta kostaldeko herriak indarberritzen, biziberritzen eta garatzen lagunduko duten ekonomia-jarduera berrien sorrera babestuz.