Akuikultura-arloko nazioarteko eragile aipagarrienak Donostian bildu ziren urrian, Europako Akuikultura Elkartearen (EAS) urteko konferentzia –Aquaculture Europe 2014– zela-eta
. Europa osoko 1.000 bat ordezkari elkartu ziren guztira bileran: enpresariak, zientzialariak, teknologia-hornitzaileak eta eragile publiko eta pribatuak. Gonbidatutako hizlarien artean, nabarmengarriak dira Michael T. Morrissey, Oregon State University-ko Food Innovation Center-eko zuzendaria eta Carlos Luna, Angulas Aguinaga-ko zuzendari nagusia. Topaketa EASek eta AZTIk, itsasoaren eta elikagaien ikerketan espezializatutako zentroak, antolatu zuten.
Itsas-industriaren sektoreko 100 bat enpresak eman zuen izena Aquaculture Europe 2014an parte-hartzeko. Guztira, 24 saio tematiko prestatu ziren: akuikultura modernoaren zientzia oinarrizkoari eta aplikatuari buruz, ekoizpen-teknologiei eta -teknikei buruz, jaki prestakuntzari buruz, eta akuikultura-produktuak eraldatu eta merkaturatzeari buruz. Era berean, Akuikulturaren Teknologia eta Berrikuntzarako Plataformaren (EATip) sektore-foruko kideek eta Itsas Haztegiei buruzko Aholku Batzordeko (Jacumar) arrantza-zuzendariek ere parte hartu zuten.
Kongresuaren edukien multzo handi batek Balio Erantsiaren sorrera izan zuen arreta-gune. Akuikultura garabide betean dago Europan eta gizarteari eta kontsumitzaileei balio erantsia dakarkie, hornitzen dituen elikagaiei esker eta ekonomia-jarduera enplegu-sortzailea den heinean. Ekitaldian agerian jarri zen produktuei nola erantsi balioa prestaketa-, eraldaketa-, eta ontziratze-prozesuen bitartez, bai eta ekoizpen-zikloan zehar ere, produktibitatea areagotzeko teknologia, prozesu eta sistema berrien bitartez.
Arrain-proteinaren eskari gorakorra
Topaketan prestigio aitortuko hizlariak izan ziren, Michael T. Morrissey, Oregon State University Food Innovation Center-eko zuzendaria, kasu, zeinak aztertu baitzuen Txina eta Indiaren gisako Asiako herrialdeetan erdi-mailako klaseen garapen apartaren ondorioz mundu-mailan kontsumitzen den arrain-proteinen kopuruan egondako gorakada. Iparramerikako aditu horren ustez, bada arrain-ekoizpen sistema berriak zabaltzeko abagunerik hurrengo hiru hamarkadetako elikagai proteinadunen eskaria asetzeko. Bestalde, Angulas Aguinagako zuzendari nagusi Carlos Lunak bere konpainiaren esperientzia azaldu zuen kontsumitzaile-mota berrien beharretara egokitutako eta prestaerraztasunak ezaugarritutako arrantza-produktuei dagokionez.
Kongresura bertaratu zirenek Mikel Gallo sukaldari donostiarraren erakustaldiaz gozatu ahal izan zuten, espezie urtar ezberdinetan oinarritutako platerak prestatu baitzituen. Helburua zen akuikultura produktuek gastronomiari balioa ekartzeko ematen duen aukera handia erakustea. Orobat, aditu parte-hartzaileetako bat izan zen Anil Markandya ere, BC3 Basque Centre for Climate Change zentroko zuzendari exekutiboa. Klima-aldaketaren espezialista horrek aztertu zuen zer-nolako eragina izan dezaketen Europako akuikulturan, besteak beste, itsasoko ur-tenperatura, energia-kontsumo, karbono-aztarna eta prezioen erregulazioaren gisako faktoreek.
Enpresa eta produktuen nazioarteko erakusketa
Aquaculture Europe 2014an akuikulturarekin eta akuikultura produktuekin zerikusia duten enpresen eta merkatu-produktuen nazioarteko erakusketa bat antolatu zen, non abangoardiako enpresek aukera izan baitzuten beren azken berritasunak eta zerbitzuak aurkezteko. Aurreko edizioetan bezalaxe, aurtengoan ere Europako Foro deiturikoa antolatu zen; hain zuzen, Europako Batzordeko kideak buru dituen jarduera bat, zeinean EBk akuikultura-arloan finantzatutako egitasmo zientifiko eta estrategia aipagarrienak aurkezten baitira.
EASen konferentziaren barruan ere, AE2014 Industria Foroa egin zen amuarrainaren, molusku kuskubikoaren eta itsasarrainen ekoizpen-sektore europarrei berezkoak zaizkion problematikei lotutako azken emaitza zientifikoak aurkezteko eta eztabaidatzeko. Azkenik, Europako Akuikultura Elkarteko ikasleen lantaldeak networking, ekintzailetza eta idei-trukerako tailerra antolatu zuen.